Telefono kabinak, nostalgia eta praktikotasuna

Telefono kabinak, nostalgia eta praktikotasuna

Gogoan ditut telefono kabinak erabiltzen nituen garaiak; txanpona bota, deia egin eta unerik interesgarrienean “piiii” ezin desatseginagoa entzuten nuen beti. Lau kristalen intimitatean hitz egin zenezakeen, lagunarekin, maitalearekin, amarekin eta kanpoan pazienteki itxaroten zuen hurrengo deia egiteko zain zegoenak.

Telefono kabinak, nostalgia eta praktikotasunaOrain mugikorrak ditugunetik, lau kristalen artean sartzeko beharrik gabe aritzen gara berbetan han eta hemen. Orain gutxi gogoan dut ni baino dezentez gazteago den neska batekin kaletik nindoala kabina bat ikusi eta galdetu zidala: Inoiz erabili duzu kaleko telefono hori? Berak ez zuen halakorik inoiz egin itxuraz.

Batez beste urtero %32 jaitsi da kabinen erabilpena eta beherakada horrek defizitario bihurtu ditu: mantentze gastu handia dute. 2000. Urtean ehun mila kabina zeuden Espainiar Estatuan eta 2015ean hogeita sei mila. 2016an desagertu daitezke.

Izan ere, urte amaieran bukatuko da egun indarrean dagoen legedia, zeinaren arabera telefono kabinak zerbitzu unibertsal baitira. Ipar Euskal herrian lehengo urtea hasi ziren desagertzen. Telefonicarenak dira Hego Euskal Herriko telefono kabina guztiak, eta oraindik gaiaren inguruan adierazpenik egin ez badute ere, zehaztu dute lege dekretuaren bukaerarekin kabinek zerbitzu unibertsal izateari uzteak ez duela zertan haien desagerpena eragin. Baliteke, beraz, zenbait lekutan funtzionamenduan mantentzea.

Berrian erreportaje interesgarria egin zuten gaiaren gainean eta han jasotakoaren arabera lau orduan hiru telefono deiren testigu izan zen kazetaria. Egia esan, gutxiago espero nituen. Nostalgikoren batzuk agian faltan sumatuko dute, baina ezin ukatu teknologia aro berri honetan praktikotasuna galdu dutela.

Telefono kabinak, nostalgia eta praktikotasuna