Tabakalerako zine eskola berriko zuzendariak ez daki euskaraz
Tabakalerako zine eskola berriko zuzendariak ez daki euskaraz
Gorka Bereziartua Mitxelenak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean egin du salabardoak jaso duen salaketa.
Joan den astean jakin genuen Carlos Muguiro izango dela Tabakalerako zine-eskola berriko zuzendaria. 1966an Elizondon jaioa, Madrilgo Erkidegoko Zine Eskolan (ECAM) aritu da orain arte, zinema dokumentaleko espezialitatean. Lau filmen egilea da Sergio Oksmanekin batera (Tabakalerako atzera begirako foku bat eskaini zieten iazko urtarrilean, portzierto).
Medioetan hainbeste komentatu ez dena zera da: Muguirok ez dakiela euskaraz. Martxoan aurreratu genuen Gipuzkoako Foru Aldundia zuzendari bila zebilela Egiako fabrika zaharberrituan martxan jarri nahi duen proiektu berrirako; eta postu horretarako baldintza-pleguetan ez zuela hizkuntza eskakizunik jarri.
Baldintza minimorik ez jartzearen ondorioa da, beraz, zine-eskolako buruak ez edukitzea garrantzi gutxiagoko postuetarako eskatzen den hizkuntza perfilik. Edo faktoreen ordena alderantzizkoa izan da? Bada gai honi buruz hitz egitean hori uste duenik ere, alegia, zuzendaria nor izango den aukeratu ondoren argitaratu direla eskola zuzentzeko lehiaketaren baldintzak, kontu handia edukiz hautatutako pertsona izendatzea oztopatuko luketen trabarik ez jartzeko.
Nolanahi, hizkuntza-gaitasunari garrantzirik ez ematea ohikoa bihurtzen ari da Donostiako egitasmo kultural garrantzitsuen zuzendaritzak hautatzerakoan, gogoratu besterik ez dago Donostia 2016ko zuzendariarekin gertatutakoa. Bi kasuen arteko diferentziak ere badira, noski: hau ez da hain proiektu gizena, batetik; eta bestetik, große Koalition gipuzkoarraren barne-dialogoan honek ez du emango eztabaida txiki baterako ere. Gaia ez dago alderdien agendan. Edukiko al du lekuren bat Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariarenean?
Ez da harritzekoa. Lehengo larunbatean tabaqualeran izan nintzen Nicolas Peredaren filma ikusten, eta saioaren aurkezleak, zuzendariari hitza eman aurretik, esaldi bat besterik ez zuen euskaraz egin. Gaizki gainera.