Zer da Sautrela?
Gezurra dirudi, baina 11 urteren ondoren ere, jendeak galdetu egiten dit zer demontre esan nahi duen Sautrela izenak. Eta harrigarria egiten zaidan arren, aitor dut poztu egiten naizela galderarekin.
Inoiz edo behin hitz egin dugu hemen bertan 1999ko udazkenean sortu zen telebista saio honen historia kontatzeko. Baina saioaren nondikakoez baino gehiago —inork ikusten ez duen arren, mundu guztiak ezagutzen baitu Sautrela—, izenari berari buruzkoa izaten da galdera: Zer esan nahi du Sautrela izenak?
Eta aurrerantzean alferrikako adierezpenetan ibil ez gaitezen, hara hemen sautrela izena zenbat gauza den, bakarra baino gehiago baita, izan:
1- Sautrela: Lizardiren poema batean agertzen den paraje baten izena. Haren poesia aztertu dutenek diote, zehazki non den jakin ez badaiteke ere, ez dela egongo Zarautzetik urruti. Euskal Herri idealizatuaren izena ere izan daitekeela uste du Iratxe Retozala kritikariak: “Sautrelako orlegietan muskerrek dukete aberri…”
2- Sautrela: Bizkaiako partian —Orozko aldean, preseski—, arkume gibelarekin eta tipula zuriarekin egiten duten zopa baten izena. Oso zaila da gaur halakorik aurkitzea.
3- Sautrela: Frantsesezko sauterelletik hartutakoa.
4- Sautrela: Ertaroan eta beranduago ere bai, kanturako eta dantzarako erabiltzen zen ahozko konposizio luzea. (Frantziako aldean bereziki).
5- Sautrela: Ruper Ordorikak ETBn egin behar zuten literatura saio baterako proposatutako izena, Bernardo Atxagaren oniritziaz.
6- Sautrela: korsikarrek hala deitzen diote oraindik ere, ezkai, oliba-olioz eta zitroinez egindako bizarra egin osterako ukenduari. (Antza, emakumeek ere erabiltzen zuten lehen, plazenta kanporatu ostean egoten den usaina eztitzeko).
7- Sautrela: Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae liburuan, hango poema ezagunenari izena ematen diona: Heuscara da campora, eta goacen oro dançara delakoari, alegia.
8- Sautrela: XIX mendera arte, Garazin urtean bitan bildu ohi ziren juduen biltzarrari ematen zitzaion izena. (Agoteenari ere bai, Arizkun inguruetan).
9- Sautrela: Erronkariko euskara zaharrean usu erabiltzen zen terminoa, gezurti edota traidore esateko: “Sautrela tuzu hori“, “Libra zitez sautrelaren mintzoti, eta ez serpeareneti“… Lukas Bidezarrek eginiko azterketen arabera, , “munstro” edo “mamu” adierazteko ere erabiltzen omen zen Pirinioko zenbait lekutan. Zaraitzun, esaterako: “Sautrelaz beztituko zazu errekako dame gaiztoa…”
10- Sautrela: Joseba Sarrionandiak, Narrazioak izeneko bere liburuko ipuinetako batean agertzen den Maddik, kamamila biltzen zueneko parajea: “Sautrela ziotsoten hangoek mendi eme hari…”
11- Sautrela: Ezer ere esan nahi ez duen izena. Entelekia bat, brandy artean amaitutako bazkari baten ondotik Sauzabal produktoreak, Trebiño errealizadoreak eta Lasa gidoilarien artean adostu zutena, erabakirik: “Sautrela edo Katurba deitu, ez dio axrdurarik. Berdin da telebistako programaren izena ezezaguna edo abstraktua den. Ulertzen den ala ez. Nortasuna baldin badu, ezagutuko dute. Eta bestela ez.”
12- Sautrela: Koldo Izagirre ume zela, eta Pasaiako portuko txatarra artean jolasean zebilela, torloju harrigarri bat aurkitu zuen behin Holandatik etorri berria zen kargontzi batean: “Ez, hori ez duk torlojua”, esan zion bere aitak — beti mantenu lanetan ibiltzen zenak, eta gauzen zehaztasuna maite zuenak— , “Hori sautrela bat duk. Ez hadi konfundi”.
13- Sautrela: Atunetara itsasoratzen direnean, Hondarribiko arrantzaleek esan ohi dute: “Lemixi lemixikua eta gero sautrela. Eta ezin bada, ximarroia”. Arrain urdin bat, beraz.
14- Sautrela: Ramon Saizarbitoriaren narrazio batean, Rosetti izeneko jaun batek dio: “Eta ito arte lotsatzen zuten hitz haiek ezkutatu nahian, sartu zuen paper tutu txikia sautrelako zeretik…”. Anatomia kontuak, antza.
15- Sautrela: Elgoibarko taberna batean, neu atetik sartu eta entsaladilla pintxo bat ahoratuz batera entzundakoa: “Tabakua debekau dabenetik, hemen sautrela usaina dago”.
16- Sautrela: Pello Lizarraldek, Erribera inguruko gasolindegi batean azukrerik gabeko goxoki bila zebilela zapatu goiz batean, nahi gabean entzun zion izerdi patsetan iritsia zen kamionari poloniar bati, gizon bat aurkitu zutela hilda han ondoko sautrelan. Antza, gau osoa zeraman hantxe gorpuak, baina polizia iritsita zegoela eta haiek jakingo zutela zer zen gertatu. Etc.
…
Zer da Sautrela?…
Hasier Etxeberria idazleak, Sautrela izenaren esanahien bilduma xelebrea egin du. Baina zer da Sautrela?…