Serierik onenak
Serierik onenak
Ikusi ditudan hiru serie onenak zeintzuk diren galdetuko balit baten batek, seguru asko honakoa erantzungo nioke: Sopranotarrak, The Wire eta Breaking bad. Baina zergatik ausartzen naiz hain lotsagabeki aitortzera halakorik?
Lehengo batean ere esan nuen Sopranotarrena izan zela ganoraz ikusi nuen lehenengo seriea. Berak urratu zuela bidea nigan duela hiruzpalau urte eta harrez gero ez diodala utzi niretzako modukoak diren seriak bilatu eta ikusteari. Hala etorri dira ehunka atal, bata bestearen atzetik. Hori, bederen, zor diet Sopranotarrei, birjintasunaren nolabaiteko galtzea. Baina ez hori bakarrik, jakina, esango nuke serieek gaur eguneko kultura kontsumoan duten garrantzia ere eurekin zitzaidala bistaratzen hasi.
Zazpiki hutsa naizenez, niretzat pentsatu nuen: zinearenak egin du, eta literaturarenak ere argi ibili. Jakina, esajerazio bat zen pentsamendu hori, idazleok beti baikagiltza gauza guztien heriotza aldarrikatzen, nobelarena kasu. Baina gutxi edo asko horixe pentsatu nuen, zaila zeukatela zineak eta literaturak zetorrenari aurre egiten.
Gaur beste modu batera pentsatzen dut eta iruditzen zait serieak ez liratekeela deus zinea eta literatura gabe. Eboluzioa baizik ez dela gainean daukagun olde hau guztia, nekez aurkituko dugula serieetan adina literatura eta zine onik beste inon…
Gogoeta txoroak, seguru asko, baina itzul nadin lehengo erretenera, zergatik aipatu ditut hiru serie horiek eta ez beste batzuk?
Sopranotarrak ikusi nuen egunetatik hona denbora apur bat iragana da eta ni bezalako memoria kaxkardunok ez dugu hilabete batzuetara ia ezer gogoratzen. Inoiz edo behin idatzi izan dut ahaztearen gai horretaz, baina liburuen irakurketarekin lotuta: Zertarako irakurri liburuak, gero ahaztuko badira?
Sopranotarretatik gogoratzen naiz, batez ere, Tony Soprano txabusina zatar bat jantzita ateratzen zela goizero lorategiko sarreran uzten zioten periodikua jasotzera. Gero eguneroko gertakariei egiten zien aurre eta, ahal zuenetan, psikoanalistarengana joaten zen bere gora-beherak kontatzera. Amak, emazteak eta seme-alabek ere ematen zioten bai, nahikoa lan… Mafiako buruetako bat izaki, ordea, erabaki itzelak hartu behar izan zituen, nola etxekoekin hala kanpokoekin.
David Chaseren kontakizuna, ez Chicagon eta ez Los Angelesen edo New Yorken, baizik eta New Jerseyn gertatzen zen eta hori ere berria zen niretzat, ohiko zirkuluetatik haragoko AEB bat erakusten baitzuen serieak.
Esan beharrik ez dago, kontakizuna bikain eramanda zegoela atalez atal bertikalki, eta hori gutxi bailitzan, nik azenarioa deitzen dudan macguffinak ere bikainak zirela zeharkako kontaera horizontalarentzat. Aparteko irakurketarik gabe, ikuste hutsa bera zoriona izan zen niretzat, hain zegoen ederki eraikita kontatu beharrekoa, hain ederki zuzendua kamera, hain bikainak antzezleak eta dekoratuak eta musika eta dena…
Beste gauza batez ere oroitzen naiz: Tonyrena zen streptease Bada Bink! izeneko tabernan neska eder askok egiten zuten dantza, baina ez Tonyk eta ez bere lagunek ez zieten begiratu ere egiten ia. Gauza orotara ohitzen den piztia da gizona.
Hala ere garrantzizkoena beste gertaera bat izan zen: halako batean Tony Soprano estimatzen hasi nintzen. Nolabait, ageriko munstro ankerra baizik ez zena maitatzen. Asasino eskrupulorik gabearen gizatasuna ulertu egiten nuen eta horrek aztormanena sortzen zidan, bidegabekeria ez baitut sekula gustuko izan. Nolabait esateko, artelan askorekin gertatu zaidan efektu bera sortu zidan serie horrek: neu naizen hau dardaratu eta kolokan jartzea. Azkar eta sinpleki esanda.
Eta ez nabil Mary Selleyrena moduko Prometeo moderno batez berbetan. Aitzitik, Selleyren Frankestein hura Jainkoarekin lehiatzen zen moduan, Tony Soprano munduarekin eta gizakiarekin baitabil etengabeko borrokan. Batez ere bere baitako gizonezkoarekin, hainbeste zirkunstantziaren arragoan ondutako emaitza humanoarekin. (Ala gaiztotuarekin, beharko nuke esan?).
Gero beste serie batzuetan ere gertatu da hori, munstroa maitatzearen gertaera modako egin baita, Dexter eta The shield kasu, baina horiek beste baterako kontuak dira eta, honez gero, gaur eta hemen aipatu asmo nituen The Wire eta Breaking bad-ek ere egon beharko dute pixka batean, datorren ostirala arte gutxienez, Sopranotarrekiko lilura honek luzamendutan ibiltzera eraman nau eta gaurkoan.
(HBO etxeak The Sopranosi eskainitako orria)
Southland 5X7 atalean, polizia jubilatu alkoholiko batek dio: “Itzalez betetako kaxa bat baizik ez zait geratzen, kaka zaharra ere balio ez duena, eta jarleku bat tabernako mostradorean, hain juxtu, beti atxilotzen nituen artaburuen ondoan”. Hammet, Chandler, Carver eta konpainia bizirik balira, serieak idazten ariko ziratekeen. Kafka bera ere, ez zen urruti ibiliko.