Urte berriarekin, kultura-txertoa gurekin

Urte berriarekin, kultura-txertoa gurekin –

Urte berriarekin batera abiatuko da Oihaneder Euskararen Etxeak negurako prestatu duen egitaraua: 27 jardueraz osatutako programazio anitza; ikuskizun, musika, erakusketa, film, ikastaro eta jardunaldiz betetako egitaraua. Ohiko ziklo eta jarduerez gain, martxora bitarteko hilabeteetan 3 berrikuntza dira nabarmentzekoak: Hiruerreketa: euskararen arte-urak erakusketa, Ahoskera Laborategia eta TopAraba. Egitarau orokorreko jardueratan parte hartzeko gonbidapenak eskatu beharko dira, astebete lehenagoko aurrerapenaz. Ikastaro eta jardunaldietan, ordea, izena eman beharko da.

2021. urtea hastearekin batera, Oihaneder Euskararen Etxeak neguko programazioari irekiko dizkio ateak. Aurreko hilabeteetan oihanedertarrek erakutsi duten kultura gosearen erritmoari jarraituta, 25 jarduera baino gehiagoz osatutako programazioa eskainiko da, beti bezala, gustu eta diziplina guztientzako erabiltzaileen gozagarri.

Urte berriarekin, kultura-txertoa gurekinMusikaren atalean, hitzordu ugari izango dira aukeran: Lorea eta Maialen Aristegi gazteak izango dira Egin Leku! deialdiaren baitan oholtzara igoko direnak. Eskilarapeko Soinuak alaitzen, ordea, Ainhoa Larrañaga, Ekiza eta Raitx.

Ikuskizunek ere badute lekua: Txakur Gorria kolektiboak H-Artzetik ikuskizuna ekarriko du Oihanederrera, Mikel Soto ondo inguratuta etorriko da Pettiren zuzeneko musikarekin Suak pizten direnean ikuskizunerako, eta Kamikaz kolektiboko Erika Olaizaolak Panpina antzezlana aurkeztuko du.

Ikastaro eta jardunaldiei dagokionean ere izango da non hautatu: Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean Hitz Adina Mintzo, hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak, mankanyera, zuberera, erronkariera eta groelandiera gerturatuko ditu Oihanederrera. Honekin batera eta ikastaro honen baitan, Anhitzak egitasmoak Gasteizen bizi den hizkuntz aniztasuna erakutsiko du. Horrez gain, Komunitate eta bizi eredu berriak ehunduz jardunaldia ere antolatuko da UEUrekin batera.

Ikus-entzunezkoen zaleek hilabetero bi eskaintza izango dituzte eskura: lehenengoa, Filmazpit zikloaren baitan, L ?Atelier, Integrazioaren Nazioarteko Egunari lotuta; The Human Library, “EuropaTransit” proiektuaren baitan sortua; eta Dilili a Paris, 2018an animazio film onenaren Cesar saria lortu zuen Michel Oceloten filma. Bigarren eskaintza, Oihanederrek GEUrekin elkarlanean antolatzen duen Begi Belarri dokumental sortari dagokiona izango da: Lander Garroren Bi urte, lau hilabete eta egun bat, derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten 6 lagunen historia kontatzen duena; Erraiak, Euskal Herri osoan zehar irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen dituena eta Caminho Longe, Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak etxera itzultzeko bidea hartzen dueneko kontakizuna.

Liburu-aurkezpenek ere izango dute lekua Oihanederren: Gotzon Aurrekoetxea eta Jose Luis Ormaetxea “Txipi” irakasleek Euskalkien sailkapen berria aurkeztuko dute eta Jakoba Errekondo dibulgatzaile ezagunak, aldiz, Etxeko landareak, idatzi duen liburu berria.

Ohiko ziklo eta jarduerez gain, hiru egitasmo berri dira Oihanederren egitarauan nabarmendu beharrekoak:

  • Ahoskera Laborategia, UEUrekin elkarlanean, eta hainbat eragileren eta erakunderen laguntzarekin, euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatzeko laborategia izango da. Ilaski Serranok, Franck Dolosorrek eta Edurne Azkaratek otsailean parte hartuko duten mahai-inguru batekin emango zaio hasiera eta apirilera arte luzatuko diren 3 saio trinkoz osatuta egongo da. Saio trinkoetan, Lourdes Oñederra, Oroitz Jauregi, Kike Amonarriz eta Julia Marin adituen ekarpena jasoko da lehenengo; ondorengo laborategian, esperimentatzeari ekingo zaio ikasleek bideratzaile izango duten Imanol Miranda, Jon Sanchez eta Alba Fernandezen laguntzarekin.
  • Hiruerreketa: euskararen arte-urak erakusketari dagokionean, berriz, euskaraz sortzeak dakarren zailtasunaren eta deserosotasunaren inguruko hiru gogoeta artistiko ekarriko ditu Oihanederrek Montehermoso Kulturunera: Zaloa Ipiñak, Zirikak eta Bigarakoek GorreriBisuala, Hitz birziklatuak eta Abere ba egitasmoak erakutsiko dituzte, hurrenez hurren. Otsaila osoan zehar egongo den erakusketa honi lotuta, Zaloa Ipiñak Gorreri bisuala liburua aurkeztuko du, eta Bigarakoek, Abere ba: palindromo ilustratuen piztegia. Azken hauek palindromoak euskaraz sortzen ikasteko lantegia ere eskainiko dute.
  • TopAraba, Araban euskarazko sormen esparrua sustatzeko egitasmoa da. Bi fasetan bideratuko da egitasmo hau: lehenengo fasea, otsailaren 27an egingo den jardunaldiarekin hasiko da: goizean, Xabier Gantzarainek, Harkaitz Canok eta Amançay Gaztañagak hitzaldiak eskainiko dituzte, eta ondoren hirurak, Irene Basilioren gidaritzapean, mahai-inguruan ariko dira. Arratsaldean berriz, kultura-sortzaileen topaketa egingo da: elkar ezagutzeko eta diziplinarteko kultura proiektuak garatzeko saioa izango da. Bigarren fasean, topaketan proposatutako sormen proiektu aukeratuak garatu beharko dira. Proiektu hauek garatzeko diru-poltsa bat egongo da.

Aipatu behar da Oihanederren webgunea izango dela informazio iturri zehatza: eguneratuta egongo da, behin betiko informazioa emango du, eta pandemia egoerak sortzen dituen azkenorduko egokitzapenak bertan eguneratuko dira.

Bestalde, pandemia honek eragindako neurriak betetzen jarraitzea beharrezkoa da (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…). Segurtasun baldintzak bermatzeko neurriak guztion ardura eta erantzukizun bihurtu dira.

Honi lotuta, neguko programazioko jarduerak doakoak diren arren (ikastaro eta jardunaldiak izan ezik), gonbidapena aurrez eskuratu beharko da ohiko moduak erabilita (oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota oihaneder.eus bidez). Ikastaro eta jardunaldietan izenaeman behar da.

Urte berriarekin, kultura-txertoa gurekin