Taj Mahal beltza
Taj Mahal beltza
Taj Mahal beltza baino ezagunagoa da zuria, noski; nik aste honetan izan dut bigarren Taj Mahalaren berri.
Mumtaz Mahal erregina mongoliarra bere hamalaugarren umea erditzerakoan hil zen. Shah Jahan alargunak eraikiarazi zuen Taj Mahal Agrako hiriaren kanpoaldean, Indian, emaztearen gorpua bertan lurperatzeko. Mausoleoa marmol zuriz egina dago, eta ia erabat simetrikoa da. Ia.
Simetriarekiko maitasun handia omen zeukaten bai arkitektoak eta bai enperadoreak. Baina asimetria eragiten zuten bi elementu zeuden eraikuntzan. Batetik, enperadorearen semeetako batek aitaren aurka jo zuen boterea eskuratzeko, eta aita hil zenean, Muntaz Mahalekin sartu zuen jauregian, lehen desoreka sortuz; bigarrena lorategiak ziren. Mausoleoa lorategiaren erdian kokatu beharrean, bazter batean aurkitzen zela uste zuten orain arte.
Baina Yamuna errekaren beste aldean aurkikuntza itzela egin zuten duela urte gutxi. Kondairaren arabera, enperadoreak marmol beltzez eraikitako beste mausoleo bat eraiki nahi zuen bere gorpuarentzako, emazteari eraikitakoaren parean, errekaren beste aldean. Indusketak egin ondoren, ordea, ez da marmol beltzaren arrastorik azaldu; aurkitu dutena lorategi bat da.
Aztarnak aztertuz ohartu dira Taj Mahal inguruko lorategiak ere baduela oreka simetrikoa, Yamunaren beste aldekoa gehituta. “Ilargiaren lorategia” deitu diote. Izan ere, topatu dutenaren arabera, piszina oktogonal bat zegoen bertan, eta ilargiak Taj Mahalen itzala islatzen zuen bere uretan.
Kolore beltzeko Taj Mahal bat.
Gora aktitektura!
…
Aurretik ZUZEUn Taj Mahal-en inguruan…