Zergatik ez dugu katalana edo arabiera ikasten?
Espainiako Hezkuntza Ministerioari egin dio proposamena, eta serio doa Irene Rigau. Bere nahia katalana Estatuko ikastetxe guztietara zabaltzea da, Estatuko biztanleen %40k gaztelania ez den hizkuntza bat hitz egiten badu, beste hizkuntza horiek ere estudiatzea proposatzen du Hezkuntza Kontseilariak. Besteak beste, euskara irakastea.
Ikustekoa izango litzateke Estatuan zenbat haur matrikulatzen dituzten euskaraz! Baina Rigauren proposamenari esker, gutxienez, Nafarroa osoan euskaraz ikasi ahal izango lukete haurrek.
Gaiak ikastetxeetan ze hizkuntza irakasten diren eta irakatsi beharko liratekeen hausnartzeko beta ematen du. Zergatik ingelesa? Zertarako?
Gaztelaniazko foroetan ikaragarri zabaldu da albiste hau, eta asko eta askoren iritzia da, “zertarako estudiatu behar dut katalana?”. Hizkuntzaren “baliagarritasuna” neurtzeko garaian, zer baloratzen dugun zer pentsatua ematen du horrek. Zertarako ikasten dugu hizkuntza bat? Ondokoarekin komunikatzeko nahi dugu hizkuntza bat ikasi? Ze hizkuntza irakatsi beharko lirateke ikastetxeetan?
Komunikazioa, kohesioa eta elkar-ulertzea bultzatu nahi baditugu, zergatik ez gara hasten ikastetxeetan katalana edo galegoaz gain arabiera apur bat estudiatzen? Gure ikastetxeetan euskaldun, gaztelaniadun edo frantsesdunez gain, gaur egun arabiera da gehien entzuten den hizkuntza. Haurrak txikitatik bere adiskidearen hizkuntzako nozio batzuk ikastea ez ote litzateke interesgarriagoa ingelesa ikastea baino?
Oso interesgarria iruditzen zait katalanen artean zabaltzen ari den eleaniztasunari buruzko ikuspegia.
Hemen, eleaniztasuna nazioarteko hizkuntza nagusiak ezagutzearekin lotzen dugu gehienbat.
Beraiek, guk ez bezala, gertuko hizkuntza gutxituak hartzen dituzte kontuan.
Hona hemen adibide moduan, UABren web bat: http://79.144.189.136:8080/uab_plurilingue/
Ikuspegi espainol edo estatalista batetatik egindako planteamendua iruditzen zait, bai idatzian aurkeztutakoa, bai eta UAB-ena ere. Frantsesa eta Okzitanoa azaltzen ez badira, inguruko hizkuntzena edo inguruko hizkuntza gutxituena gezurra da, Espainiar estatuko beste hizkuntzak bakarrik planteatzen baitira.
Neri ondo iruditzen zait nik nahi ditudan “beste” hizkuntzak ikastea eta ez Ingelesa, Frantsesa, Txinera edo lan eta enpresa munduarekin loturiko beste batzuk bakarrik; baina zergatik ikasi behar dut Katalana eta ez Wolof-a, zergatik Galiziera eta ez Danesa?
Neri ez dit balio.
Erabat ados Garirekin. “Kohesioa” espainiar agintari guztien ametsa izan da XV. mendetik hona. Lehen konkista beliko irekiekin, eta egun, agian, gure belarri onberetara goxoago irits daitezken hitzekin beharbada, baina helburua berdina da: Nazio batasunik ez duen hori nola edo hala batzea. Espainia ez baita nazio bat. Horra euren buruhaustea.
Hizkuntza bat zergatik edo zertarako ikasi. Hasten gara hizkuntzak euren ustezko garrantziaren arabera ierarkizatzen. Baina hizkuntza bat komunikazio tresna bat baino askoz gehiago dela badakigu, guk, derrigorrezko elebidunok (edo eleanitzok). Ikasteko gaitasun handiena duten horiek, alegia umeek, ahalik eta aukerarik zabalena izatea euren ikastetxeetan? Hori ona iruditzen zait. Baina mentalki ez gaitzaten barreiatu: Euskal Herrian DENOK izan beharko genuke gure hizkuntza gure eskoletan doan ikasteko eskubidea (eta ez daukagu. Eta “kohesioa”-ren zaletu historikoek, alegia espainiar agintariek, zerikusi zuzena daukate horrekin). Eta berdin Galizan, eta Herrialde Katalanetan, eta munduko edozein herritan, (eta ez da hala). Eta ez al geunden bada legez “kohesionatuta”? Ez al zen hori eztabaidaezina, euren konstituzio totemikoak hala sententziatuta? Kohesionatu daitezela eurak demokraziarekin behingoz, eta utz gaitzatela bakean!
Ba, nik zentzuzkoa deritzot ekimenari. Baina ez Rigauk andereñoak diostalako, baizik eta katalana, galiziera, aranera, asturianua, aragoiera edo amazigh ikasita eta euretakoek euskararen ezagupideak izanda, herrien arteko sinergiak batuago egon daitezkeelako eta helburu komunean, Espainia den herrien kartzelatik ateratzea, bultzada izan daitekeen heinean. Gainera, horrek ez du kentzen aukera handiagoa ematea, baina, berez, hizkuntza horietako batzuen senidetasunak estatu espainiarraren eta frantsesaren mugak gainezkatzen dituzte: Aranera eta occitanierarena, Katalana Algherrren edo amazighta Ipar Afrika osoan, galiziera Portugal, Angola edo Brasilerako zubia etb.
Niri ere ideia interesgarria iruditzen zait (dagoeneko hasi naiz, maila pasiboan baldin bada ere: “Sortir del armari lingüistic” oso erraz irakurri nuen, eta orain “Dolor de llengua”-rekin nago). Gainera, guretzat katalana eta galegoa (eta portugesa) errazak dira eskuratzen.
Bizikidetza osasuntsu batek auzokoen hizkuntza eta kulturarekiko jakin-mina edukitzea eskatzen du. Nik katalana, galegoa (eta neurri batean portugesa) anaia-arrebatzat dauzkat, besteak beste espainiartasun hedatzaile jasangaitz berbera pairatu behar izan dugulako mendeetan zehar. Danesa eta wolofa urrunskoago geratzen zaizkit, baina, hala ere, ez nuke horiak ikasteko aukerarik galduko, egokiera izanez gro.