Diru banaketak ETBn

Diru banaketak ETBn –

2013an, Pello Sarasolak, ETBko zuzendari eta programazioaren zuzendari izandakoak, elkarrizketa eman zuen Larrun aldizkarian. Harekin ados ez banago ere, eskertzekoa da gardentasuna. Esanen nuke orduko ildo berari eusten zaiola gaur ere. Hala bada, honela banatzen dira diruak ETBn:

– Bost eurotik lau baino gehixeago ETB1en eta ETB2n erdi bana, eta euroa baino gutxixeago ETB3n eta ETB Sat-en.

“Azken horiek biak oso merkeak dira eta hala jarraitu behar dute izaten”.

Horrek azaltzen du zergatik dituen ETB3k halako datu negargarriak, zergatik ez dituzten bikoiztaileek marrazki bizidun gehiago euskaratzen.

Bestalde, ETB1en gastatzen diren bi euro horietatik, gehiena kirolean gastatzen da, ezta? Hori da ETB1en audientzia artifizialki puzteko modu bat (ikusle erdaldunek ere ikusten dute).

Beraz, eta ETB1en eta ETB2ren artean oreka pixka bat izaten hasteko, neurri hau hartu beharko litzateke: kirol-orduak berdin bana daitezela ETB1en eta ETB2ren artean (euskaraz betiere, orain arte bezala). Eta kirolaren gastua ere berdin bana dadila, jakina (horrek, hasiera batean, audientzia galtzea ekarriko luke bai ETB1en bai ETB2n; baina euskararen aldeko epe luzeko proiektua nahi dugu, edo egunero-egunero euskararen kontra egiten segitzea, orain arte bezala?).

– “EITBk diru-laguntza bidez 100 euro jasotzen baldin baditu (…) %100 hemen geratzeko barne-produkzioa da aukera”.

Horrek berekin dakar bikoizketa pikutara bidaltzea. Baina logika hori ez zaio sekula ETB2ri aplikatu. Begira gaur bertan:

– ETB2k bi film eta telesail bat, denak ere atzerrikoak eta gaztelaniara bikoiztuak.

– ETB1: fikziorik batere ez, eta 7 ordu kirol.

Beraz, ETBn euskara pixka bat zaintzen hasteko oinarrizko-oinarrizko neurri gisa, hauxe bultza lezakete alderdi politikoek:

Kirol orduak (betiere, euskaraz) eta fikzio orduak berdin bana daitezela bi kateen artean. Eta kirolaren gastua ere bai.

(Barne produzkiorako erabilitako diruak)

Diru banaketak ETBn