Zer ote du Xabier Silveirak?

MTY1OA==

Silveiraren kasuak

Zuzeuko erabiltzaile askok irakurri genuen Mujikak Silveirari idatzitako gutunaren albistea ematen zuen sarrera hura. Eztabaidak ere gutxitan piztu dira orduan bestekoak. Egia esan behar bada, Silveiraren portaera eta hitzek, badute sua pizteko gaitasuna. Esaterako, idazleen artean oso eztabaidatua izan zen Silveirak  bere lehen liburua gaztelaniaz argitaratu zuenean.

Ezin zaio Silveirari ukatu, zalapartarako gaitasun aparta duenik, baita itxura batean ez dagozkion gaiak ukitzen dituenean ere. Azkena hemen, Interneti buruzkoa, Silveiraren arrazoitzeko era agerian uzten duena: “Internet militarrek asmatu zuten, beraz, Internet txarra da eta guztiz kontra nago. Eta zeuk ere hala behar zenuke egon, potrozorri horrek”. Sinple xamarra aukeran, ez zaizu iruditzen? Turroia ere gerrarako janari izan zedin asmatu  zen.

Bertsolari gisa sortutako zalapartak ere ez dira izan bakanak. Zarautzko hura esaterako, berria egiten zitzaigun arren, ez zen hain harrigarri ere suertatzen. Barkamen eskaerak ere harritu ez gintuen bezalaxe. Pertsona ezagutu gabe, pertsonaia ez zaigu hain ezezaguna egiten. Ez da hala?

Silveirak Joseba Arregiren antza ote du sakonean?

Baina marka guztiak hausteko bidean doa Silveira, ingurukoen gorroto gero eta handiagoa jasotzeak plazer masokista emango balio bezala. Tartekoak tarteko —eta ez da makaleko tartea—, gogora ekartzen digu Joseba Arregi jauna, kideak ezin maite dituen huraxe bera: nahikoa duzu bere lagun bihurtzen hasi, zeure kontra has dadin esaka.

Arregiren kasuan luze-zabala da erakutsitako katalogoa. Silveira langintza horretan hasi berria bada ere, sakonera bikainez egin ditu orain arteko arrastoak, bai bertsolari gisa, bai idazle gisa, bai pertsonaia publiko gisa…Baina marka guztiak hautsi behar ditu zutabegile gisa. Azkena, atzoko GARAko zutabean argitaratutakoa: Euskara al da putre egiten gaituena? Horixe zuen izenburua berak idatzitakoak. Merezi du hona osorik eta komatxo artean ekartzeak:

“Ezkontzen inguruan gehigarri bereziak zabaltzea bada euskararen alde lan egitea, euskal sortzaileek badakite zer egin, UPN edo PSErekin ezkondu (sic)

Euskal herrian euskaraz/ nahi dugu hitz eta jolas… Hitz asko egiten da, bai, euskararen alde. Eta jolas. Euskararen aldeko lanarentzat soldata asko eta asko daude, euskaraz lan egitea ia ezinezko bihurtzen ari denean, paradoxikoki. Berriki euskal sortzaileen industria kexu azaldu zaigu hedabideetan, aspalditxo euskararen aldeko hedabideetako agintariek egiten duten modu bertsuan. Arrazoia ere bertsua, diru eskasia; baina funtsa, mamia, erabat ezberdina.

Batzuek -azken hauek, jakina- alderdi politikoek kudeatzen dituzten diru laguntzak izan dituzte orain arte bizi(o) iturri. Nafarroan bukatzen hasi ziren, EAEn bukatzen ari dira. Orain negarrak, elkartasun eskeak… Ze lotsa gutti -erranen luke hemengo edozeinek-. Euskaraz egiten diren aitzakiatan hamaika kaka-zahar hizkuntzaren lagungarri gisa saldu izan digute gaur arte. Bo, saldu ez, dohainik harrarazi, bestela inork ez genituzke ikusi ere egingo eta. Ezagutzen dudan hurbileneko adibidea hartuko dut are zaku gisa, barrua hustu dezadan gehienbat, jakin ederki baitakit gauzek ez dutela sentimendurik eta ez dutela entzuten, euskaldun askok bezalaxe. Ttipi-Ttapa. Ttipi-Ttapa telebista publizitatea eta gutti gehiago emititzen zuen kate bat izateaz gain, zonaldeko gazteak esplotatzen zituen enpresa bat izan zen. Orain ez dago, jauntxoei eskerrak. Jauntxoek diru laguntzak eman zituzten Iruñetik eta beste jauntxo batek jaso zituen Bortzirietan. Suposatzen dut emisio orduen arabera jasoko zirela sos haiek, bestela ulertezina da grabazio berbera behin eta berriz botatzea, behin eta berriz, behin eta berriz, nazkatzeraino. Orain ez dago, erran dizuet goitixeago, jauntxoei eskerrak. Batzuek diru laguntzak kendu dituzte eta beste jauntxoak ez du urte hauetan ezer egin telebista katea bere txiringitoa finantzatzeko tresna bat baino zerbait gehiago izan zedin. Soldata ederra jaso eta gazteak edozein ordutan eta edozein modutan lau pezeta zikinen truke lanean jarri bertzerik ez. Euskararen alde, hori bai, noski. Orain ez dago. Zer nahi genuen bada? Orain aldizkaria dago, beste hainbat eta hainbat eskualdetan daudenen formatu berekoa, itxurari dagokionez bederen. Herri guztietan dago musu-truk albisteak bildu, idatzi, eta «Ttipi-Ttapa»-ra bidaltzen duenik. Lan txalogarria, benetan. Baina jakitun ote dira boluntario horiek guztiak zein neurriraino ari diren erabiliak izaten? Ez dut uste. Albiste horiek publizitatearen apaingarri bertzerik ez ote diren pentsatu al dute inoiz? Ez dut uste.

Nola etxean, auzoan berdintsu. Hori ez da euskararen alde egitea, hori norberaren alde egitea da. Politikariek kudeatzen duten dirua guztiona bada, nola erabiliko dugu zuen soldatak ordaintzeko? Ezkontzen inguruan gehigarri bereziak zabaltzea bada euskararen alde lan egitea, euskal sortzaileek badakite zer egin, UPN edo PSErekin ezkondu. Orduantxe izango dute -Kepa Junkerak bezala- kontu korrontea epel-epel. Laguntzak kentzen dizkieten arte. Ze pena.

Erruduna zein da, galdetzen dut nik: orain dirua ukatzen duena edo/eta bere garaian euskara bultzatzeko modu egokiena ipurdiak miazkatzea zela erabaki zuena? Nik badut nire erantzuna.”

Bon, bon, bon.

Pentsatzekoa da Ttipi-Ttapakoak, lehen ez bazebiltzan oso airoso, idatzi honek ez dituela asko indartuko, eta Silveirari erantzungo diotela azkar baino lehen. Eta esan beharrekoak esango.

Baina ez eurek bakarrik. Silveirak hain dorpeki eta mingots aipatzen dituen kontuetan egia apur bat egon litekeela onartu arren, jende andana sentituko da irainduta eta mesprezatua halako ahoberokeria zitalarekin.

Zalaparta etorriko da, zalantzarik gabe, Silveirak esandakoak bidezkoak ote diren ala pertsonaia neurriz gain dabilen. Zaila dago, baina,  honek guztiak zer ekarriko duen benetan asmatzea. Hala ere, badirudi,  ez diola ekarriko ezer onik Berako zalapartariari.

Erratu ninteke, baina nago, hemendik aitzinera,  Silveira jaunak ez duela beste biderik izango bere kiribil ilunean murgiltzen eta murgiltzen joatea baino. Bere ozpin betierekoan bera-bera eginik, inguruko apur batzuen besarkada motzaren babesean bizitzen asmatu beharko duela. Gainera, laster joango zaizkiola ingurukoen babesak desagertzen,  edo, okerragoa dena, osin mingarri bilakatuko zaizkiokola orain txalotzen duten benetako kolega-kamarada apur horiek.

Oteiza ere mingots jasanezina izaten zen askotan, baina Oteiza, Oteiza zen behintzat. Eta Silveira ez da Oteiza, ez eta hurrik eman ere. Izatekotan, lehen aipatu dugunaren ezpal berekoa da gehiago, lagunak maite ezinaz gain, zenbat eta aho beltzagoaz hitz egin, distiratsuagoa dela uste duen tronpatu horietakoa. 

Ze pena.

Irudia | Benetako kakalardoa | Edans | Creative Commons By SA
Arregi, Oteiza, Silveira

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

3 pentsamendu “Zer ote du Xabier Silveirak?”-ri buruz

  • Zuzenketatxo bat: A las ocho en el Bule nobelaren kasuan ez zitzaion aurpegiratu “gaztelaniaz idatzi izana”. Kritikak beste arrazoi batengatik heldu zitzaizkion. Alegia, liburuan islatu nahi izan duen giroa gaztelerazkoa delako idatzi zuela liburua gazteleraz defenditzen zuelako. Euskal narratibak aspaldi gainditua zuen eztabaida, bestalde.

  • rolandito "ke konste" ez naiz silveira hooligan bat 2010-03-08 03:26

    beittu, ezin ukatu leike silveirakin batzuk mindu daitezkeela. eta ezin leike ukatu askotan pasa daitekeela, hanka sartu…

    baina niri benetan kezkagarria iruditzen zaidana da euskaldunok gure artean kritika egiteko daukagun zentsura eta autozentsura.

    Zentsura sistematikoa, izan ere, euskarazko ekoizpenak egiteko (literatura, zinema, antzerkia…) askotan diru-publikoa kudeatzen dutenen esku bizi garenez gero, eta bizi garen EH zaitutu, inbaditu eta saldu honetan bizi garenez gero… bada ixildu ala baztertu.

    Autozentsura: euskal munduak euskal muduari ixo! ez al da egia euskaraz egiten diren gauza pila bat, bakarrik euskaraz egiten direlako, “ondo” daudela.

    kritikarik ezak, sasi neutralidadeak, mezurik ezak… ekarri dute sorreran ilusioa eta beharrezkotasuna zerien gauza pila bati orain erdi ustel usaia jariotzea: euskalgintzaren krisia, “euskararen” aldeko jaialdi asko, euskal hedabide askoren -ez gatz ez piper-tasuna, euskara profesionalen ugaltzea eta euskaltzaleen ahultzea, durango, ‘euskal zinema?!?!?!?!’, etb1, etb3, euskadi irratia…

    Flipantea da zure artikuluan (eta Mujikarenean) silveirari kristalezko bola atera eta lagunik ez, foroforik eza, bakardadea, etab. igartzea. je, je…

    nik ere ez dut asko ezagutzen, baina irakurtzen baldi badu, bere pitilina zorrozteko esango dizu.

    nik hori ikusten dut nire kristalezko bolan.

  • […] argitaratzearen arrazoia, eta ez Lukas Mateok Silveirari buruz idatzitako iruzkinetan, arrazoi batengatik da, uste baitugu urrun xamar dagoela albiste hura […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude