Txoriek isilik kantatzen dutena
Jarbas Agnelli publizitate-errealizadore eta musikagile brasildarrak bazekien “hura ez zela munduko ideiarik originalena”, baina benetako jakinmina piztu zitzaion txori haiek isilik iradokitzen ari ziren musika entzuteko.
Txoriek idatzitako notekin musika sortu, eta argazkiaren egileari bidali zion, Paulo Pintori. Azken honek, hunkituta, lan egiten zuen Estadao egunkariko lankide kazetari bati kontatu zion istorioa, eta dena elkarrizketa batean azaldu zuten egunkarian berean.
Gero, argazkia, musika eta partitura hartuta, honako bideo hau sareratu zuen Jarbas Agnellik guztion gozamenerako.
Sekulako oihartzuna izan du bideoak, lau haizetara zabaldu da, milioika lagunok ikusi dugu, eta hamaika elkarrizketa eta hitzaldi eskaini behar izan ditu autoreak.
Jarbas Agnelli harrituta dago halako ekimen txiki batek sortu duen mugimendu handia ikusita. Eta dioena ez da oso originala, baina bai gogoratzea komeni den egia handi horietako bat: “poesia edonon dago, nonahi, eta gure begiradan, geure begiratzeko moduan dago gakoa”.
Azpiko beste bideo honetan, istorioa osorik kontatzeaz gainera, kantaren eta bideoaren bertsio luzeagoak eskaintzen ditu autoreak, zuzeneko emanaldian, orkestratxo baten laguntzaz (6 min.). Merezi du ikusi eta entzutea.
Txoriak beti bagara txori, eta, isilik egon arren, kontu ugari adierazi nahian ari baldin bagara beti, noiz agertuko da, non, gure kokapena egoki dezifratu eta kanta berri on bat sortuko duen sortzaile edo ameslari hori?…