Zesar Borjia Nafarroako erresuman

Zesar Borjia Nafarroako erresuman –

Anitzetan entzun ditugu Borjiarren inguruko kontakizun eta era guztietako eskandaluak eta gehiegikeriak. Horietako asko egiazkoak, beste asko haien arerioek zabaldutakoak. Zesar Borjia izan da familia horren famatuenetako bat, Lukrezia arrebarekin batera. Eskrupulurik gabeko gerlaria izan zen, bere helburuak eta nahikeriak lortzeko, edozein gauza egiteko prest egon zena. Garrantzitsuena zen lortu nahi zuena, ez hori lortzeko egiten zuena. Borrokalari sutsua, Nafarroako erresumako armada burua ere izatera iritsi zena.

Zesar Borjia Nafarroako erresuman

 

1.- Biografia laburra

Cesare Borjia, Zesar Borjia deitzen duguna, 1475eko irailaren 13an sortu zen Erroman eta 1507ko martxoaren 11n, Nafarroako Vianan hil zuten. Alexandro XI. aita sainduaren eta Vannozza Cattanei noble erromatarraren seme naturala zen. Lau anai arrebak ziren Giovanni, Zesar, Godofredo, eta Lukrezia. Giovanni zen seme premua, hori dela eta, Aita Sainduaren Estatuetako armada buru izateko hezi zuten, eta Zesar, bigarrena izanki, afera erlijiosoetan sartu zuten ttiki-ttikitik, egun batean aitaren ondorengoa izan zedin. Hori dela eta, Perugia hirian teologia eta zuzenbidea ikasi zituen, eta 1491n, 17 urterekin, Iruñeko apezpiku izendatu zuten. Handik bizpahiru urtera Valentziako artzapezpiku eta kardinal izendatu zuten.

Baina Zesar Borjiak ez zuen bide erlijiosotik abiatu nahi, Aita Sainduaren armada buru izan nahi zuen, eta hori dela eta, liskar handiak izan zituen horretarako hautatua zuten Giovanni anaiarekin. 1497an, Giovanni anaia hilik agertu zen Tiber ibaiaren ertzetan eta askok Zesarri leporatu zioten anaiaren hilketa. Heriotza argitzeko ikerketa-talde bat eratu zuten, baina handik gutxira Alexandro VI.ak taldea desegin eta Zesar armada buru izendatu zuen. Hurrengo urtean, hau da, 1498an, Zesarrek uko egin zion kardenal karguari eta orduz geroztik, bete-betean, aritu zen afera militarretan. Hainbat urteren buruan, Nafarroako Joan Albret erregearen Karlota arrebarekin ezkondu zen.

Zesarrek estatu bat sortu nahi zuen Napoli aldean edo Italiako erdi aldean, Borjia familiarentzat, eta horretarako aitaren laguntza izan zuen beti. Arrakasta handiz borrokatu zen Milanen, Napolin, Urbinon, Perugian… eta pittaka-pittaka hainbat eskualde bereganatu zituen Borjia familiarentzat. Horretarako era guztietako bideak erabili zituen: indar militarra, engainua, traizioa, hitz jatea… eta abar. Hori dela eta, Nikolas Makiavelok, eredu gisa hartu zuen “Printzea”  liburua idazteko.

Alexandro VI

 

2.- Alexandro VI.aren heriotza

1503ko abuztuaren 5ean, Adriano da Cornetto kardinalak oturuntza bat antolatu zuen bere jauregi batean, eta bertara, beste hainbat handiki eta buruzagiren artean, Borjia aita-semeak ere gonbidatu zituen. Handik zenbait egunetara oturuntzan izandako batzuk gaixotu edota hil egin ziren. Horien artean aita saindu bera zendu zen. Zesar Borjia luzaz eri izan bazen ere, azkenean  indartu eta sendatu zen. Denetarik erran eta idatzi da gertaera honetaz. Zenbaiten ustez, Zesar Borjia izan zen mahai gaineko kopak pozoitu zituena, eta akats batez, berea ez zen kopatik edatean, bera ere pozoitu zen. Hipotesi hori oso zabalduta egon zen bere garaian. Gaurko historialariek, berriz, uste dute Erroma aldean jasaten ari ziren malaria izurria izan zela egiazko erruduna.

Zesar Borjia ohean gaixorik zegoen bitartean, berak konkistatutako lurraldeak matxinatu eta altxatu ziren, berriro lehengo eskuetara itzuliz. Alexandro VI.aren aurkari handia zen Julio II.a aita saindu berria izendatu zutelarik, Zesar Borjiaren izarra itzali zen betiko. Julio II-ak Borjia familiaren ondasun guztiak konfiskatu eta bereganatu zituen, eta Zesar presondegira zuen sartu. 1506ko urriaren gau ilun batez, eta zerbitzari batek ezarri zion sokari esker, ihesari ekin zion. Horretan ari zela eta, zaindariak konturatu ziren eta soka moztu zioten. Zesar Borjia hainbat metrotatik jausi zen arren, alde egin ahal izan zuen dorre azpian zain zuen zaldiaren gainean.

3.- Zesar Borjia Nafarroako erregearen zerbitzari

Aita saindu berriaren eta haren aliatuen hatzaparretatik ihes eginik, Santanderreko portuan itsasoratu zen hainbat merkatari euskaldunen laguntzaz. Itsasoa haserre samar zegoela eta, Castro Urdialesen lehorreratzeko beharrean izan ziren, eta hortik, alokatu zuen mando baten gainean, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatu zituen, eta Atallutik eta Azpirotzeko mendatetik  Nafarroako erresuma librera sartu zen. 1506ko abenduaren 3an Iruñera iritsi zen, eta koinatu zuen Joan Albret erregeak gortean hartu eta babestu zuen.

Garai hartan, eta 1452. urtetik, Nafarroako erresuma gerla zibilean zegoen, agaramontarren eta beaumondarren  arteko liskar luze eta krudeletan sarturik. Agaramontarrak Joan eta Katalina errege-erreginen aldekoak ziren eta beaumondarrak Luis Beaumont Leringo kondearen aldekoak. Joan Albretek Zesar Borjia Nafarroako armada buru edo kondestable izendatu zuen. Kargua hartu berria zela, Larraga hartzera abiatu zen baina ezin izan zuen hiria hartu. Hortik Viana hartzera abiatu zen. 1507ko martxoan hiria hartu zuen, baina gazteluak Leringo kondearen  eskuetan jarraitzen zuela ikusirik, hesitu egin zuen. 1507ko martxoaren 11ko gauean, ekaitz handi batek  jo zuen Viana aldea. Horregatik, Zesar Borjiak hiriko zaindariak kendu egin zituen. Hori izan zen beaumondarrek itxaroten zuten aukera. Hirurogei zaldizko, Zesar Borjiak ezarritako hesia burlatuz, harresietako atexka batetik sartu ziren gaztelura, beraiekin batera hilabete baterako elikagaiak eramanez. Goizaldean, 60 zaldizkoak Vianako gaztelutik atera eta Mendabia alderako bideari ekin zioten. Nafar armadako begiraleek haiek ikusi eta berehala gertatutakoaren berri eman zioten Zesar Borjiari.

Zesar Borjia Nafarroako erresuman
Vianako gaztelua

Zesar, albistearen berri ukaitean, biziki haserretu zen, eta zaldia eta armak harturik, zaldizkoen gibeletik abiatu zen. Atzetik bere guardiako soldaduak zihoazkiola uste zuen. Ustea erdi ustela! Sakana Gazia (Barranca Salada) izeneko tokira iristean, segada batean erori zen. Han zeuden bere zain hainbat gerlari. Bakar-bakarrik aritu zen borrokan haien aurka, lantza batez kolpatu zuten arte. Gartzeiz Agreda, Petri Allo eta hirugarren bat izan ziren hil zutenak. Hilik zegoelakoan, biluztu zuten, eta armak, armadura eta zaldia ebatsirik, alde egin zuten. Hor, lokatzen artean, odolustu zen Alexandro VI. aita sainduaren semea. Handik ordu erdi batera iritsi ziren guardiako soldaduak eta gorpua topatu zuten. Joanikot ezkutariak ezagutu zuen nor zen hilik, biluzik eta odolez blai zegoen gizagaixoa.  Hil zutenean, Zesar Borjiak 31 urte zituen.

Zesar Borjia Nafarroako erresuman
Sakana Gaziko segada. Zesar Borjia hil zuten tokia.

Leringo konteak, zaldun arauei jarraituz,  dolu egin zuen Zesar Borjiaren alde eta gorpua Vianara eramaten utzi zuen, Dona Maria elizan ehortz zezaten. Honela ezarri zioten, nik euskaraturik, azken-hitz gisa:

Hemen datza, lur eskasean, 

den-dena zuena,

bakea eta guda eskuan zituena.

Errazu, ekintza laidagarriak bilatzen dituzun hori!

Norbait laidagarri xerkatzen baduzu,

geldi zaitez zure bidean!

ez duzu gehiago bilatu behar!

Baina nork prestatu zuen segada? Zergatik guardiako soldaduak ez ziren Zesar Borjiaren atzetik abiatu? Zergatik utzi zuten bakarrik? Horiek dira orduz geroztik historialariek egiten dituzten galderak. Jose Catalan Deus-en ustetan, Nafarroako Albret errege berak antolatutako segada izan zen, Biarno eta Nafarroa Beherea mehatxatzen zituen Frantziako erregearekin bakea egin nahian. Felix Cariñanok dioenez, Zesar Borjia hil zuten hiru gizonak, ez ziren Leringo kondearen beaumondarrak, lehenago Zesarren  agindupean izandako gerlariak baizik.

Zesar Borjia Nafarroako erresuman

4.- Zesar Borjiaren hilobiaren gora-beherak

Vianako Dona Maria elizaren barruan ehortzi bazuten ere, XVI. mendearen erdi aldean, Kalagorriko apezpiku batek, eliza horretan halako pertsonaiaren gorpua ehortzirik egotea sakrilegioa zelakoan, elizaren aitzineko Karrika Nagusian lurperatzeko agindu zuen, haren bekatuen ordainez, herritarrek, gurdiek eta animaliek haren hilotza zapal zezaten. 1884an, Zesar Borjiaren hezurrak topatu eta toki berean utzi zituzten. 1945ean hezurrak aztertu zituzten eta 1953an elizaren aitzineko sarreran ehortzi zituzten. Gainean, marmol zuriko lauza bat ezarri zuten honako idazkiarekin: “Hemen datza Zesar Borjia, Nafarroako eta Aita Santuaren armadetako buru izan zena, eta 1507ko martxoaren 11n, Vianako lurretan hil zutena” (Euskarazko itzulpena nirea da).

Zesar Borjia Nafarroako erresuman  Zesar Borjia Nafarroako erresuman  Zesar Borjia Nafarroako erresuman  Zesar Borjia Nafarroako erresuman  Zesar Borjia Nafarroako erresuman
Zesar Borjia Nafarroako erresuman  Zesar Borjia Nafarroako erresuman  Zesar Borjia Nafarroako erresuman  Zesar Borjia Nafarroako erresuman  Zesar Borjia Nafarroako erresuman  Zesar Borjia Nafarroako erresuman

Euskaltzalea eta irakasle-ohia