NORBERAREN GUSTUA

Darren Aronofskyren “Zisne beltza” ikustera joan nintzen, ohi ez dudan gisan, gainera: bakarrik. Eskuzabal jarrita, erdipurdikoa iruditu zitzaidan filma. Igande arratsalde euritsua zen ordea, kaldereroak zartaginak mailukatzen entzuten nituen, film erridikulu bat ikustea baino gauza okerragorik egin zitekeen beraz. Aterpetik mugitu gabe, eta bustitzen ari zen jendeari begira egoteak sortzen duen plazer mugagabeaz, gustua esaten dioten zera aldrebes horri buruz hausnarrean jarri nintzen.
Zeren eta, esan ditzagun gauzak argi, gustua izaten da maiz besteengana hurbildu edo besteengandik bereizten gaituena. Printzipio sorta bitxia da: beste gauzekiko, gugandik kanpo dauden gauzekiko dugun iritziak, gutaz hitz egiten du, (kanpoan zer dagoen begiratzen saiatzen garen aldiro gure irudia itzultzen digun treneko leihoak nola). Beraz, norberaren gustua azaltzea ez da beti ariketa samurra.
Demagun maite duzun norbaitekin joaten zarela zinemara. Filma ikusi berri duzue eta aretotik irteten ari zarete, eskuak igurzten dituzuen bitartean. Izan ere, une horretan, ataka gaitzean zaude: agertzen duzun iritziaren arabera, bestearekiko lotura sendotu edo ahuldu egin baitaiteke. Horregatik, filma bezainbesteko arretaz behatu behar da maite duzun hori: emoziorik azaldu ote duen, bikoizketaz kexatu ote den edo sakelakoan ordua begiratzea otu zaion. Aretotik irten orduko, konturatuko zara, akaso, berdin pentsatzen duzuela, baina, berdin pentsatzen ez baduzue ere, bestearen iritzira lerratzeko ahalegin sotila egingo duzu, ze aldamenekoarekin komunioan egon nahiko duzu, baina ariketa hori diskrezioz egin behar da, sinesgarri gerta dadin.
Beste batzuetan, lagun batekin ez, ezagun batekin joaten gara, zinefilo porrokatu horietako batekin. Oraindik eta okerragoa da hori. Zinema ikasten nuen garaian jabetu nintzen han inork ez zuela normal izan nahi, janzkeratik hasi eta jarreretara, ikasleek liskar egiten zidaten: “Begira nazazu, ohartu al zara jada zeinen berezia naizen?”. Jakina, gustuak paper berezia jokatzen zuen norberaren bizarrotasuna eraikitzeko langintzan, eta film intelektualenak digestio arazorik izan gabe irentsi eta pelikula komertzialenen bertuteak goraipatzeko bezain eklektiko ez zenarentzat infernua zen hura. Izpiritu goren haiek etengabe ari ziren iradokitzen zuk ikusi ez duzun hori ikusteko gai direla, zergatik eta zu baino bereziagoak direlako, voilà. Horrelakoekin ez da zinemara joan behar.
Laburbilduz, euriak nire oinetakoak konkistatu zituen arren, zoriontsu nengoen film txar bat lekukorik gabe ikusi izanagatik (zer egingo ote nukeen lagunari gustatu eta aldeko argudioak bildu izan behar banitu?); hezetasuna galtzarbeetan barrena hedatzen hasiagatik, euforiko nengoen ikasketak abandonatzeagatik (“Zisne beltza” ikusten, nire ikaskide ohiek nik inoiz estimatu ezingo ditudan ispilu jolasekin erekzioak dituztela sinetsita nago).
Edo beste modu batera esanda, zein erraza den norbera izatea, inguruan inor ez dagoenean.

Aronofsky, Black swan, gustua

4 pentsamendu “NORBERAREN GUSTUA”-ri buruz

  • ni ere bakarrik joan nintzen filma bertsio originalean ikustera, txekierazko azpitituluekin, eta erran behar dut zapore GAZI-gozoa utzi zidala. Alde batetik, filma oso ongi egina zegoela iruditu zitzaidan thriller generoa gustuko dutenentzat, ustekabeko bukaera eta guzti… hala ere, ni ez naiz genero horren zale, eta zapore gaziak nire oraindik bihotzeko zauri irekietan barna bere bide mingarria egin zuen…

  • Bai, bakardadean derrigortuta gaude gu izatera…baina taldearen erdian zisnearen lepoa ateratzeko pose-ak behar dira. Gizarte hau pose-ituta dago.

  • Aitor Abaroa 2011-03-31 10:54

    Ni ia beti joaten naiz bakarrik zinemara, inoiz lagunik animatzen ez delako, baina gehienetan, nik hala nahi dudalako. Gasteizen ikasten nuen garaian behin baino gehiagotan suertatu zitzaida Floridan aretoan bakarrik izatea, “Constantine” datorkit orain burura, eta niretzako gauza gutxi daude plazer gehiago ematen didatenik.

    Aditu askori entzun izan diot zinearen majia gainontzekoekin esperientzia partekartzea datzala. Pertsona antisoziala izango naiz, agian egozentrista.

    Eta ziurrenik, Eiderrek dioenean izango da arrazoirik. Gorroto dut jendeari azalpenak eman behar izatea, nik neuk neure iniziatibaz neure iritzia (agian ez, egozentrista naiz, ziur) eman nahi ez baldin badut behintzat. Deseroso sentitzen naiz. Orain burura datorkidan zalantza Eiderrek planteatutakoa da: Bestearekin bat ez etortzearen beldurra izango da? Bide erraza nahiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude