Zergatik atzeratu dira aurten inauteriak?
Zergatik atzeratu dira aurten inauteriak? –
Aurtengoan ohi baino beranduago ospatuko ditugu inauteriak. Otsailaren 28an izango da Ostegun Gizena eta martxoaren 5ean Inaute Asteartea. Nolatan horren berandu?
Inauterietako datak Aste Santuetako igandearen edo Pazko-igandearen arabera finkatzen dira. Garizuma, berrogei eguneko baraualdi kristaua, Hausterre egunean hasi eta Pazko-igandean bukatzen da. Beraz, berrogei egun atzeraka kontatu behar ditugu Hausterre eguna kalkulatzeko, igandeak kontatu gabe. Hausterre eguna da inauteriak amaitu ondorengo lehengo eguna. Beraz, bezpera, Inaute Asteartea izango da.
Baina nola jakin dezakegu Pazko-igandea noiz den? Udaberriko lehenengo ilargi betearen ondoko lehen igandea izan ohi da. Aurtengo udaberriko lehenengo ilargi betea martxoaren 21ean da; beraz, Pazko-igandeak martxoaren 24a behar luke. Aurtengo Aste Santua, ordea, ia hilabete beranduago da; apirilaren 14an da Erramu-igandea eta 21ean Pazko-igandea.
Nahastu egin ote dira aurtengo Aste Santuetako datekin? Atzerapenak badu azalpena. Ohikoa ez bada ere, urte batzuetan ez du funtzionatzen Aste Santua kalkulatzeko formula sinpleak. Ilargi bete eklesiastikoa hartu behar baita kontuan eta ez astronomikoa.
Egutegi gregorianoan, Pazko-igandea, ilargi bete eklesiastikoaren ondoko igandean izaten da. Kasu horretan ilargi betea ez da kalkulatzen fenomeno astronomikoen arabera, elizak asmatutako tabla numerikoak kontuan hartuta kalkulatzen da. Beraz, Pazko-igandea udaberriko lehenengo ilargi betearen ondorengo lehenengo igandean izango da, baina ezingo da izan martxoaren 22a baino lehenago eta apirilaren 25a baino beranduago.
2019ko kasuan udaberriko lehenengo ilargi betea martxoaren 21ean aplikatzen denez, hurrengo ilargi betea (apirilaren 19a) hartuko da kontuan. 1962an ere antzekoa gertatu zen, udaberriko lehenengo ilargi betea martxoaren 21ean izan zenez, hurrengo ilargi betera arte itxaron zuten (apirilak 18) eta apirilaren 22an ospatu zen Pazko-igandea.
Enric Marco Soler, Valentziako unibertsitateko Astronomia eta Astrofisikoa departamentuko irakaslearen arabera, Pazko-igandea finkatzeko arau eklesiastikoak honakoak dira:
1. Udaberriko lehenengo ilargi bete eklesiastikoaren ondoko igandea izango da.
2. Ilargi bete eklesiastiko hori, elizaren taularen araberako ilberria eta hamalau egunera izango da.
3. Udaberriko ekinozioa martxoaren 21ean ezartzen da.
4. Kristauen Pazko-egunak judutarrenarekin bat egiten badu, hurrengo igandera aldatzen da.
Beraz, Pazko-igandea martxoaren 22 eta apirilaren 25 bitartean izango da, biak barne.
.