Sumer, mitoaren sehaska
Sumer, mitoaren sehaska –
Jainko-jainkosez eta mitoez hitz egitean berehala datozkigu gogora Greziakoak, beraienak bailiran antzinateko mito bakarrak. Haatik, mitoaren sehaska ikertu nahi badugu, urrunagora jo beharra daukagu, denboraren iluntasunetan idazkeraren aldetik lehen urratsak eman zituen Sumer zaharrera, hain zuzen. Kristoren aitzineko hirugarren milurtekoan ikur kuneiformez idatzitako buztinezko taulatxoak zabaldu zituztenez gero, horiek aztertuta, gaur zertxobait badakigu sumeriarren bizimoduaz eta kulturaz. Taulatxo horiei esker, gaur sumeriarren jainko eta jainkosen izenak eta ekintzak ezagutzen ditugu, neurri handi batez, bederen. Gaur idazkera zaharragorik ezagutzen ez dugunez gero, ausardi handiz bada ere, erran dezakegu Sumer izan dela gizateriaren mitoen sehaska.
1.- Sumeriarren panteoia
Dirudienez, hastapenetan Nammu izeneko itsaso handia zegoen eta ondoren haren baitatik Enmil jainkoak lurra eta zerua banatu zituen. Banaketa hori gertatu zenez geroztik, An jainkoa zeruaz jabetu zen eta Enki lurraz. Geroago Nanmu, Enki, Nimmah eta beste dibinitate batzuek, buztina erabiliz, Hamildegi Handiko Argia (Apsu deitzen zutena) landareak, zuhaitzak, animaliak eta gizakiak sortu zituzten.
Sumeriarrek pentsatzen zutenez, mundu honetako gizarteak eta antolamenduak, gizakiak jainko-jainkosen mundua imitatuz sortuak ziren. Hori dela eta, beraien dibinitateak antropomorfoak ziren, hau da, giza itxurakoak. Ainitzetan gizaki berberak baino gizakiagoak ziruditen, jan, edan, lo, mozkortu eta borroka egiten baitzuten. Hau da, Sumerreko herritarren antzera bizi ziren, sumeriarren bizimodu bera eginez.
Sumeriarrak sakabanatuta bizi ziren, zenbait herri eta eskualdetan barreiaturik, hori dela eta, tokian tokiko dibinitateak zituztela dirudi. Dena den, baziren zenbait jainko-jainkosa eta mito eskualde eta hiri guztietan gurtzen zituztenak. Lehen hirukote kosmikoa An zeruko jainkoaz, Enki lurrekoaz eta Ennil izenekoaz osatua zen. Antzinateko euskaldunen antzera, bazuten hirukote astral bat: Zu-En (Ilargi), Ud edo Utu (Eguzki edo Eki) eta Inanna (sorrerako jainkosa ama). (Gure Lur-en antzekoa ote?)
Aipatu bi hirukote horiez gain, baziren jainko eta jainkosa ugari, bigarren mailako pertsonaiak izan zitezkeenak. Adibidez: Nergal, lurpeko munduko jainkoa eta Inannaren ahizpa zen Ereshkigal emaztea, Ishkur, ekaitzaren jainkoa, Ninurta jainko gerlaria, Dumuzi, nekazarien jainko babeslea, Ningishzida, Ningursu… eta abar luze-luzea.
2.- Sumeriar mitoak eta haien ezaugarriak
Gaur egun oso ongi ezagutzen ditugu Sumerreko mitoak, garai bateko dubsar edo eskribauei esker. Garaiko deskribapenak, kontakizunak eta otoitzak literaturaren lehen urratsak zirela erran daiteke, etengabeko errepikapenen bidez kontatzen zituztenak. Gaiaren aldetik xumeak eta sinpleak ziren arren, ongi mantentzen zuten kontakizunarekiko izpiritu eta lilura. Eskribauek izpiritu mitiko handiaz idazten zuten, unibertsoaren hasieraz, jainko-jainkosen sorreraz, sortzearen kultuaz, gizakiak unibertsoaren barruan duen eginbeharraz, gaiztakeriak dakartzan kalteez, gudateez, uholde eta eurite handiez, eritasunez… etengabeko aipamenak eginez. Gizakiak naturaren indarren aurka etengabean jokatu beharreko borroka zen abantzu testu guztietan azaltzen zen gaia.
Sumeriar mitoekin sei multzo egin dizakegu. Horratx:
1.- Mito kosmogonikoak, hau da, sorrerarekin loturikoak, hauek dira garrantzitsuenak. Aipa ditzagun honako hauek: Ennil eta Nennil-ek Ilargi jainkosaren berri ematen dutenekoa, Enki eta Ninhursag-ek sumeriar paradisuaren berri azaltzen dutenekoa, Enki eta Ninmah-ek gizakiaren sorrera azaltzen digutenekoa, Lahar eta Asnnan-ek nekazaritzaren hastapenen berri ematen dutenekoa, landareen sorrera azaltzen duen hierogamia kosmikoa deitu izan dena, Sumerren izan zen uholde handiaren oihartzuna dakarkiguna, eta abar.
2.- Bigarren multzoan, gizartearen antolakuntzarekin loturiko mitoak sar ditzakegu. Adibidez: Enki eta Sumer izeneko kontakizunean orduko zibilizazioaren antolakuntzaz eta garapenaz egiten dute gogoeta; Eangurra izeneko mitoan, Apsuko Eangurra izeneko tenpluaren sorreraz mintzo zaizkigu, Enkiren kontakizun batean munduaren oinarrizko antolakuntzaren berri ematen digute, Nannak Nippurrera egindako bidaia izenekoa, Dumuzi eta Enkinduren istorioa, Emesh eta Entenen ibilerak… eta abar.
3.- Hirugarren multzoan heroien inguruko ibilerak eta kontakizunak ditugu.
Egiazko kantu epikoak direla erran genezake. Garrantzitsuenak hauek ditugu: Enmerkar eta Arattako nagusia, Enerkar eta Ensukushiranna, Lugalbanda eta Enmerkar, Enmerkar, Lugalbanda eta Urrun Mendia, Gilgamesh eta Kisheko Agga -Uruk hiriaren sorrera kontatzen diguna-, Gilgamesh eta Biziaren Herria, Humbabaren heriotza, Gilgamesh, Enkidu eta infernuak, Gilgameshen heriotza… eta abar.
4.- Laugarren multzo honetan Innana jainkosari buruzko istorio eta kontakizunak sar ditzakegu. Mito hauetan dibinitateen eta gizakien arteko harremanak dira mintzagai. Garrantzitsuenak: Innana eta Shukallituda, Inanna eta Enki, Zazpi jakitunak,,, eta abar.
5.- Beste bizitzari buruzko mitoak dira bosgarren multzoa osatzen dutenak.
Narrazio hauetan hil ondorengo bizitza dute gai nagusitzat. Garrantzitsuenak: Dumuziren heriotza, Innana eta Bilulu, Innanak infernuetara egindako bidaia, Lil jainkoak, hilobian zela, berpizteko erakutsi zuen gogoa… eta abar.
6.- Eta azken multzo honetan gainerako mito guztiak, bestelakoak direnak, sar ditzakegu. Adibidez: Kurren hondamendia, Marturen uztaia… eta abar.
Gauza ainitz zor dizkiogu Sumer zaharrari, horietako bat, gizateriaren mitoen sehaska izatea, Sumerrekoak baitira gaur ezagutzen ditugun mitorik zaharrenak. Buka dezagun artikulu moduko hau, Gilgamesh handiaren berri ematen diguten bi paragrafo lerro hauetara ekarriz:
Gilgameshek bere armak garbitu
eta distirarazi zituen,
garbitu zituen bere adats luzeak
eta sorbalda gainean jarri zituen;
gudatean zikindutako jantziak erantzi
eta berriak jantzi zituen,
ber denboran tunika ongi jarri zuen.
Gero tiara batez burua estali zuen.
Isthar jainkosa handiak berehala
zuzendu zituen bere begiak
Gilgameshen gorputz ederraren aldera.
…
Hator Gilgamesh! Izan hadi nire maitalea!
Emaidak hire maitasuna!
Izan hadi nire senarra
eta izan nadin ni hire emaztea!
Harribitxiz eta urrez
apainduriko gudagurdi eder bat
prestatuko diat hiretzat.
Gurpilak urrezkoak izanen dituk
eta orga zilar eta urrezkoa.
Ihi aha, oso ederra Ishtar, baina elkarrizketaren segida aski mikatza. Kontua da Gilgamesh-k azak eman zizkiola eta irain itsusiak arpegiara bota zizkiola, mutiriki. Ondorioen ondorioz, azkenean, istoria gaizki bukatuko da, Gilgamesh-entzat bederen.