‘Trikiharria’, Perurena eta Kepa Junkera protagonista dituen ekitaldia, Bilbon eta Gasteizen taularatuko da aste honetan

Trikiharria –

TrikiharriaAsteazkenean, urriak 4, Bilboko Dock Espazioan (19:00etan), eta hurrengo egunean osteguna, ordu berberan, Gasteizko Artium Museoan, TRIKIHARRIA performancea taularatuko dute Iñaki Perurenak eta Kepa Junkerak.

MondragonLinguak antolatutako TOPAKEtalk izeneko zikloaren barruan kokatzen da Donostian pasa den 25ean lehenengo aldiz egin zen ikuskizun hau. Bertan, ikuspegi emozional batetik jorratuko da sormen artistikoaren eta hizkuntzen arteko komunikazioa.

TRIKIHARRIA ahozko hausnarketa eta zuzeneko musika bateratzen dituen ekitaldia da. 41 urte harriarekin ibili eta gero, asko dauka Perurenak harriaren inguruan esateko. Gaia bere osotasunean hartuta, karga autobiografiko handia duen bakarrizketa bat prestatu du.

Performance honetan, Leitzako harri-jasotzaileak harriaren inguruko zenbait kontu botako ditu euskaraz eta bederatzi atal laburretan. Zenbait anekdota eta oroimen ekarriko ditu gogora, haurtzarotik harrijasotzaile-lanbidea utzi behar izan zuen arte. Baina baita euskal kulturan eta hizkuntzan harria duen presentziaz ere mintzatuko zaigu. Gainera, berak sortutako bertsoak kantatuko ditu. Kepa Junkera saio honetarako bereziki konposatutako doinu berriekin eta kanta herrikoiekin tartekatuko da bakarrizketa. Trikitixa jotzeaz gain, Junkerak harrizko txalaparta bat eta beste tresna tradizional batzuk erabiliko ditu.

Sarrera doan izango da tokia bete arte, baina aldez aurretik izena eman beharko da MondragonLingua zentroetan edo www.mondragonlingua.com webgunean.

Urriak 4, asteazkena: Dock espazioan (Uribitarte, 3), 19:00etan.

Urriak 5, osteguna: Vitoria-Gasteizko Artium museoan, 19:00etan.

Trikiharria

Trikiharria