Angelaren apologia

Angelaren apologia

Orain dela urte batzuk, ezagutu nuen lankide bat, euskal tipiko topikoa zena. Menderaezin erradikal horietako bat. Gaztetan izandako ideologia eta ideia berberak mantentzen zituen, edo are eta okerragoak (nire ikuspuntutik, jakina), denborarekin gogortutakoak, enkistatuak bezala, ezin sekula kenduzkotzat zituenak. Esango nuke, barne borroka bat zuela, bere hartan mantentzeko, zin egina bezala, beste iritzi eta teoria berriek kutsatu ez zezaten edo.

Ez dakit non dagoen arrazoia baina nire iritzian, euskaldunok (euskaldunen arteko zati eder batek, zati zaratatsu edo islada handiagoa duena, harrotasunez agertu izan den zati horrek) izan dugu -diot- iraultzarako joera bat bezala, instituziorekiko urruntasun edo aldentze kroniko-ideologiko bat bezala, boterearekiko mesfidantza bat arrazoizkoa dena baino haruntzago doana, ezkertiar bezala agertzeko derrigortasun bat bezala, eta abar luze bat zentzu horretan. Irakurleak badaki zertaz ari naizen.

Badirudi pertsona jatorra eta eskuindarra izatea oso gauza bateragaitza dela.

Abertzale munduan zer esanik ez. Ezkerra ez den abertzaletasuna, ez da benetakoa, txantxetakoa da, sozialismorik gabe, aberririk ez. Klase borrokak askapen nazionalaren forma hartzen du Euskal Herrian. Gora Maiatzaren lehena! Dio Arnaldok bere txio baten. Abertzaletasunetik kanpo, deus ere ez.

Angelaren apologiaLangilegoaren defentsan, ezkerra. Eskuin bozkatzen dutenak, tuntun hutsak dira, ignoranteak, gehienek beren interesen aurka dihardute. Lanpostuak denak behin betirakoak behar lukete izan, zenbat eta funtzionario gehio hobe. Herri eskolako umeak errekreo orduetan zaintzen dituen andere mordoxka ere, fijo eta funtzionario egingo balituzte, hobe. Ordu pare bateko funtzionarioak. Eta ez da txantxa, aste pare bateko greba ere jasan genuen asunto hau zela eta. Despidoak debekatuta. Donostiako Boulebarrean ikusi nuen behin pankarta bat, 15M mugimenduaren inguruan Dinero gratis-Banca pública zioena eta ondo pentsatzen jarrita akaso hori izango litzateke pobreziaren aurkako behin betirako erremedioa. Enpresariak, denak maltzurrak, langilegoa esplotatuz, plusbalio ederrak erauziz, edo bestela iruzur bitartez aberastu direnak, egoista kapitalista zikin batzuk. Merkatu librea esaten duten hori, dena gezurra; la libertad de las gallinas y el zorro, esaten zidan langile tipiko-topiko hark. Gaur egungo egitura legala, dena aberatsek egina, beren interesen defentsan eraikia eta langilegoaren kontrakoa.

Nazioarteko desberdintasunak ere argi eta garbi zituen; Iparamerikarrak txar-txarrak, gaizto-gaiztoak, maltzur-maltzurrak; Errusiarrak berriz on-onak, zintzoak, egoerak bultzatuta edo, batzuetan oker, baina intentzio onarekin beti. Amerikarren ekipoan Erresuma Batua, Israel, Espainia bera… Errusiarren ekipoan, Kuba, Venezuela, Ekuador, Palestina… Palestina eta Israelen arteko gatazkan zer esanik ez. Zalantza izpirik ere ez.

Europa mailan, gure bazkideekiko iritzia ere, zuri edo beltz (gehienak beltz, egia aitortu behar bada). Greziak pasa izan dituen gora-beheretan (ahaztu gara dagoeneko beraien miseria gorri eta goseaz; Non eta zertan ote dabil gure Alexis?), ikusi egin behar nolako jarrerak behatu izan ditugun. Gogoan dut gureganatuta den Alvarez Solisek bota zituenak, la sangre que los trabajadores griegos deben derramar por las calles, eta horrelakoak idazten. Greziar gizarajoek gure baldintzarik gabeko solidaritate handiena jaso zuten, eta Alemaniako Merkel andereak berriz, nola esan, a ze nolako gaizki esanak, ze kritika, ze irain eta ze errieta, zorrak bere horretan barkatzearen kontrakoa zelako.

Merkel anderea lehen Alemania Demokratikoa (sic) deitzen zitzaion haretan jaio, hasi eta hezitakoa da, ongi daki irakurleak. Ongi daki -Angelak- ezker-komunista ziren herrialde haietan nola bizitzen zen eta nola kudeatzen zen egunerokotasuna.

Siriatik ihesi datozen errefuxiatuei buruz ere, kritika huts, erraz botatzen diren horietakoak jasan ditu. Kanpotik, hemendik, oso politika maltzurra dela berea, zekena, Inpernuko Etsaia bezain gaiztoa izango balitz ere merezitako bezalakoak; barruan, beretarrak kexati badiren arren, eskuzabalegia dela leporatzen diotelarik, datozen hauteskundeak galtzeko zorian. Begirada bat bota dezala irakurleak Erresuma Batura eta zorioneko Brexit horri, edo Frantziara, Le Penek esaten dituenei (beste makina bat aipatu gabe), eta kontuak atera zuk zeuk nun ote den arrazoizkoen jarrera.

Trumpek Estatu Batuetako hauteskundeak irabazi zituenean, hauxe bota zion Angelak; “demokrazia, askatasuna eta errespetua, gizakien beren jatorria, kolorea, erlijioa, ideologia politiko, genero eta orientazio sexuala edozein izanik, balio hauek oinarri hartuta, hurrengo Amerikar Estatu Batuetako presidenteari nire lankidetza estua eskaintzen diot munduaren erronkei aurre egiteko”. Ez dira berba txarrak.

Guk uste dugu, beste inor baino trebeagoak garela, argiagoak, azkarragoak, gure ikuspuntua da zuzena, europar herri zahar horiek ez dakite benetako bizitza nola bizi behar den. Urte luzeetan demokrazia aspergarri baten menpe bizi izate horrek, lotaratu egin ditu. Guk ditugun eztabaida eta burutazioak, gure freskotasuna, ausardia, borrokarako alaitasun hau, espiritu kritiko jator hau ez dute beste inon.

Nabaritzen dut, ordea, irakurle, Euskal Herri berri honetan, udaberri berri bat bezala, loratze berezi eta indartsu moduko bat datorrela. Jendeak askatasun pertsonal bat barneratu balu bezala, orain arte esan ezin ziren gauzak azaltzeko gose bat. Egon poliki!!

Txema Monterok, HBko eurodiputatu zen garaian egin zioten elkarrizketa batean, aitorrezinezko aitortza bat egiteko eskatu ziotenean, Julio Iglesias gustuko zuela aitortu zuen.

Ba nik, zer egingo diogu ba irakurle, beste aitortza bat, Angela dut maite.

Angelaren apologia Angelaren apologia  Angelaren apologia Angelaren apologia Angelaren apologia Angelaren apologia
Angela Merkel, eskuina

Zer duzu buruan “Angelaren apologia”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude