Zamorako espetxean preso egondako apaizak omenduko dituzte Irudienean, “Apaiz-kartzela”-ren proiekzioarekin

Zamorako espetxean preso egondako apaizak omenduko dituzte Irudienean, “Apaiz-kartzela”-ren proiekzioarekin –

Abenduaren 7an “Apaiz-kartzela” dokumentalaren “work in progress” emanaldia Irudienean. Zuzendariekin batera, preso egondako apaizak ere bertaratuko dira omenaldia jasotzeko.

Durangoko Azokako 54. edizioa hasteko hiru aste bakarrik falta dira, eta kulturaren plazako guneak buru-belarri ari dira euren programazioa ixten. Irudienean, berbarako, azken urtean Euskal Herrian sortutako hainbat proiektu ezagutzeko aukera izango dugu: dokumentalak, fikzioak, film laburrak, umeentzako zinea eta abar.

Abenduaren 7an, larunbata, oso ekitaldi berezia antolatuko da Irudienean. Goizeko 12:30ean “Apaiz-kartzela” dokumentalaren proiekzioa egingo da, eta espetxe horretan preso egon zirenak omenduko dituzte. Dokumentalaren zuzendariak Oier Aranzabal, David Pallarés eta Ritxi Lizartza dira, eta lan honetan, Zamorako  apaiz-kartzelan” egondako apaizen istorioa kontatu eta lekukotzak jasotzen dira.

Oier Aranzabal eta Ritxi Lizartzarekin batera, aurkezpenean Xabier Amurizak, Josu Naberanek eta Juan Mari Zulaikak parte hartuko dute. Sarrera doakoa izango da, gonbidapen bidez (abenduaren 5etik aurrera jaso ahal izango dira, Irudienean bertan). Emanaldia “work in progress” izango da, hau da, filmaren irudiak ikusi ahal izango dira, baina ez da behin-betiko bertsioa izango.

Zamorako espetxean preso egondako apaizak omenduko dituzte Irudienean, "Apaiz-kartzela"-ren proiekzioarekinZamorako espetxea 1968. urtean ireki zuten, frankismoari aurre egin zioten apaizak bertan sartzeko asmoz. Guztira 53 apaiz izan zituzten bertan, eta apaizentzat bereziki sortutako lehenengo espetxea bihurtu zen. 50 urte igaro dira kartzela ireki zutenetik, eta bertan egondakoek hainbatetan salatu dutenez, oraindik ez dute Elizaren eta erakundeen barkamenik jaso.

Sinopsia:

Espainiar Estatuan memoria historikoa guztiz garatzeko asko falta da oraindik.Maria Servini Argentinako epailea da egoera horren lekuko. Zamoran, Konkordatuko kartzela itxita eta utzita dago, eta metafora egokia da orain 50 urte bertan preso izan ziren apaizen egungo egoera azaltzeko. Europan ultraeskuindarrak gorantz egiten duen bitartean, oraindik ere aitortzeke daude iraganean eragindako giza eskubideen zapalketak. Kartzela hura pairatu zuten ia 60 apaizen historia kontatzeko, Juan Mari Zulaika preso eta fraide ohiak urteak eman ditu lanean bidegabekeria haren inguruko oroitzapena gal ez dadin. Bera izango dugu bide erakusle eta berarekin abiatuko gara 1973an Zamorako kartzelan izan zen mutinaren inguruan mundu zabaleko hainbat telebistatan emititu  ziren irudien bila. Hala biziberrituko dugu garai latz haietan herritarren eskubideak defendatzeagatik preso joandako apaizen bizimodua.

Zamorako espetxean preso egondako apaizak omenduko dituzte Irudienean