[Zine kritika] A Star is Born

[Zine kritika] A Star is Born –

Izan al duzu noizbait film baten barruan izateko gogoa? Niri bitan pasatu zait. 2008ko Oscar saria jaso zuen Once filmarekin (John Carney, 2007) eta berriki, gaur hizpide dugun A Star is Born bikainarekin. Agian biek berpiztu dutelako nire txikitako fantasia: Rock Star bat izatea. Eta baita musika-zinema konbinazio zoragarri horrek hunkitzeko eta istorioa kontatzeko duen gaitasunagatik ere.

Aurtengo Donostiako Zinemaldian musikazaleok opari ederrak jaso ditugu musika uztartzen duten film ederrekin. Nik ikusi ditudanak: Margolaria, Cold War eta Star is Born. Zinemalditik pasa ondoren Oier Aranzabalen-en dokumentala 2019ko martxoan estreinatuko da baina beste biak oraintxe ikusgai ditugu zinema aretoetan. Eta a ze film puskak hirurak.

[Zine kritika] A Star is BornA Star is Born aurkeztera bere zuzendaria Bradley Cooper etorri zen gurera. Cooper zuzendaria izateaz gain, filmaren ekoizlea, gidoilaria eta aktore protagonistetako bat ere bada, bere inplikazioa erabatekoa izan da eta hau nabari da filmaren plano bakoitzean.

[Zine kritika] A Star is Born1937an William Wellman-ek zuzendutakoa izan zen jatorrizkoa, eta horren ondoren 1954an (Judy Garland eta James Mason aktoreekin) eta 1976an (Barbara Streisand eta Kris Kristoffersonekin). Azken remake-a, Bradley Cooper bera eta Lady Gaga abeslari ezaguna ditu protagonisten azaletan.

Azken bertsio honetan Jackson Maine (Bradley Cooper) country-rock musikari ezagun bat da. Kontzertuen aurretik eta ondoren, aspaldiko traumak uxatzen saiatzen da droga eta alkohol kantitate industrialak kontsumitzen.

Kontzertu baten ondoren, edaten jarraitzeko grinarekin, drag dantzaleku batean sartzen da zoriz eta bertan ezagutzen du Ally (Lady Gaga), jatetxe batean zerbitzari bezala lan egiten duen abeslari wannabe bat. Noizean behin dantzalekuan abesteko aukera izaten du eta gau konkretu horretan, patua bitarteko, Jackson-ek Ally abesten entzuten du eta goitik behera maitemintzen da.

Jackson-ek Ally bere kontzertu batera eramaten du eta berak idatzitako abesti bat abesten dute elkarrekin. Publikoaren erreakzioa izugarria da, beraien arteko kimikaren parekoa. Amodiozko istorioaren hasiera da hori, eta horrekin batera Jackson-en gainbehera eta Ally-ren gorakada.

Publikoak film guztian zehar daukagu ezinegon bat, tragediaren kiratsa usaintzeko gai izango bagina bezala, eta hori Cooper-en zuzendaritzak eta bi protagonisten antzezpen bikainek lortzen dute, bien ahultasunak eta barneko traumak naturalki islatzen jakin dutelako.

Eta musikak ere paper ezinbestekoa du filmean noski, hasiera indartsu bat ematen digu Cooper-ek Jackson-en kontzertu batean Black Eyes abestiarekin eta istorioa aldatzen doan heinean musika ere aldatzen da, country, rock, pop eta hip-hopa ere entzuten ditugu narrazio elementu bikaina bihurtuz. 8 abesti berri sortu zituen Lady Gagak filmerako eta ez da musikan oso jantzia izan behar jakiteko Shallow bezalako abestiak bat-bateko klasikoak bihurtuko direla.

Cooper Eddie Vedder-en eta Neil Young-en inspiratu omen zen bere pertsonaia prestatzeko, ez dira erreferente makalak. Izan ere, gitarra eta pianoa film honetarako ikasi zituen eta astean 5 aldiz kantu klaseak jasotzen aritu zen urte betez, eta film honekin aktorea abeslari bihurtu da eta (Lady Gagaren kasuan) abeslaria aktore bihurtu.

Zuzendari lanetan lehenengo aldia izanda, film honetan naturaltasuna bilatzen omen zuen Cooper-ek eta hau lortu nahian, ez antzezten saiatu omen ziren. Eta naturaltasun hau asko eskertzen da, filmaren barnean sartzen zaituelako, gu, publikoa ere rock-star bihurtuz 136 minutuz.

IZARRAK: 4 1/2

TRAILERRA:

[Zine kritika] A Star is Born

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus