Transustanziaziotik Xavier Zubiriren transustantibizaziora

Transustanziaziotik Xavier Zubiriren transustantibizaziora –

Xavier Zubirik, erreal den eta errealitatea den horri buruzko bere filosofiaren bitartez, errealitate eukaristizatuaren gainean ere jardun nahi izan zuen .

Transustanziaziotik Xavier Zubiriren transustantibizazioraBere ekarpena aurkeztu aurretik, Trentok fede eduki honi dagokionean sinestunak aitortu beharrekoa jasotzen du. Eukaristian bene-benetan Kristoren gorputza zegoen, hori zioen hasteko eta behin Trentok, nahiz-eta, hurren, Zubirik bere garapen teologikorako bide emango zion honako hau gehitu: hori aitortzen du, ezin uka, baina ez zen inondik zehazten berorren ulerpenerako zein zen baliatu beharreko errealitate-teoria, eta esku arteko sustantzia delako hori sustantzia aristoteliar ote zenetz.

Hastapenetako aipatu zehaztapen hori eginda, bigarren urratsa ematera abiatu zen; alegia, errealitate-gauza eta zentzu-gauza arteko bereiztea. Bereizte hori adibideren bat edo besterekin azaltze aldera, besteak beste, kobazuloarenaz baliatu zen; berau, errealitate-gauza aldetik, den hori baino ez da, hau da, haitzen arteko hutsune-zulo bat; baina, zentzu-gauzaren dimentsio aldetik, giza adimenak formaldu izanaren erasanez, bizitoki, babesleku, aterpe…izango da.

Esandako horretan oin harturik, zera esango digu Zubirik; Kristok ogia hartu, zatitu, eta bere ikasleen artean partekatzerakoan, ogi hori ez da soil-soilik jateko den eta materiala den hori partekatze hutsa, baizik-eta, horrekin bateratsu, eta hau da zinez garrantzia hartzen duena, “zabaltze” bat, “hedatze” bat, eragiten du, eta berorren erasanez, bat-egite material eta pertsonen artekoa (agape) sortzen du. Eukaristiaren bitartez, berau jasotzen duen orok Kristoren Gorputzarekin bat-egite formal iristen du (“Ni naiz mahatsondoa eta zuek ahienak” (Jn 15,5)). Hortaz, elikagai materiala izatea beste zentzurik ez zuen hasierako ogia, gerora, elikagai espiritual bilakatzen da.
Ondorengo zentzu-gauza dugun honek (ogi eukaristizatua) derrigor aldez aurretiko errealitate-gauza baten gainean hartzen du oinarri (elikagai arrunta den ogian). Kristoren ekimenez, ogia, behin kontsakratuta, zin-zinez elikagai espiritual bilakatzen da, Kristoren Gorputz bilakatzen da. Ogiak berez ez du propietate berririk beretzen, ez, hartzen duen errealitate berri hori signitiva baino ez da, eta berau formalki sakramentuzko egoera bat dugu. Behin Kristoren eraginez ogia bestelako egoera horretara iragaten dela, ogia jada besterik da, beste errealitate bat.

Sustantzia” eta “akzidente” kategorietan oinarritutako filosofia aristoteliarra gainditzeari, beharrezko, ezinbesteko, irizten dio Zubirik eukaristiaren ulerpen egoki eta gaurkotua lortze aldera. Aristotelesen “substantziaren” ordez, berak “sustantibitatearen” alde egiten du. Beregaina izateko nota adina duen errealitateak du sustantibitatea; berau ezin konta ahala notak osatua izango da, eta nota horietariko batzuk eratzaileak (constituyentes) izango dira, eta bestetzuk, aldiz, gain-etorriak (adventicias). Errealitate oro, erreala den aldetik, denboraren joanean, bere gain-etorritako notak galduz, erantsiz, edo aldatuz joaten da, eta horrela oraineratzen dira (actualizan), halako moldez, non eraldaketa bilakaera horren bitartez bestelako errealitate berriekin ere harremanak bilbatuz joaten diren.

Eukaristia eragiten duen eraldaketa errealitate mailan gauzatzen da, eta, bere forma substantzialak (fisikoa) lehengo berean dirauen bitartean, bere ezaugarri fisiko-kimikoek lehengo bere-berean dirauten bitartean, errealitate mailan jasandako eraldaketaren eraginez, forma sustantibo berri bat osatzen du ogiak.

Prozesu honetan Kristok ez du bere propietate, bere nota, bat bakarra ere galtzen; honelakorik ez luke ezein teologok duda-mudatan jarriko. Kristoren Gorputza osatzen duten notak, ogian formalki egon bainoago, berauek, Kristoren baitan egoteaz bateratsu, izanarazten dira ogi kontsakratuan. Ogi kontsakratuak, berau goraltxatua izan den aldetik, bere baitan Kristoren oinarrizko koherentziazko batasuna (unidad coherencial primaria: Kristo bera dena izateko eduki beharrekoa) iristen du. Eukaristiaren ondorenean, ogi kontsakratuaren nota askok Kristoren Gorputza berekin izan bai, baina oroz gain, Kristorengana bideratzen gaituzte. Kristoren Gorputza ez da egongo hor, metafisikaren erakusgarri gisa, baizik-eta gizakiei bere burua luzatzeko, eta kontuak horrela, Kristo-“ren” notak diren horiek, handik hara, jaunartze egindakoa-“rentzako” notak ere izango dira. Zubiriren ikusian, emankortasun inoizkorik eskuzabalena dugu gertakari hau. Zubiriren esanetan, kontsakrazioak bere baitan bi dimentsio ditu; aurrena, Jesusek, ogia hartuta, beretu egiten du; hurrena, bere burua emanez, bertaratzen da gizakiokin komunikatzeko. Hor hain justu, dio Zubirik, batasun metafisikoa, teologala zein teologikoa burutzen da.

Aurkezpen trinko eta labur hau amaitze aldera, azken zehaztapen bat; eukaristian sortzen den errealitate berria ez dugu guk baitaratzen, baizik-eta ogiaren errealitate sortu berri horren bitartez gerok, geure errealitateak, egiten du bat Kristorekin. Bat-egite hori erabatekoa da, ez soilki hastapen moduan (incoativamente), bataioan bezala. Eukaristiak fededunaren bizitza arrunta bizitza kristiko bilakarazten du eta, horrez gain, batera jaunartzen duten kristaukideak euren artean elkar lotzen ditu Kristoren bitartez.

Transustanziaziotik Xavier Zubiriren transustantibizaziora

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Zer duzu buruan “Transustanziaziotik Xavier Zubiriren transustantibizaziora”-ri buruz

  • Txuribeltza 2023-11-06 12:30

    Eskerrik asko, behingoz norbaitek begi aurrean askotan izan dudan fenomenu honen esplikazio zabal xamarra eman didazulako.

    Ez dut heziera erlijiosorik eduki eta nire kabuz ibilia naiz izpiritualitatearen urak astintzen. Baina lagunak eta aidekoak ditudanez eta tarteka hil egiten direnez, okasioa izan dut eukaristiaren zeremonia ikusteko.

    Errito batek nolabaiteko errealitate izpiritual bati begiratzen dio. Erritoa izan daiteke joan den igandeko manifan egotea edota elizara joatea. Azken kasu honetan deitzen den subjektua unibertsoa egin duen “Jainkoa” da. Jesukristo jainko delako horren gorpuzketa da, “enkarnazioa” deitzen zaiona.

    Orduan “Jainko” hori jan behar da bere bertutea (ongia eta indarra) geureganatzeko. Osiris-ekin, aztekek jan egiten zituzten gizakiekin, hamaika kultura eta erlijioetan gertatzen diren erritualekin, antzeko gauza bat gertatzen dela iruditzen zait. Noski, Jesukristo, krisatuen ustez, pertsonai historiko bat da. Beraz, jakin ez dakigun bitarteko izpiritual batzuen bitartez bere “presentzia” guganaino dator eta gainera zeremonia horren partaide egin gaitzake.

    Oso interesgarria Zubirik (eta Goitiak) horretaz egiten duen transposizio filosofikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude