Zergatik bi maskor?
Zergatik bi maskor?
Atzo bukatu zen Donostiako 60. Zinemaldia. Jose Sacristani eman zioten gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra; eta, ex aequo, Katie Coseniri eta Macarena Garciari, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorrak. Hiruren lanak ikusi gabe, ezin dut esan ondo merezitakoak ote diren. Nire asmoa ere ez da hori. Beste hari batera noa. Dela Donostian, dela Cannesen, dela Los Angelesen, betiko zalantza pizten zait barnean: zergatik bereizten dira gizonezkoen eta emakumezkoen atzezpenak zinema eta antzerki munduan? Zergatik bi sari, bi sailkapen?
Zuzendaririk onena gizonezkoa zein emakumezkoa izan daiteke, baita Nobel sariduna ere, kasu. Kirolean sexu bakoitzaren ezaugarri fisikoak (indarra, erresintentzia…) arrazoi eta aitzakia historikoak dira , batez ere jarduera fisikoa neurtzen delako, horixe neurtu nahi delako. Hor ere, noski, ez da eztabaidarik baztertu behar. Baina zein dira arrazoiak antzezpenean bi sexuak aparte balioesteko? Nik emakumearen bazterketa historikoa ikusten dut arrazoi bakarra, bizitzako arlo guztietan bezala, oholtza gainean ere bai, ezin nabarmenago, gainer : jakina da mendetan emakume rolak gizonezkoek egin zituztela antzerkian, emakume ahotsa castratiek ordezkatzen zutela… Gehienetan jatorri erlijiosoa zuten zeregin haietarako emakumea ez omen zen garbia .
Zorionez, garaiak aldatzen dira, garai oro aurrekoen morroi bada ere. Eta bazterketa horren morrontza da, nire ustez, oraindik bereizketa egiten jarraitzea. Pentsa liteke “bereizketa positiboa” dela, hauxe dela modu bakarra emakumezkoei ere garrantzia emateko, lana aitortzeko, gizonezkoen uholdean ito gabe. Baina askotan “bereizketa positiboak” paliatiboak dira: sintomak arindu arren, ez dute gaixotasuna sendatzen.