[ARGIA] Kazetaritza egiteagatik mehatxatuak

Kazetaritza egiteagatik mehatxatuak –

Argia aldizkariko lantaldeak mehatxuak salatu ditu.

Guatemalako kazetari bati egindako elkarrizketa saretik kentzeko agindu dio meatzaritza multinazional boteretsu batek “difamazioa” egotzita, eta kalte-ordainetan 15.000 euro eskatu.

Mehatxuen aurrean, Argia aldizkariak babes eskaera egin eta kazetaritza independentea aldarrikatu du.

Kazetaritza egiteagatik mehatxatuakEzohiko prentsa agerpen baten bitartez egin du salaketa Argia aldizkariak, soinean “Kazetaritza ez da delitua” tisertak zeramatzan lan taldea elkartuta. Izan ere, jazotakoari oihartzuna eman eta gaia sakonago ikertzeko baliatu gura dute aldizkarian: “inork ez digu esango nor elkarrizketatu ahal dugun eta nor ez”. Aldizkariak Lasarten duen egoitzan, Leire Artolak egin ditu bozeramaile lanak, eta Ainhize Zabala izan du ondoan, Mugarik Gabe GKEren izenean babesa agertzen.

Solway Investment Group errusiar kapitala duen meatze-enpresa boteretsu bat da, egoitza Suitzan duena. Multinazional honek, bere jardueren artean, Fenix meategia ustiatzen du q´eqchi herri mayak bizileku duen Guatemalako El Estorren -Izabal lakuaren ertzean-. Bertatik nikela ateratzen dute, besteak beste Ikea eta Bosch-Siemens altzairu herdoilgaitzez hornitzen duen Outokumpu finlandiarrarentzat.

Alta, multinazionalak bere jardunean eragiten dituen kalteei jaramon ez egiteaz gain -ingurumenean eta bertako herri indigenen bizimoduan-, errepresio gordina erabili dute, ustelkeria lagun (agintari, polizia, prentsa…). Latinoamerikan ohikoegia ei da jardunbide hori, baina milioika dokumenturen filtrazioari esker, honakoan gehiegikeria horiek ikertu ahal izan ditu Mining Secrets izeneko egitasmoak.

Gauzak horrela, Argia aldizkariak Prensa Comunitariako Paolina Albani elkarrizketatu zuen, Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta Euskal Herrian zena. Leire Artolak apirilaren 30ean argitaratu zuen elkarrizketa, “Organizazio kriminal gisa jokatzen ari da meatzaritza enpresa” lerroburua zuela; sarean duzue irakurgai.

Kazetaritza egiteagatik mehatxatuakAipatu elkarrizketak, antza, Solway aztoratu du, eta haien ordezkaritza duen Madrilgo abokatu bulego batek burofax bat igorri du, elkarrizketa saretik desagerrarazi eta kalte ordain gisa 15.000 euro eskatuz, osterantzean epaitegietara joko dutela ohartaraziz. Argia aldizkariak mehatxutzat jo du eskaria.

Dirudienez, hedabideei mugak jarri eta kazetaritza lanak oztopatzeko jarrera hau gero eta gehiagotan ematen da, baita gurean ere. Eta gaur Argiari Solwayrekin jazotakoa bihar beste edonori gerta dakiokeelakoan, “adierazpen-askatasunaren kontrako erasotzat” jo du gertatua Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak ere, Argiari elkartasuna agertzeko deia egitearekin batera.

Argiaren aburuz, jasotako mehatxuak sinesgarritasuna ematen dio Paolina Albanik esandakoari, eta gauzak horrela gaia sakonago lantzeko eta informatzen jarraitzeko konpromisoa agertu du aldizkariak, Solwayri “kontrakoa lortu duzue” ihardetsiz. Hasteko, kioskoetara datorren astean, ekainak 25, helduko den 2.830. Argia aldizkarian azalduko dute gertaturikoa.

Kazetaritza egiteagatik mehatxatuak

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “[ARGIA] Kazetaritza egiteagatik mehatxatuak”-ri buruz

  • Solwayk inbertsio errusarrak atzean utzi zituen zeren Putin eta abar. Eta jabea, ez da espreski errusiarra…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude