Udalbiltzak ‘Geuretik Sortuak’ aurkeztu du Plateruenan
Udalbiltzak ‘Geuretik Sortuak’ aurkeztu du –
UDALBILTZAK ‘GEURETIK SORTUAK’ AURKEZTU DU GAUR; EUSKARA HUTSEAN EGINDAKO SORMENA EUSKAL HERRIKO BAZTERRETARA ERAMANGO DUEN EKIMENA
…
- Lurralde orekari erreparatuta hautatutako Euskal Herri osoko 25-30 udalerrik hartuko dute parte kultur proiektu honetan; eta literatura, zinemagintza eta antzerkigintza izango ditu ardatz.
- Durangoko Plateruenan egindako aurkezpen ekitaldian proiektuan parte hartuko duten hainbat herritako ordezkariak izan dira; baita kulturgintzaren munduko zenbait aurpegi ezagun ere.
2021. urte osoa eta 2022aren lehen erdia hartuko dituen kultur proiektu berri bat aurkeztu du gaur Udalbiltzak, Durangoko Plateruena Antzokian. Geuretik Sortuak du izena, eta euskara hutsean sortutako literatura, antzerkigintza eta zinemagintza lehen lerroan jartzea du helburu.
Udalbiltzaren jardunak Euskal Herriaren kohesioa helburu duten proiektuak martxan jarri eta kudeatzean datza batik bat; baina ez du orain arte kulturaren munduan zuzenean murgiltzeko aukerarik izan. Jabi Asurmendi lehendakariak gaurko aurkezpenean adierazi duen moduan, “2020an zehar luze eta zabal hausnartu dugu euskal kulturak egun bizi duen egoeraren inguruan, eta bertatik ondorioztatutakoak Udalbiltzatik zerbait egin behar genuela pentsatzera eraman gintuen”. Izan ere, COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi du zenbateraino diren beharrezkoak artea eta kultura gurean, gure herriaren kontakizun sentikorraren lekuko izan daitezen; baina urgentziazko beste egoera baten berri ere eman du, Udalbiltzaren ustetan: euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa dela.
Durangoko zinegotzi Ane Abanzabalegik ireki du aurkezpen ekitaldia, anfitrioi gisa bertaratutakoei eta Udalbiltzari ongietorria eginez. Aurkezpenean izan da, halaber, Hernaniko Kultura zinegotzi eta Udalbiltzako hautetsi den Koro Etxeberria, eta ezin hobe azaldu du euskaraz sortutako kulturaren zailtasuna zein den: “Bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatitua dagoen lurraldea izateak arazoak, zailtasunak eta oztopoak baino ez ditu suposatzen euskal kulturaren eta artearen sormena, garapena eta hedapena normaltasunez eta naturaltasunez bideratu ahal izaterako orduan”.
Egoera horri, beraz, eman nahi dio buelta Udalbiltzak Geuretik Sortuak proiektuarekin, bere indargune eta tresna propioak erabiliz eta bere ibilbidean zehar aliaturik potenteenak izan dituen horien laguntzaz: udalerriak, alegia. Izan ere, 25-30 udalerri hautatu ditu Udalbiltzak lurraldetasun orekari eta tamaina aniztasunari erreparatuta, eta eurak izango dira proiektutik aterako diren sormen lanen laborategi eta eszenatoki.
Hurrengo asteetan ekimenera herri gehiago batuko diren arren, ez da makala dagoeneko Geuretik Sortuak proiektuak bere gain duen udalerrien zerrenda: Durango, Usurbil, Oiartzun, Larrabetzu, Zuia, Artziniega, Oñati, Leitza, Lesaka, Bera, Lexantzu-Zünharre, Amasa-Villabona, Zestoa, Arrigorriaga, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Etxarri-Aranatz, Bergara, Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosillak eman dute dagoeneko parte hartzeko baiezkoa. Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren kasuan, udal hauteskundeak duela gutxi izan zituztenez, beranduago hasi ahal izan du Udalbiltzak eurekin lanketa; eta, beraz, hurrengo asteetan joango da osatzen herrialde hauetako zerrenda.
Plateruenako ekimenean, halaber, hainbat herritako ordezkari izan dira gonbidatu gisa; besteak beste, Ane Abanzabalegi eta Julián Ríos, Durangoko zinegotziak; Beñat Larrañaga, Usurbilgo zinegotzia; Iñigo Gaztelu, Larrabetzuko alkatea; Ladis Satrustegi eta Maitane Rodriguez, Lesakako alkatea eta zinegotzia; Joseba Vivanco eta Unai Gotxi, Artziniegako alkatea eta zinegotzia; Eñaut Barandiaran, Arrigorriagako zinegotzia; Mikel Zabaleta, Leitzako alkatea; Paolo Albanese, Sartagudako zinegotzia; Itziar Mendia eta Cristina Sevilla, Zuiako zinegotziak; Izaro Elortza, Oñatiko alkatea; Eztitxu Mujika, Zaldibiako alkatea eta Xabier Alcuaz, Tafallako zinegotzia.
Horrez gain, kulturgintzaren munduko aktore eta idazle batzuk ere bertan izan dira ekimenaren nondik norakoak entzuten; besteak beste, Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria; Eneko Arrate kultura dinamizatzailea; edota Euskal Aktoreen Batasuneko Olatz Beobide, Ainhoa Etxebarria, Ugaitz Alegria eta Nagore Gonzalez aktoreak. Halaber, aurkezpena amaitzeko, Garazi Etxaburu dantzariak eta Ander Sanchez eta Josu Elvira txalapartariek ikuskizun eder bat eskaini dute. Ekitaldia amaitutakoan argazki kolektiboa atera dute denek antzokiaren kanpoko plazan.
Lau fasetan banatutako proiektua
Baina zertan datza proiektu honek, eta nola garatuko da? Bere bilakaera ondo uler dadin, lau fasetan banatu dute Geuretik Sortuak-en garapena:
Lehen fasea orain bertan gertatzen ari da, eta 2020ko irailean hasi eta abenduaren amaierara bitarte luzatuko da. Fase honetan herriekin elkarlanak bilatzen hasi da Udalbiltza, eta horretan ari da momentu honetan ere. Aipatzekoa, herri batzuek elkarlanean hartuko dutela parte, puntu bakar gisa; esaterako, Bera eta Lesaka bikoteak eta Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosilla laukoteak, Nafarroan.
Bigarren fasean, kulturgileen deialdia eta horiek herriei esleitzea etorriko dira. Hori 2021eko lehen erdian gertatzea aurreikusten da. Deialdi publiko bat aterako du Udalbiltzak kulturgile horiek hautatu ahal izateko. Behin kulturgile bakoitza herri edo herri multzo bati esleitu zaionean, fase honetan ere, egonaldiak gauzatuko dira. Kulturgile bakoitzak hainbat aste igaroko ditu herri horretan, bere artelana sortzeko: eleberri labur bat literaturaren kasuan, film labur bat zinemagintzaren kasuan edo antzezlan bat antzerkigintzaren kasuan.
Hirugarren fasea hedapen fasea litzateke, eta 2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehen erdian burutuko da. Herri bakoitzean proiektu honen bitartez sortutako lan guztien emanaldiak eta aurkezpenak egingo dira, Euskal Herri osoan kultur zirkuitu bat sortuz. Honakoak dira aterako diren obrak: eleberri laburrekin egindako bilduma bat, 4 antzezlan inguru, eta sortutako film laburrak barnebiltzen dituen film luze bat. Eleberri laburren bilduma egingo duen argitaletxea, film luzearen muntatzailea eta antzerki obrak mugituko dituen areto-teknikaria kontratatzeko beste deialdi publiko bat egingo da fase honetan.
Azkenik, laugarren fasean helburuen betetze maila eta proiektuaren balorazioa egingo da, 2021 amaieran. Balorazio honek lagunduko dio Udalbiltzari hurrengo edizioaren diseinuan eta garapenean, etorkizunean Euskal Herriko herri gehiagotara iritsi ahal izateko, baita euskal kulturaren adierazpide gehiagotara ere.
Bakarrik ezin da
Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak jakinarazi duen moduan, bidelagun jakin batzuk gabe “ezin izango genuke egin dugunaren erdia egin eta, beraz, beraiei oso eskertuak” daudela adierazi du. Izan ere, Udalerri partehartzaileek proiektua hauspotzeko eskainitako laguntza ekonomikoaz gain, proiektua bere osotasunean garatu ahal izateko eragile batzuen laguntza ezinbestekoa izan da. Horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, Errigora ekimena edota Zazpiak Bat elkartea, Nafarroa hegoaldeko eta Zuberoako herriak (hurrenez hurren) sar zitezen eskainitako laguntzagatik. Errigorako lehendakari Natxi Aranburu ere ekitaldian izan da, proiektuari bermea erakutsi asmoz; baita Udalbiltzako Batzorde Eragileko kide Pili Legarra ere.
Horretaz gain, Jabi Asurmendik eskertu die proiektu honetan era batean edo bestean lan egin duten pertsona guztiei eta “nola ez, Udalbiltzako partzuergokideak diren eta Udalbiltzarekin hitzarmenak dituzten herriei zein Udalbiltzari babesa ematen dioten hautetsi guztiei, haiei esker eraman ahal dira aurrera hau bezalako proiektuak”.
Asurmendik ekitaldiaren amaieran gehitu duenez, parte hartuko duten herriekin, aipatutako elkarte horiekin, gerora batuko direnen laguntzarekin eta Udalbiltzaren ahaleginarekin, orotara, 600.000 – 700.000 euro inguru jarriko dira proiektu hau garatzeko 2021 eta 2022an zehar, lanen ekoizpenerako gastuak, hedapen fasekoak eta gastu orokorrak zein egitura gastuak kontuan hartuta.
…
Proiektu interesgarria eta beharrezkoa. Literaturan, eleberria. Beste generoek ere mereziko lukete, ba!