Zer berri zinema aretoetan?

Zer berri zinema aretoetan? –

Estreinaldiak: Urriak 27

Egilea: Ander Makazaga

.

El secreto de Marrowbone

1969ko AEBetako landa-eremuetara eramango gaitu Sergio G. Sanchezek idatzi eta zuzendutako thrillerrak. J.A. Bayonak (Lo imposible, Un monstruo viene a verme) ekoitzitako filma da eta George MacKay (Captain Fantastic), Anya Taylor-Joy (Múltiple), Charlie Heaton (Stranger Things), Mia Goth (A Cure for Wellness) eta Nicola Harrison (Control) dira aktore nagusiak. Filmak lau anai-arreben istorioa kontatuko du: Ingalaterratik Marrowbonera, aita oldarkorrarengatik ihesi, bizitza berri bat hasi nahiko dute, eta berehala Allie izeneko neskatoa ezagutuko dute. Bat-batean, ordea, ama hilko da eta etxean ezkutatuko dira, bertan presentzia misteriotsuak sumatzen hasiko direlarik.

.

A teströl és a lélekröl (En cuerpo y alma)

Hungariatik, ostera, Berlingo zinema jaialdian Urrezko Hartza irabazi zuen filma dakarkigu Ildikó Enyedik. Budapesteko hiltegi batean lan egiten hasiko den Mariaren (Alexandra Borbély) eta bertako buru Endreren (Morcsányi Géza) maitasun harremana du hizpide filmak. Emakume bakartia da Maria, eta bere lana seriotasunez burutuko du. Lankideek ez dute guztiz onartuko, eta zurrumurruak zabalduko dituzte Mariaren kaltetan. Endre, berriz, gizon lasaia. Pixkanaka, bien artean maitasun harreman bat sortuko da. Enyedi zuzendariak hemezortzi urte zeramatzan film luze bat egin gabe.

.

Thor: Ragnarok

Marvel etxeak  Thor superheroiaren hirugarren atala dakar. Chris Hemsworth aktoreak, beste behin, haragitutako pertsonaiak Asgardera itzuli beharko du Helaren (Cate Blanchett) mehatxupean baitago Ragnarok bezala ezagutzen den zibilizazioaren iraunkortasuna. Thor, ordea, unibertsoaren beste puntan egongo da preso, eta ez du bere mailu boteretsua eskura izango. Baina, lehenik, adiskide duen Hulken (Mark Ruffalo) aurka borroaktu beharko du hil ala biziko lehia batean.

.

The Third Murder (El tercer asesinato)

2013an Cannesko zinema jaialdian Epaimahaiaren Saria jaso ostean, Hirokazu Koreeda zuzendari japoniarrak bere lehen thrillerra zuzendu du: The Third Murder. Aurtengo Veneziako jaialdian parte hartu duen lanak, halaber, familiako dramak ditu oinarrian, izan ere, Koreedaren zinemaren gai nagusienetakoa da. Filmak Misumiren (Koji Yakusho) eta bere abokatu Shigemoriren (Masaharu Fukuyama) istorioa kontatuko du. Misumik bi hilketa burutu zituen orain 30 urte, eta hirugarren baten egiletza aitortu berri du. Shigemori abokatuak, ordea, hiltzailearen familia elkarrizketatu ostean eta etengabe aldatzen joango diren Misumiren kontaketak entzunda, zalantzak izango ditu bezeroaren erruduntasunaren inguruan.

.

Asteko estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!

Zer berri zinema aretoetan?

Zer berri zinema aretoetan?

Euskal pantailaren gunea