Txillardegiren lagin bat
Txillardegik bere eskuz idatzitako hitzalditxoa da argazkikoa, Udako Euskal Unibertsitateak hamar urte bete zituenekoa 1982an. Ez da gauza handia, baina balio du Txillardegi nolako pentsalaria eta ekintzailea zen jakiteko edo, bederen, traza hartzeko. Transkribatu ere egin dugu.
Hamargarren urtea (1982-VII-24)
“Urruti gelditu dira Baiona-ko hitzaldi-saioak. Urruti Uztaritze-ko eta Donibane-ko saio apalak. U.E.U. hau sendotu egin da, eta aurten bere X.garren urtea bete du.
Giro ona, beroa, abertzalea; edozein euskaltzalek arnasa hartzeko modukoa. Hemen ez dago ikasle/irakasle baraderarik. Unibertsitate herrikoirik baldin badago, hauxe da denetan herrikoiena.
Lana ere bai, ugari, U.E.U. honetan. Ez Iruñean bakarrik: ikasleek urtean barrena egiten dute lan. Eta hemen ere bai, egia esateko; Iruñea “by night” hein batez, U.E.U.koen kuttuna izan arren.
U.E.U.ko liburu-denda ikuskatzeak harritu egiten du: liburu pila bat (dozenaka liburu, bai) argitaratu ditu jadanik U.E.U.-ak hamar urte nonetan. Lan gaitza egin da jakintza-sail guztietan. Lan apala, lan zaila, lan harrigarria.
Ez hemen bakarrik. U.Z.E.I.-ko hiztegiek erruz zor diete U.E.U.-ko ikasle eta irakasleei; eta, bestetan ere, ageri da hemengo euskaltzaleen fruitua.
Ito egin nahi gaituzte, jakina; Euskal Herria saldu dutenek nahi gaituzte ito; eskuindarren eskuetan dagoen diru-iturria hetsiz. Baina ez gaituzte itoko. Euskal-Herri euskaldunaren hazia hemen ereiten delako; eta ez piper-potoa banatzen duten salduen areto dotoreetan.
Orain eta beti: gora Udako Euskal Unibertsitatea!”
Txillardegi