XIX. mendeko Araban kokatuta, Sacamantecasen istorioa kontatzen du Montoiak nobela berrian
XIX. mendeko Araban, Sacamantecasen istorioa Montoiak nobela berrian –
Euskal Herriko hainbat haurri bezala, zerbait berak nahi bezala egiten ez bazuten, amak Sacamantecasekin egiten zien mehatxu Xabier Montoia eta bere anaiari. Idazleak beti izan du buruan Juan Diaz de Garaio, eta nor zen ezagutzeko jakinmin horretatik abiatuta sortu du ‘Lautadako mamua’ eleberria.
‘Lautadako mamua’ izena du Xabier Montoiaren lan berriak. Ostegun honetan aurkeztu du Elkarrekin Juan Diaz de Garaio ‘Sacamantecas’-en istorioan oinarritutako kontakizuna, nobela historikoaren eta beltzaren artean kokatzen dena. Bertan ez da ikerketarik azaltzen, hasieratik baitaki irakurleak nor den hiltzailea.
Xabier Mendiguren editoreak oroitu duenez, iaz 40 urte bete zituen Montoiak (Gasteiz, 1955) idazle gisa. Poesian, ipuingintzan nahiz nobelan aritu da, baina azken eleberri hau «pixka bat diferentea» egin du hainbat arrazoirengatik. XIX. mendeko Araban kokatuta, hiltzaile baten istorioa kontatzen du, Sacamantecasena.
Istorio hau zergatik aukeratu duen azaldu du egileak: «Umea nintzela, gure amak, jaten ez bagenuen edo gauzaren bat berak nahi zuen bezala egiten ez bagenuen, mehatxu egiten zigun Garaiorekin anaia eta bioi. Beti eduki dut buruan, nahiz eta inoiz ez jakin zehatz nor zen Garaio hura. Jakinmin horretatik abiatuta sortu da nobela».
Kontaera soil eta zehatzez
Montoiak aitortu duenez, zaila egin zaio kontu honi nola heldu, Sacamantecasen istorioa nola kontatu asmatzea. Ez zekien nola kontatu baina argi zuen nola ez zuen kontatu nahi. «Hasieratik ulertu nuen ezin nuela enfasia ezertan jarri, kontaerak oso soila eta zehatza izan behar zuela, bere psikologian sartu gabe. Hasieran pentsatu nuen sartzea, baina berehala kendu nuen burutik, kutsu moral batera eramango ninduelako horrek. Iritzietan sartu gabe kontatzen saiatu naiz; irakurleak pentsa dezala nahi duena».
Editoreak aipatu duenez, herriaren memorian lekua egiteaz aparte, bere garaian beldur handi bat eta izugarrizko eskandalua eragin zuen Egilatzen, Donemiliagan, 1821eko urriaren 16an sortutako Garaiok. Izan ere, Arabako Lautadako hainbat herritan laborari eta morroi lanetan ibili zen gizonak sei emakume bortxatu eta hil zituen 1870 eta 1879 bitartean, 13 eta 55 urte artekoak, horietatik lau sexu langileak.
«Dirua oso inportantea zen berarentzat, sexua baino gehiago, hilketa horietako asko diruagatik izan ziren. Ez dago patroi bat jarraitu zuena. Arrazoi ezberdinak eman zituen epaiketan. Ezagutu zutenek beste arrazoi batzuk aipatzen dituzte. Ez dago oso argi», esplikatu du idazleak.
1880an atxilotu zuten eta heriotza zigorra jarri zioten. Gasteizko Sutaustegi Zaharreko presondegian garrotez hil zuten.
Haurrak beldurtzeko erabiltzen ziren istorioen protagonista bilakatu zen Sacamantecas, eta fikzio aunitz egin da beraren inguruan.
…
XIX. mendeko Araban kokatuta, Sacamantecasen istorioa kontatzen du Montoiak nobela berrian