Whatsapp, heriotza eta morboa
Whatsapp, heriotza eta morboa
Gaur egun albiste asko eta asko whatsapp bidez iristen zaizkigu. Denok gara whatsapp talde baten edo batzuen parte: koadrilakoa, lanekoa, militantziakoa, duela hamar urteko klasekoa… Beti daude, gaude, oso jende graziosoa horrelako guneetan, tontakeri bat ikusiz gero besteei bidaltzen diena. Batzuetan txantxa onak, beste batzuetan tonto xamarrak, eta noizbehinka oso gustu txarrekoak.
Kontua da bromen generoaz gaindi morboa ere iristen dela whatsappetik; eta asteburu honetan ikusi dudanak eskemak hautsi dizkit.
Lehenik albistearen irudi bat bidali zidaten, estatuko egunkari batekoa. Hala zioen berriak: “pertsona bat hil da Almerian hirugarren pisutik erorita. Giltzak ahaztu zituen etxe barruan eta leihotik sartzen saiatu zen”. Albiste hori Euskal Herrian whatsapp bitartez zabaltzearen arrazoi bakarra morboa dela iruditzen zait. “Hori da hori artaburua”, “baina nola otu zaio hori egitea”, “mozkorra egongo zen”, eta beste ekarpen zerrenda luze bat. Koadrilarekin biltzerakoan elkarri zerbait kontatzeko aukera ematen duena.
Oraingoz ezer berririk ez. Kontua da oraingoan albistea bideoarekin zetorrela. Gizon bat teilatutik soka baten laguntzaz jaisten ari zela ikustean, bizilagun bat grabatzen hasi, eta bere aldamenekoarekin egoeraz hitz egiten hasi zen. Bideo hori guregana iritsi denez, kuadrila osoak ikusi ahal izan dugu .gizon baten heriotza. Nola hasieran ondo heltzen ari zaion sokari, nola ondoren ikusten den indarrak faltan dituela, nola soltatzen duen soka, nola erortzen den… Segundu batzuetako isilunearen ondoren zartako bat entzuteko.
Gehiegi da. Masa hedabideak kritikatzen ditugu, baina gu geu ere ez dakit zer bihurtzen ari garen. Bideo hori ez dut telebistan ikusi, whatsappetik adiskide batek bidalita baizik. Gero, zorionez, eztabaida latza piztu zen gure taldean, eta ondoren parez pare hitz egin genuen gaiaren inguruan.
Azkeneko puntua hedabideak berak jartzen zuen. Albistearekin erlazionatutako berriak hiru hauek ziren:
- “Bere alaba karta apustu batean jokoan jarri zuelako gizon bat atxilotu dute.”
- Gizon hau Guinnes liburuan sartu da bere 28 behatzei esker.
- Beste itsasontzi bat hondoratu da, eta 24 hildako eragin ditu, erdia umeak
Idatzia irakurri baduzue, ulertuko duzuen bezala, ez dut albistearen ez bideoaren loturarik jarriko.
Whatsapp, heriotza eta morboa