Victor Hugok ekarria

Victor Hugok ekarria –

Victor Hugok ekarria
Arg: oneredsf1

Errepikapenak badu ahalmen handiko zerbait, segur aski, giza burmuinean datzan efektu psikologiko bat dela kausa. Ikerketa anitzek erakutsi dute maite ditugula aldez aurretik entzun edo ikusi ditugun hitzak, eta plazera hartzen dugula errepikatutakoa berriz ere irakurrri edota aditutakoan.

Izan ere, hitz batek edo lerro batek errepikatuz entzulearen edo irakurlearen buruan indar berezia biltzen du, entzuleak edo irakurleak lehendik entzuna edo ikusia entzuten edo ikusten jarraitzen duelako.

Malasiako tradizioan bada pantum izeneko ahozko poema bat, errepikapena oinarri duen forma poetiko bat, errepikapenaren baliabidea muturreraino eramaten duena, zeren eta ez dira soilik errepikatzen fonemak, hitzak edo bertso-lerroren bat: pantum batean lerro bakoitza eta guztiak errepikatzen dira… Nola? Jakin-mina duenak badu jakin-min hori asetzeko aukera bat, Iruñean bertan.

Nafar Ateneoaren Joxemiel Bidador poesia taldean pantuma izeneko artefaktu poetikoa ezagutzeko eta idazten ikasteko atelier bat, taller bat eginen da datorren asteartean, hilaren 28an, 7etan hasita, eta zabalik dago interesa duen ororentzat.

Victor Hugok forma poetiko hori Malasiatik Europara ekarri zuen. Victor Hugo, bai, zera idatzi zuena: “Euskalduna euskaldun sortu, euskaraz mintza, euskaldun bizi eta euskaldun hiltzen da. Euskaldunarendako hizkuntza aberria da, abantzu erlijio bat.”

XIX. mendeko idazle frantses handiarena harrituko ote zen jakitean berak Malasiatik ekarritako pantuma euskaraz ere egiten dela?

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2025eko urtarrilaren 21ekoa]

Victor Hugok ekarria

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Zer duzu buruan “Victor Hugok ekarria”-ri buruz

  • Harritu? Izugarri. Euskalduna erdaraz sortu, Kolonbian esate baterako, erdaraz bizi eta mintza eta erdaraz hil. Azkeneko hori zorionekoa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude