Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia

canario3
Uztailaren bukaera aldera eman zuen ezagutzera Eusko Jaurlaritzak Iñaki Martinez de Lunak zuzendutako “Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia” izeneko ikerketa. Beharbada argia izan zuen garaigatik (udako oporren aurre-aurretik) edo beste arrazoiren batengatik, harritu egin nau lan honek izan duen oihartzun eskasak. Nik, behintzat, apenas aurkitu dudan komentariorik edo iruzkinik. Lerro honen bidez ez dut azterketa sakonik egin nahi, baizik eta hiruzpalau gogoeta labur eskaini, irakurleen arteko gogoeta partekatua eta eztabaida sustatzeko asmoz. Eta deigarria egiten zaidan elementu nagusia hauxe da: elementu subjektiboek (ideologia, sentsibilitate politikoa…) zein garrantzi txikia duten euskararen ezagutzan eta erabileran.

Ikerketan hainbat arlo aipatzen dira: familiako transmisioa, eskola, ingurune soziolinguistikoa, lana… Nire irakurketa arin hau gaur egun betetzen dudan euskara teknikari lanpostutik eginda dago; hortik dator zenbait arlo jakinetara mugatu izana.

Sarreran esan dudan bezala, gehien harritu nauena izan da faktore ideologikoen pisu urria hizkuntza-gaitasunean eta -erabileran. Behin eta berriro aipatzen den baieztapena da, euskararen normalizazioan ari garenok kontuan hartzekoa. Izan ere, zeregin honetan, eta motibazioarekin eta sentsibilizazioarekin lotutako ekimenetan aintzat hartzekoa da datu hau: laneko (eta ikasketetako) erabilera “… nagusiki hiru alderdirekin lotuta dago: lehenik eta behin testuinguru soziolinguistikoa (…); bigarrenik eta hirugarrenik, ia garrantzi berarekin,lehen mailako ikasketetako… eta euskarazko hizkuntza gaitasuna agertzen dira” Beraz, erabileran eragin nahi bada, gaitasunean eta erabilera hori erraztuko duten “giro-baldintzetan” eragin beharko da. Ikerketak berak ondorioetan azpimarratzen duenez, “elebitasun indibidual eta gizarte-elebitasun orekatuak lortzeko (…) ez da nahikoa hizkuntza baten dimentsio subjektiboan esku hartzea (balioetan, iritzietan, jarreretan)…”

Bigarren datua, aurrekoaren ifrentzua, ezagunagoa da: elementu objektiboen pisu eta eragin nabarmena: familia transmisioa, ikasketak, ingurune soziolinguistikoa.

Hirugarrenik, azpimarratzekoa da, nire ustez, oso finkatuta daudela euskararekiko iritzi-joera nagusiak:

  • Euskaltzalea deitzen dena, gehienbat euskararen transmisio egokia eta ikasketa maila ona izan dutenek osatua.
  • Mesfidatia, adinaren faktorearekin lotua, baina bereziki euskarazko gaitasun eza erakusten duten gazteen artean zabaldua.
  • Onarpen Pasiboa erakusten dutenena, euskararen sustapenean egiten dena pasiboki ontzat hartzen dutenek osatzen dutena, baina iritzirik adierazi gabe.

Hiru azpitalde hauek lehendik ere baziren detektatuak (ikus Josu Zaloñaren ikerketa “Euskararen gaineko diskurtsoak lan munduan”, eta lan honetan bertan aipatzen den Esti Amorrortu eta beste batzuen Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak (2009)

Baina hiru azpitalde horiek laugarren bat gehitzen zaie ikerketan:

  • Abantaila Sozialen joera, euskara ezagutzeak sari soziala suposatzen duela uste dutenek osatua. Ikerketaren beste toki batean aipatzen den bezala, gutxi zabaldua dago uste hau gaur-gaurkoz gure gizartean.

Laugarrenik, nabarmentzekoa iruditzen zait Eusko Jaurlaritzak berak sustatu eta bultzatutako lan honetan argi eta garbi azpimarratzea ikerketak eskaintzen dituen datuak eta panorama ikusita ezinezkoa dela 1982ko Euskararen Legeak markatzen dituen helburuak betetzea (“Euskal Herriko herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea” (5. eta 4.artikuluak). Izan ere, “benetako arriskua dago, egungo gizarte-elebitasun desorekatuaren egoerak euskara bazterrean eta atzera bueltarik gabe uztea, urteen poderioz. Errealitatean ez dira inondik ere betetzen eskubide linguistikoak bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak”. Ez da kontu berria; berria dena da Administrazioak bera ondorio hauetara ailegatzea eta horren argi adieraztea.

Bukatzeko, ikerketa honi aurkitzen diodan gabezi nagusia zera litzateke: hain argi eta garratz deskribatu duen egoera honi buelta emateko orduan, azken orrialdeko azken paragrafoan azaltzen diren sei asmo, intentzio, gomendio iradokitzera mugatzea, gomendio baino asmo edo intentzio ontzat har ditzakegunak. Baina, agian, guztion zeregina da honi guztiari aurre egitea, ez?

6 pentsamendu “Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia”-ri buruz

  • Martinez de Lunaren lana bikaina. Jaurlaritzaren (Administrazioa kontzeptu askoz zabalagoa da) jokabidea, ohikoa: inoren azterketa bere egin, ondorioekin kezka agertu, eta ondoren, ondorioei aurre egiteko zero proposamen. Ustezko asmo onak besterik ez.
    Asteon bertan, Urgell eta Patxi Lópezen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana erreskatatu eta onartu du Baztarrikaren eta Urkulluren gobernuak.
    Hirureun eta berrogeitahamar ekintza baino gehiago.
    Duela 30 urtetik, gutxi gorabehera bost urterik behin zerrendatzen diren ekintzak gehien-gehienak, kopipaste astun errepikakorra.
    Ekintza “berri” hauek ere, haurrekoek bezala, ez eperik, ez arduradun jakinik, ez aurrekonturik ez daukate.
    Gizarteari zerbait egiten delako itxura emateko plana da, beste behin ere.
    PP eta
    Honi guztiari aurre egitea euskaltzale guztion zeregina da, bai.

  • PP eta PSOE alderdi euskaltzale porrokatuekin adostutako “euskara sustatzeko” egitasmoa: ESEP.
    Sinesgarritasun gutxitxo, ala?

  • Oso iruskin interesgarria.
    Planteatzen duzun galderari (zergatik apenas erreakziorik ikerketaren eduki eta ondorioei) honakoa erantzungo nioke: “ez diezagula ikerketa batek urtetan sinestutakoa hondoratu”.
    Giroaz ari garela, adibide bat. Bilbon San Mames Barria zena, jada San Mames bihurtu dute. Barria galdu du. Aldiz, atzo, Bizkaiko egunkari batean, 2.020ko Eurokoparako Estatu espainiarrean zeuden hautagaien artean , “San Mames” eta “Cornellá-el Prat” zelaiez gain, Valentziako estadio berriaz aritzerakoan “Nou Mestalla” aipatzen zuen. Horra hor giroaren marka.
    Kataluinara begira omen gaude, baina hizkuntzari dagokionez, hizkuntzaren “giroari” dagokionez (deitu “giroa”, deitu “kale indarra”, deitu “mentalitatea”, deitu hizkuntzaren aldeko jarrera kolektiboa edo testuinguru soziolinguistikoa eta horrek erabilerarengan duen eragina) ez gara ezta Valentziara heltzen, ezta hurrik eman ere.

    • “Kataluniara begira omen gaude, baina” horrekin erabat ados. Badirudi Kataluniako kontsultei eta giza kateei begiratu behar diegula, baina hamarkadetan hizkuntzarekin egin duten lanari kasurik egin behar ez diogula, edo hori gerorako utz daitekeela.

  • Binbaleta, ni harritu nauena zera izan da: jasotzaileon artetik (herritarrok orokorrean, eta “euskalgintza” deiturikoa osatzen dugunongan izan duen oihartzun urria.
    EIban, ados nago zuk aipatzen dituzun gauza batzuekin, baina horrek ez dio kentzen balioa dokumentuari. Nabarmendu ditudan ondorio batzuk gehi aipatu ez ditudan ebste batzuk kontuan hartzekoak direla uste dut. Eta oraindik harrituta naukan ondorioetako bat: elementu ideologikoek duten, antza, pisu eskasa. Ez al zaituzte zuek ere harritzen?

  • Lanaren baliagarritasuna ukaezina da; besterik da agintariek zer egingo duten lanarekin. Nire apustua: ezer gutxi. Egin dute egin nahi zutena, prentsaurrekoa eman alegia. Egoerari erantzuteko lan eta lan ariko balira bezala agertu.
    Eta elementu ideologikoen garrantzi eskasarena… ez da hain harrigarria inguruari erreparatzeko ohitura duenarentzat. Egia esan, erdararen erabilera da nagusi kolore guztietako abertzaleen artean. Eta “nonacionalisten” hizkuntz jokabidea badakigu zein den, ia salbuespenik gabe.
    Alderdi abertzaleetan esperantza gutxi daukat gaur gaurkoz, ezker abertzaletik seinale bat edo beste somatzen den arren, Gipuzkoatik eta hiruzpalau kide nabarmenen aldetik.
    Harrituta naukana da herri-ekimeneko euskalgintzaren isiltasun ozena… Berdin die nork zer egiten duen? Subentzioak bizi gaitu eta kitto? Hobe ugazabei bakea eman, badaezpada?
    Non dira Kontseilua, Topagunea, EHE, AEK-IKA-Aresti, … Guztiak konforme daukagunarekin? Pozik?