Vassili Grossmanen azken gutuna
Vassili Grossmanen azken gutuna
Joxe Aranzabalek, Armada Gorriko erreportari izan zen Grossman judutarrari irakurri dion liburuaren berri eman digu Faroan; guk Rafaelen Ama Birjina Sixtotarra azaleratzeko baliatu duguna; azpian dituen aingerutxuengatik izango duzu ezaguna.
Azken Gutuna
Aurreko egun batean, Durangon nintzela, altxor txiki bat aurkitu nuen Hitz liburu-dendan: Azken gutuna eta beste, Vassili Grossman idazlearena. Liburu txikia da, 75 orrialdekoa, eta Erein argitaletxeak 2005ean plazaratu zuen Oroimenean barrena bilduman.
Liburuak hiru lan ditu: Azken gutuna, Ikonnikoven gutuna eta Ama Birjina Sixtotarra. Hirurak Felipe Juaristik ederki euskaratuak.
Azken gutuna horixe da, naziek hil behar duten ama batek seme bakarrari idazten dion azken gutuna. Hunkigarria gutxi esatea da, erabat astintzen zaitu-eta kontakizunak. Antza denez, oinarrituta dago Vassili Grossman-en amaren kasuan, naziek hil baitzuten ghetto batean, semea gerra-berriemaile ari zenean Armada Gorriarekin.
Ikonnikoven gutuna, berriz, bestelakoa da. Bertan egileak bere ikuspegia azaltzen du ongia eta ontasuna bereizteko orduan. Egileak gizakiaren ontasunean sinesten du:
Gizabanako batek beste gizabanako baten aurrean erakusten duen ontasun hau lekukorik gabeko ontasuna da, ideologiarik gabeko ontasun txikia. Pentsamendurik gabeko ontasuna. Gizon-emakumeen ontasuna, erlijioaz edo giza ongiaz kanpo dagoena.
Ama Birjina Sixtotarra saio labur bat da Rafael Sanzio pintore errenazentistaren koadro baten inguruan, zeina Armada Gorriak Dresdengo museotik eraman baitzuen Moskura. Koadroak iradokitzen dio gizatasuna dela gizakiaren altxorrik preziatuena.