Laborismoa eta masa-alderdiaren itzulera

Laborismoa eta masa-alderdiaren itzulera –

Sozialdemokrazia krisian dago. Frantzian, Alemanian, Espainian… Europa osoan lehen indartsuak ziren alderdi sozialdemokratek hauteskunde porrot nabarmenak bizi izan dituzte krisia hasi zenetik.

Alabaina, badago alderdi bat dekadentzia orokor honetatik urrun geratzen dena; Alderdi Laborista. Izan ere, 2010ean bozen %28a lortzetik 2017an bozen %40a lortzera igaro da. Horrez gain, bere militantzia zeharo handitu du; 2007tik 2016ra 300.000 militante gehiago lortu ditu.

Arrazoiak asko dira, edozein fenomeno sozialarekin gertatzen den bezala, baina guk faktore garrantzitsuenean fokatuko gara: herriarekin laborismoak eratu dituen loturetan.

Laborismoa eta masa-alderdiaren itzuleraAlderdi Laborista 1900.urtean sortu zen sindikatuen ekimenez; beraz, haren lotura langile klasearekin oso zurruna izan zen lehenengo momentutik. Gaur egun, Laborismo eta “trade-union”-en arteko harremana oso sendoa da oraindik; izan ere, TUC (Erresuma Batuko sindikatuak batzen dituen antolakundea) eratzen duten ia 49 sindikatuak afiliatuak daude alderdira. Horrez gain, laboristen finantziazioaren erdia haiek eskaintzen diote eta exekutiboaren eserlekuen herena kontrolatzen dute.

Egoera horrek laboristen eta langile klasearen arteko hurbiltasuna sorrarazten du, sindikatuak alderdi eta langileen arteko “transmisio korreak” bilakatzen direlako.

Bestalde, nabarmentzekoa da Alderdi Laboristaren barruan bultzatutako talde baten agerpena: Momentum (Corbyn-en aldeko militanteak 2015ean sorturikoa). Sindikatuek duten antzeko papera jokatzen du honek, baina beste sektore sozial batzuei erreferentzia egiten die. Horrela, Momentumeko militanteek Alderdi Laboristaren ezker adarraren eta herri mugimenduen arteko bitartekari bezala jokatzen dute; hau da, laboristen oinarri soziala zabaldu eta herriarekin kontaktua areagotzen dute.

Horri esker, Alderdi Laboristak masa-alderdi izaera irabazten du; lotura finkoak eratzen ditu gizarte zibilarekin. Momentum-ek 36.000 militante ditu, eta “alderdi zahar” eta burokratizatuetara loturiko fundazioek aurrera eramandako ekintzetaz aldenduz (“think tank” bezala jokatzen dutenak), beste motatako jarduerak burutzen ditu: atez-ateko ekintzak eta praktika militanteak lehenesten dituzten konferentziak antolatzen ditu batez ere.

Herriarekiko gertutasun hori diskurtsoan islatzen da: Corbynen alderdiak diskurtsoa hainbat elementu tradizional zein berriekin eraiki du langile klasearen identitatea berreskuratuz, sindikalgintza eremuari lotuz eta aniztasunaren alde jokatuz.

Oro har, kolektibotasuna apurtzen ari den gizarte neoliberal baten aurrean, komunitatearekin kontaktu gehiago duen alderdi bat eraikitzeko prozesuan dabiltza Corbyn eta bere ingurukoek. Momentu honetan, kartel moduko alderdiak nagusitzen badira ere, ezker britainiarrak masa-alderdira itzultzea erabaki du. Kasu honetan, badirudi “zaharrak” berria baino hobeto funtzionatzen duela.

Laborismoa eta masa-alderdiaren itzulera

Adrián López, Markel Romano, Silvia Agrafojo