[Zinema euskaraz] Yuku eta Himalaiako lorea

[Zinema euskaraz] Yuku eta Himalaiako lorea –

“Yuku eta Himalaiako lorea” filma ikusgai dago jada zinema aretoetan, Zinema Euskaraz programaren barruan.

Joan den asteburuan heldu da “Yuku eta Himalaiako lorea” filma Hego Euskal Herriko zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan. Arnaud Demuynckek eta Rémi Durinek zuzendutako film belgikarra da, eta publiko guztiarentzat da egokia.

Hauxe da filmaren sinopsia: “Munduko mendi garaienen tontorretan bizi da eguzki-argi garbienaz elikatzen den landarea… Himalaiako lorea.  Yuku sagutxoa, familia atzean utzita, betiereko argia duen lore horren bila abiatuko da bere amamari eskaintzeko, ohean gaixo dago eta. Amonak laster joateko asmoa du sator itsuaren atzetik, Lurreko tuneletan barrena. Baina lorea aurkitzeko, Yukuk oztopoz betetako bidea gainditu beharko du: gaztelu azpiko estolda-arratoien eremu beldurgarria zeharkatu beharko du, bele anker eta gosetien belardia, denak galtzen diren baso sorgindua, eta batez ere… otsoak zaintzen duen Ikararen Zubia! Bidaian zehar, ordea, bere musika eta kantuei esker, Yukuk lagun asko egingo ditu. Eurak dira bizitzaren abenturan arrakasta izateko euskarririk onena”.

[Zinema euskaraz] Yuku eta Himalaiako lorea.

Zinema areto hauetan proiektatuko da filma: 

  • Getxo Zinemak (Getxo).
  • Golem Alhondiga (Bilbo).
  • Golem La morea (Iruñea).
  • Gorbeia zinemak (Gasteiz).
  • Niessen zinemak (Errenteria).
  • Sade zinemak (Donostia).

Eta aurrerago Beasainen, Lazkaon eta Zarautzen.

.

Aurtengo lehenengoa

Zineuskadik sustatuta, Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatuko den lehen filma da. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoa berresten jarraitu nahi du ekimenak. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan.

Halaber, datozen hilabeteetan, Zinema Euskaraz programaren barruan, beste film batzuk ere izango ditugu. Horien artean, datorren otsailean ‘Momias’ pelikula iritsiko da zine-aretoetara; eta martxoan ‘Four Enchanted Sisters’ eta ‘Oink Oink’.

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.