Verdiren euskal joera

Verdiren euskal joera –

Amatiñok bere blogean.

Giuseppe Verdiren “Il trovatore” operarekin amaitu berri da Bilbon ABAOren denboraldia, eta hainbat hedabidek abaguneaz baliatu nahi izan du lau protagonista nagusietako bat euskalduna dela adierazteko. Bai, Azucena ijitua bizkaitarra zen, nonbait; baina, bera soilik ote? Beste emakumea, Leonora gorteko dama ere, ez ote zitekeen euskalduna izan?
Verdiren euskal joera
Trobalariaren Dorrea

Ez da musika klasiko askorik ezagutu behar, Carmen (Bizet, 1875) operaren protagonista nagusia, Carmen, euskalduna zena jakiteko, Etxalarren jaio nintzen eta baratze txiki bat nuen aditzera ematen baitu, jatorrizko testuan. Are gutxiago euskal giroan behintzat, operaz gainera, Karmen Etxalarkoa pastorala (web orria) Etxalarren bertan aurkeztu baitzen 2017an., Prosper Mèrimèe idazlearen nobelan oinarritua.

Ez da, ordea, Carmen, Mérimèeren nobelako protagonista euskaldun bakarra. Baita haren amorantea ere, Don Jose kabo nafarra, berak hitzez hitz aitortzen duenez: Elizondon jaio nintzen, Baztan haranean, José Lizarrabengoa naiz izenez. Eta, ezinbestez, baita Don Joseren gaztetako andregaia ere, Micaela, ume-umetatik elkar ezagutzen zuten-eta. Eta, behar bada, baita Zuñiga teniente nafarra ere, antza denez.

Esan gabe doa Carmen dela izen bereko operako protagonistarik ezagunena, eta ez, jakina, euskalduna zelako, XIX. mendeko musika-ekoizpenetako pertsonaiarik erotikoena zelako baizik. Baina, ikusi dugunez, nekez izan zitekeen euskaldun bakarra, operaren hainbat sekuentzia nafar mendietan gertatzen baitira, kontrabandistarik ugari zen inguru-minguruan.

.

Trobalariaren Dorrea, Aljaferian

Zer esan, ordea, Il trovatore operako protagonisten gainean? Esan beharrik ez Verdiren operak Etxalarko Carmen bezainbateko protagonista ospetsurik ez duen arren, ez dela inondik ere ezkutuko kontua Verdik Azucena ijitua, Manrico trobalariaren beraren ezustezko ama, kantari kokatzen duela Bizkaiko mendi baten magalean. Baina, hor amaitzen al da dena?

Guztiz ezaguna da Zaragozako Trobalariaren Dorrea. Eraikina Aljaferia jauregiko zaharrenetakoa da, IX. eta X. mendeen artean eraikia. Izena, ordea, XIX. mendetik aurrerakoa, dorre horretan jarri baitzituen Giuseppe Verdik 1853 urtean aurkeztutako “Trobalaria” operararen eszenarik nabarmenenetakoak, eta, hain zuzen ere, Manrico trobalariaren eta erreginaren gorteko dama zen Leonora Sesé de Urrea anderearen arteko amodio-afera.

Urreaneko guztiak euskaldunak zirenik ezin jakin eta ezin esan.  Baina badakigu Ximenez de Urrea leinua Nafarroako Alfontso I.a Borrokalariak (1073-1134) sortarazi zuena, bere agintepeko erreinua Burgostik Lleidara eta Baionatik Terueleraino zabaltzen zen garaietan (1).

Badakigu istorioa 1412 inguruan-edo gertatu zena, XIV-XVI. mendeetan euskara hizkuntza arrunta zelarik Hueskako merkatuan eta, Notitia Utriusque Vasconiae liburuari jaramonik egingo badiogu, Oihenartek beste euskal lurraldeen pareko jo zuena Jaca ingurua (2) XVII. mendean. Eta jakin ere badakigu, Urrearren artean denetariko jatorriak zeudena, “Sobrarbe, Ribagorza, Araba, Iruñea, Bizkaia eta Pirinioez gandikoak” (3),  denak ere euskaraz mintzo zen erresumako biztanleak zirelarik.

Batek daki zergatik zuen Verdik Euskal Herriarekiko nolabaiteko joera, ezin bestela ulertu zelan “Ijituen eta toreatzaileen koruan” toreatzaile nagusia bizkaitarra den: Piquillo toreatzaile bizkaitar eder eta bikaina, beso sendoa, begirada basatia, zezenketen erregea. Eta era berean, nork daki  zergatik aipatu ote zituen “aizto bilbotarrak” (4) Falstaff operan!

.

1) Taull, orain dela mila urteko euskal mendatea

2) Vasconum populi alii citra Pyreneum in Iberia, alii ultra Pyreneum in Aquitania sedes habent. Citra Pyreneum sunt Navarri, Jacenses, Alavenses, Ypuzcoates, et Biscayni. Ultra Pyreneus, Gascones et Vaci. El euskera en la Huesca de los siglos XIV al XVII. 16. or.

3) La leyenda del origen de la Casa de Urrea. Etiología de una tradición. Ikus 88. orrialdearen hasieran.

4) Verdiren burutan, aizto onak dira “bilbotarrak”. Shakespearek, aldiz, altzairu onenekotzat jotzen ditu “bilbo” ezpatak (The Merry Wives of Windsor) eta “bilboes”  (Hamlet) deitzen die presoak orkatiletatik lotzeko oin-bilurrei. Bostehun urte geroago, “Bilbao” esaten zaio nazioarteko merkatuan, Ipar Ameriketan batez ere, Bilbon (Petronorren) egiten den lehen mailako gasolina-motari. 

Verdiren euskal joera

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.