Urte Zaharra agurtzeko ohitura eta errito zaharrak

Urte Zaharra agurtzeko ohitura eta errito zaharrak –

Urte zaharra badoakigu eta urte berriaren ateetan gaude. Hori dela eta, gure gogora ekarri nahi izan ditut euskaldunok luzaz ospatu ditugun ekitaldi eta erritual modukoak.  Horixe da artikulu honen xedea.

Amaiurko iturria. / Argazkia: Oscar Elorza

1.- Urte Zaharreko zenbait kontu

Euskal Herriko luze-zabalean, Ur goiena, ur barrena deitzen zuten erritoa betetzen zuten Urte Zaharreko gauean. Nafarroa Garaiko Baztanen, Basaburuan, Imozen, Larraunen, Burundan eta Arakil aldean, bederen, bazen urte berriaren etorrerarekin loturiko errito bat, urtero errepikatzen zena. Gaur Burundako Urdiain herrian Ur goienaren erritoa egiten dute oraino, baita Etxarri-Aranatzen eta Bakaikun ere.

Jakitera eman didatenez, Itsason eta Etxalekun oraindik eskean ibiltzen omen dira eta Imotzeko Urritza herrian zaharrek oraindik kantu zaharrak ezagutzen eta tarteka kantatzen omen dituzte.  Maitena Urmeneta iruindarrak jakinarazi didanez, bere amatxi baztandarrak horrelakoa kantatzen zuen aipatu gauean: “Urte berri berri, zer dakarrazu berri, uraren gaina, pakia eta osasuna…”

Sabin Oregi zarauztarrak kontatu didanez, Zarautzen ere, Pagoeta mendiko iturritik eramandako ura banatzen omen zen herrian. Duela hamabost bat urte ohitura berriz egiteari ekin zioten, baina zoritxarrez, bizpahiru urtez bakarrik iraun zuen.

Beraz, garbi dago oraindik zenbait tokitan bizirik dirauela, eta badirudi Nafarroa Garaiaz gain, beste herrialdeetan ere egiten zela. Hau, ene aburuz,  hobeto ikertu beharko litzateke.

Ene ustez, Ur goiena ur barrena erritoa biziki zaharra dugu, eta uraren sakratutasunarekin loturik legoke. Gaur ura baliabide natural gisa dakusagu, baina aro zaharretan gure arbasoek bizi-iturri eta elementu sakratutzat (lurrarekin eta suarekin batera) hartzen zuten. Ene ustez euskaldunok urtats edo urte berria ospatzeko hortik abiatu beharko genuke, mahats eta kanpaikaden kontu arrotz eta itsusi hori bazterrean utzirik.

Ur goiena, ur barrena erritoaz gain, Euskal Herrian barna bestelako kopla, kantu eta bertsoak abesten dira, eta jende ainitz ibiltzen da eskean, oles egiten, etxez etxe eta baserriz baserri. Dios te salve dugu horien artean, agian zabalduena. Hauek ere kontuan hartzeko modukoak direla iruditzen zaizkit.

Urteko azken gauari Iparraldean Urtats deitzen zaio eta Hegoaldean, berriz, Urte Zaharra da gehien zabaldu zaigun izena. Dena den, Oiartzun eta Bidasoa eskualdeetan Gabon Zaharra entzuten da bertako euskaldunen ezpainetatik. Badirudi, oraingo egutegi gregoriarra baino lehenago urtea bukatzen zela Eguberri bezperan, hau da Gabon deitzen dugun gau horretan, eta eguzki berria sortzean (Eguberri), kristauentzat Jesus jaiotzean, urte edo ziklo berria hasten zen. Ez da erran beharrik Eguberri zaharra neguburuarekin loturik zela.

Hori dela eta, urte gregoriarra luzatzean, bi Gabon azaldu ziren, eta herritarrek, oroitzapen zaharra buruan izanik, urteko azken egunari (Urte Zaharra) Gabon Zaharra deitu izan zioten, eta gaur eskualde zabaletan, oraindik horrela deitzen zaio. Hori da, ene ustez, izen horren adierazpena.

 

2.- Ur goiena, ur barrena, Urte Zaharreko usadio zaharra

Urtats edo Urte Zaharreko gauean mutilak lehen, eta neska-mutilak orain, euren herrietako iturrietara joaten ziren eta hortxe zain egoten ziren gaueko hamabiak jo arte. Urte berria hastean, ura jasotzen zuten pitxarretan eta apaizari, alkateari eta gainerako bizilagunei banatzen zieten ur berria edan zezaten. Garai zaharretan urteko lehen ura sendatzailea eta berritzailea zela sinesten zuten. Jose Maria Satrustegi idazle eta antropologoaren esanetan, ur horrek gaitzak sendatzeko eta urte berriko alde txar guztiak uxatzeko balio omen zuen.

Gure arbasoen ustez, ura zerutik datorkigu euriaren bidez (ur goiena) eta lur barrenean aterpetzen da. Lurretik isurtzen diren iturri, erreka eta ibaiek ur hori etengabean ateratzen dute lur azalera (ur barrena). Eta bi ur horiek, goikoa eta barrukoa, goiena eta barrena, dira errito honetan gurtzen direnak.

Gazteak etxez etxe joaten ziren urte berriko ur berri sendatzaile eta berritzailea banatuz. Etxeetara iristean oihu egiten zuten: Urteberri berri! eta etxekoek erantzun: Zer dakarrazu berri?  Ondoren, gazteek hainbat bertso eta kantu eskaintzen zituzten eta esker ona adierazi nahian, etxeetako jaun-andereek jateko eta edatekoak ematen zizkieten. Horrela zen arestian aipatu eskualdeetan, eta horrela da oraindik, Urdiain herrian.

Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak
Jose Maria Satrustegi

Julio eta Pio Caro Baroja anaiek 1972an plazaratu zuten “Navarra, cuatro estaciones”  izeneko erreportaje gogoangarrian jaso zituzten errito honen inguruan ditugun lehen irudiak. 1977an, Pantxoa Karrere eta Peio Ospitalek argitara eman zuten “Oles eta oles” diskoan Urdiainen Ur goiena, ur barrena erritoaren egunean abesten den kantu zaharra jaso eta zabaldu zuten.

Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak

1980an, etnografo handia eta urtetan Urdiaingo apaiza izandako Jose Maria Satrustegik, Txertoa argitaletxearen bidez, plazaratu zuen “Mitos y creencias” izeneko liburuan deskribapen zehatz eta zabala egin zuen. Eta azkenik, 2015ean, Olatz Zugastik “Ur goiena, ur barrena” izeneko disko ederra plazaratu zuen errito zahar horren oihartzuna denon gogora eta belarrietara hedatu nahian.  Bada garaia, gaurko euskaldunok errito zahar hau indartu eta zabaldu dezagun gure geografiaren luze-zabalean.

3.- Urte Zaharreko bertso eta kantuak

Zoritxarrez aunitz galdu badira ere, baditugu oraindik herrietan egin izan diren hainbat aldaeraren zati batzuk. Polita da, esate baterako, Imotz udalerriko Oskotz kontzejuan Fermina Lizasori jaso zitzaion sarrerako bertsoa: Ur barrena, ur goiena / urte berri egun ona / egun onaren seinalea / Izotzetan eta lurretan / hemen dekargu ur berria / Iriki zazu abenduko / gau luzeetan / gu gaixuok ementaria / presta dezazu gosaria / gabiltza hotzak hiltzen / oin hutsetan.

Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak
Urdiaingo iturri zaharra.

Gaur egun ezagutzen dugun bertso sorta osatuena Urdiainen urtero kantatzen dena da. Hasieran gazteek honako zortzi bertso hauek abesten dituzte:

  1.- Arantzazu zer dekazu? / Ur goiena, ur barrena / Ur goiena, ur barrena, / Urteberri egun ona. // 2.- Etxe honetan sar daiena /  bakearekin osasuna / bakearekin osasuna, / onarekin ondasuna. // 3.- Etxekoandre giltzaria /  iriki ezazu ataria. / Badekagu ur berria, / presta ezazu gosaria. // 4.- Etxe honetan oilar bi, / bata bestea iduri. / etxe hontako etxekoandreak / Ama Birjina dirudi. // 5.- Etxe hontako nagusi jaunak / urre gorrizko bizarra. / Hartxek, hartxek eman dia neuri / errealtxo biko zidarra. //  6.- Goian-goian ilardia, / erdi-erdian klabelina, / gure baratzan belar ona / hark botatzen dau usai ona. // 7.- Izotzetan, elurretan, / abenduko gau luzeetan,/ beste guziak ohean eta / gu, gaixook, oinutsetan. // 8.- Eguzu bada, eguzu, / baldin eman nahi badezu, / baldin eman nahi badezu / eta bestela despegi gaitzazu.

Zortzi bertsoz osaturiko kantua amaitu ondoren, gazteek ura eskaintzen diete etxeetako bizilagun guztiei. Lehendabizi agintariek edaten dute ur berritik, apaizak eta alkateak, eta gero, gainerako guztiek. Etxe batean kantariek lortutako saria eskasa bada, bi bertso gehiago gaineratzen dituzte:

9.- Arramarioan dabil sagua, / hari segi dabil katua. / Etxe hontako limosnarekin / ez dugu beteko zakua. // 10.- Etxe honetan dago uztarri / haren gainean uzkar bi. / Halabiz.

Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak
Urdiaingo iturria gaur egun.

Hauxe da, ene irudikoz, euskaldunok bultzatu eta indartu behar dugun eredua, ama-lurrarekin eta izadiarekin erritoa, kontsumismotik urrun dena. Besta, dantza, kantua, bozkarioa… baina gure modura, eta arrotz ildo itsusi horretatik abiaturik.

Jakin badakit, Euskal Herriko geografiaren hainbat tokitan, urarekin eta lurrarekin loturiko horrelako erritual zaharrak berpizten hasiak direla. Ongi legoke hortik abiaturik, izadiarekin eta lurrarekin dugun zor handia, nolabait kitatuko bagenu.  Urte Zahar on eta Urte Berri hobea denontzat. Ur goiena, ur barrena! Hala bedi, hala bekigu!

Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak  Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak  Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak  Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak  Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak  Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak  Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak  Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak  Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak  Urte Zaharrari agurtzeko ohitura eta errito zaharrak

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Urte Zaharra agurtzeko ohitura eta errito zaharrak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude