Bereizten jakitea: teknika eta artea

Bereizten jakitea: teknika eta artea –

Edu Zelaietak Arabako Alea agerkarian.

Bereizten jakitea: teknika eta artea“Gero eta okerrago daramat ezaugarri jakin bat duten pertsonak zaku bakarrean sartzearena”.
XX. mendearen hasieran finkatu omen zen zazpi arteen sailkapena. 1911n, Canudo italiarrak zinemaren arte berria aldarrikatu zuen kanon klasikoan sartzeko. Denborak ongi erakutsi digunez, haren proposamenak arrakasta izan zuen eta, ondorioz, zazpigarren arteaz hitz egiten da gaur arazorik gabe. Geroago, beste aldarrikapen batzuk etorri dira: argazkigintza, komikigintza, bideo-jokoakā€¦ Hala, zenbait ahotsek zortzigarren artea, bederatzigarren artea edota hamargarren artea proposatu dituzte. Nolanahi ere, ez dirudi erabateko adostasunik dagoenik horien gainean.

Arteaz edo arteez ari garela, interesgarria da ikustea hitzaren jatorria nondik datorren. Izan ere, berbaren etimologiak latinera garamatza (ars-artis), baina, maiz aski gertatzen den bezala, latinezko hitzak grezierazko terminoa kontuan hartu omen zuen: gure “teknika“-rekin estuki lotua den tekne, hain zuzen ere. Ondoren, berba bakoitzak bere bidea egin du; gaur den egunean, nekez ikusten ditugu uztarri berean artea eta teknika.

Alabaina, hasieran bezalaxe, elkarloturik jarraitzen dute teknikak eta arteak. Ezagunak diren hainbat artistak behin baino gehiagotan nabarmendu duten eran, artelan bakoitzaren atzean ordu asko eta asko daude: diziplina artistikoa gobernatzeko lasterbiderik ez dago, eta lan joriaren bidez hobetzen da teknika. Lana da, beraz, sekretu nagusia, eta haren bidez erakartzen dira uste erromantikoak maite dituen inspirazioa eta musak.

Ez dakit leku propiorik beharko lukeen hasierako sailkapenean, baina gero eta gehiago estimatzen dut bizitza galbahetik iragazteko trebetasuna. Bereizten jakiteaz ari naiz; horretarako behar diren teknikaz eta arteaz. Izan ere, gero eta okerrago daramat ezaugarri jakin bat duten pertsonak zaku bakarrean sartzearena. Alde horretatik, udaberria hauteskundez leher etorriko zaigula-eta, dagoeneko gogaitzen hasia naiz lelo zabaldu batekin: “politikari guztiak berdinak dira”.

Gertu eduki galbahea; ongi presta esku-gogoa. Hauteskundeen aurretik eta ondotik. Eta ez alderdiei begira bakarrik.

Bereizten jakitea: teknika eta artea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.