Zergatik, amama?
Zergatik, amama
Duela urte batzuk Facebooken kontu bat zabaldu nuen. Inguruko lagun askok aspalditik zeukaten, eta zer nahi duzue ba esatea, kuriositatea piztu zitzaidan. Maiz gertatzen zitzaidan lagun artean gaien bat atera, eta galdu samar nenbilela ikustean, adiskideren batek esatea: “ez, atzo facebooken igo zuten kontu bat”. Beno, egin nuen, eta egia esan ez daukat aparteko gauza txarrik esateko; pitokeriak besterik igotzen ez dituen jendea ere bada, eta nik ere ondo pasatzen nuen pitokeriak ikusten edo irakurtzen. Bere neurrian, betekada sentitu gabe.
Baina egun batean komunikazio tailer batean hartu nuen parte, eta beste gauza askoren artean, Facebookek erabiltzaileei eskaintzen dien kontratu agiria irakurri nuen. Horrek beste idatzi baterako ematen duenez, labur esango dizuet kontua itxi nuela. Egun herri mugimenduko kidea naiz, eta taldearen izenean Facebook kontu bat kudeatzen dut, beraz nire gauza pertsonalak igo gabe sare sozialean jarraitzen dut jira eta buelta.
Aste honetan arreta deitu didan profil batean amaitu dut: “Heriotza haurrekin“. Naroa Martinez andereño eta psikopedagogoak darama, eta haurrekin heriotzaren gaia lantzeko materiala biltzen du. Gai honen inguruan dabil bere Gradu Bukaerako Lana garatzen.
Bada, Facebook kontuan zer topa nenbilela, bideo hau ikusi dut, “Zergatik amama?”. Gasteizko Irakasle Eskolako Dramatizazio Minorreko ikasle batzuek egindako antzezpena da, aipatu berri dudan gaia haurrekin lantzeko. Kuriosoa iruditu zait. Ez dut oroitzen heriotzaren gaia eskolan inoiz landu genuenik; antzerkia gustatuz gero, baduzue aukera haiekin kontaktuan jartzeko.
Zergatik, amama