Txikijazz ere, handitzen handitzen

Txikijazz ere, handitzen handitzen –

Badoa uztaila aurrera, eta laster dugu Donostiako Jazzaldia, bere baitan musika jaialdi bat baino gehiago gordetzen dituena. Doaneko eta ordainpeko kontzertuena, jazz doinuena eta gainontzekoena, aretoko zuzenekoena edo terrazetakoa. Eta Txikijazzekin, beste bi multzotan ere bana daiteke sailkapena, umeena eta helduena, edo nahiago bada, goizekoa edo iluntzekoa.

Txikijazz ere, handitzen handitzen
Txikijazzeko antolatzaileak, Idoia Aizkorreta ilustratzailearekin eta Txikijazz Big Bandeko bi musikari gazterekin (Josi Unanue).

Aurten zazpigarren edizioa du Txikijazzek, eta iaz Kutxa Kulturrekin egin zuen elkarlanaren bidetik, lehen aldiz bere programazioak lau egun hartuko ditu, ohikoa zuen egitaraua egun bat luzatuta. Hasiera eta bukaera Kursaaleko Terrazetan emango zaio Txikijazzi, uztailaren 25ean eta 28an, eta Tabakaleran garatuko ditu uztailaren 26 eta 27ko ekimenak.

Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinen esanetan, Txikijazzen helburua ez da haurrak erakartzea, ez bada publiko familiarra lortzea. “Jazz zale guztiok izan genuen hastapen bat zeinetan musikak harrapatu gintuen, eta horixe da gura genukeena, jazzaren gozamena musikaren bidez hedatu”.

Tabakalera zein Kursaaleko terrazetan, antolatutako ekimen guzti-guztiak doanekoak eta irekiak dira, gehienak euskaraz (ekitaldiren bat, baita frantsesez eta ingelesez ere). 12.00etatik 14.00etara luzatuko den egitarauan, eskulanak, dantza ikastaroak eta beste izango dira gozagarri, baita lau zuzeneko bikain ere.

Ekimen gutxi batzuk baino ez azpimarratzearren, Idoia Aizkorretak ilustrazio tailer bat eskainiko du haur eta gaztetxoentzat; Trakamatrakak birziklatzeko materialarekin instrumentuak egiteko tailerra (eta kontzertua) gidatuko du, eta Larraitz Ugartemendiak klake dantza ikastaroa (azken honetarako aurretiaz izena eman beharko da).

Kontzertuei dagokienean, lau zuzeneko jasotzen ditu egitarauak, eguneko bat, 12.30ean hasita. Azken egunekoan, uztailaren 28an, gaztetxoz osatutako Txikijazz Big Bandak joko du. Urte hasieran egin zituzten musikari berriak hautatzeko frogak -urtetxo batzuk dira lanean dabiltzala-, eta geroztik partiturak prestatzen joan dira. Aste Santuan entseguak egin zituzten, eta orain ere horretan dabiltza. “Lan ikaragarria egin dute”, diosku Txikijazzeko arduradun Patxi Berradrek.

Dan Barrett (tronboia), Enric Peidro (saxo tenorea), Richard Busiackiewicz (pianoa), Nicky Parrott (ahotsa eta kontrabaxua), Michael Keul (bateria)

Dan Barret jazz klasikoaren azken hamarkadetako trombonista, tronpetari eta musika moldatzaile hoberenetariko bat da. Paregabeko musikariak lagunduta, talde dotore honek jazz klasiko zaleek maitatuko duten kontzertua eskainiko dute.

Alaitasunaren bermea, barrenak astinduko dituzte. Swing asko, dantza asko eta askoz gehiago izango dugu kontzertu honetan.

.

Eduardo Lazaga (bateria, koruak), Denis Barzaga (perkusioa, koruak), Yarian Yaque (tronboia), Jon Oiartzun (baxua), Jimmy Bidaurreta (teklatuak, koruak), Mikel Makala (ahotsa)

Mikel Makala, DJ eta musikari eusko-alemaniarra eta Jimmy Bidaurreta ekoizle, musikari eta Gasteiz Big Band-eko zuzendaria aspaldidanik dabiltza beren soinu unibertso propioak sortzen. Descarga Libre, bilduma formako bikotearen lan berrian, askotariko osagai eta lehengaiekin; hala nola, Latin, Jazz, Soul, Funk, Descarga, Salsa Nuyorican edo Afro-Cubatar zertzeladekin sekulako marmitakoa prestatu daiteke. Erritmo latindarrekin maitemindutako alkimistok, iraganeko musika egiten dute gaurko belarriekin, edo nahi baduzue gaur-gaurko musika iraganeko belarriekin. Emaitza kitzikagarria da, eta sekzio erritmikoak aldakak mugiaraziko dizkigu, gorputza dar-dar batean jartzeraino.

.

BROKEN BROTHERS BRASS BAND

Uztailak 27 (12.30ean Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan)

Alfonso Areta Ballester (helikoia), Juan Pedro Medrano Salcedo (helikoia), Jon Uribeetxeberria Iriarte (bonboa), Dani Lizarraga Goñi (danborra), Ion Celestino Manterola (tronpa), Marío Díaz De Rada Lizaldez (tronpa), Julen Arbizu Ceniceros (tronpeta), Javier Jauquicoa Urbiola (tronboia), Adrián Martínez Regaira (tronboia), Miguel Moisés Jauregui (tronboia), Eneko Urrestarazu Iglesias (tronboia)

Broken Brothers Brass Band (BBBB) taldeak New Orleansen gaur entzuten den soinurik apurtzaileena dakarkigu. Haien joaldiak inprobisazio kolektiboaren kaos ordenatutik abiaturik, tradiziozko pieza klasikoen edota brass band finenen hileta-musikaren interpretazio freskagarrietara iristen dira. Gehienean kalean jotzen duen banda bat den arren, oraingoan agertokiko lehen lerroan izango ditugu haize-instrumentuak, eta atzekoan, berriz, perkusiokoak. Emaitza erritmo inguratzaile, kartsu eta ikaragarri alai bat da, gospel, funk eta jazz modernoz betea.

.

TXIKIJAZZ BIG BAND 2019

Bueltan dator Txikijazz Big Band, Gipuzkoako jazz musikarien belaunaldi berria. Aurten, 2019ko entzunaldien ostean, 50 bat musikarik ordu bete inguruko kontzertua eskainiko dute. Bertan big bandarako moldatutako 12 abestiz gozatuko dugu, jazz, blues, swing eta souleko estandarrak. Emozioz eta talentuz jositako kontzertua, txikienak profesionalen oholtza nagusi direla.

Txikijazz ere, handitzen handitzen Txikijazz ere, handitzen handitzen