Epaitua soilik absolbitu daiteke

Epaitua soilik absolbitu daiteke

Pello Olanok egun luzea pasa du. Goizean goiz jaiki da beharrera, korrika eta presaka bezperan prestatutako babarrunak bazkaldu ditu, eta berriro itzuli da bere zereginetara. Ordainpeko lan orduak amaitu bezain pronto, Pello Olano etxera joan da. Erosketak egin ditu, afaltzeko zerbait, eta trago pare bat hartu ditu lagunekin. Mokadu bat egin bezain pronto, ohean etzan da liburu bat esku artean. Lizartzako zerua ilundu da dagoenekoz, eta loak berehala besarkatu du. Pello Olanok egun luzea pasa du.

Baina betazalak ixterakoan Pello Olanok ez daki gau luzeagoa pasako duela; bezperako eguna benetan motza egingo zaiola iristear daudenekin alderatuta. Ohean etzan denean irakurtzen ari zen eleberriaren fikzioa motz geratuko da, zeren eta, poliziaren ustez, Pello Olano ez da gizon arrunta.

Etxera iritsitakoan normaltasunez itxi duen atea anormaltasunez zabaldu da. Pello Olano bortizki esnatu dute, fikzio gordinak esku burdinak jarri dizkio, eta doilorkeriak bahituta darama Lizartzatik.

Pello Olanori esan diote 2001eko apirilean misilak jaurtitzeko arma batekin Jose Maria Aznar espainiar presidente ohia hiltzen saiatu zela. Pello Olano torturatu egin dute. Pello Olano espetxeratu egin dute, sakabanaketa politika ezarriz. Ondorioz, Pello Olanoz gain, orain bere gertukoek ere oso egun luzeak pasatzen dituzte.

epaituaPello Olanok oso urte luzeak pasa ditu. Sei urte pasa dira ordutik hona, eta orain absolbitu egin dute, ez dagoelako aski frogarik erruduntzat jotzeko. Ergo, ez zegoen aski frogarik atxilotzeko. Baina Pello Olanok oso urte luzeak pasa behar izan ditu.

Jose Maria Aznarrek egun luzea pasa du, bidai, bazkari eta hitzaldi artean. Bere jauregira itzuli da. Kuriosoa da, zeren eta aski froga badaude jakiteko Jose Maria Aznarrek misil bat baino gehiago bota dituela herritar errugabeen aurka. Fikzio telesail bati begira, Jose Maria Aznarrek lasai besarkatu du loa. Badaki bera ez dutela absolbituko, inoiz epaitu ez dutelako.

Epaitua soilik absolbitu daiteke. Epaitua soilik absolbitu daiteke, epaitua soilik.