Serie kontuak
Iduritzen zait gaur eguneko telebistako serieek zinea eta literaturaren lekua hartua dutela, eta ez apur baterako bakarrik: geratzeko dira etorri. Uste dut David Simon* gidoigile eta seriegileari irakurria diodala inoiz “Gaurko film onenak ez du ordu eta laurden irauten, baizik eta Sopranotarrek irauten duten 70 ordu inguru. Hori bai, pieza bakarraren lekuan, ataletan banatua dago gaurko zinerik onena”.
Gutxi edo asko bat nator Simonen baieztapen honekin: azken urteotan telebistarako eginak diren serieekin hartu izan dudan gozatua, ez daukat ahazteko. Esango nuke, gainera, narratiba berri batzuen garapenaren testigu ari garela izaten, denbora errealean. Zorionez, gainera.
Jabetzen naiz, hala ere, agian beste modu batera behar nukeela hau guztia adierazi boutade moduan gerta ez dadin, bai baitakit gehiegi ari naizela esaten, eta zineak nire belaunaldikoen bizitzetan eduki daukan garrantzia ezin dela gutxiesten ibili, geure formazioaren zati direla Kubrick, Welles, Scott, Fellini, Allen, Coppola, Almodovar, Tarantino…
Baina bai, serieek liluratuta naukate, gainera hain dira erabilgarriak: erosten dituzu diskak, edo hartzen dituzu liburutegian, edo jaisten dituzu lekuren batetik ordenadorera, eta zeuk nahi duzun moduan ikus ditzakezu, zeuretzat egokitutako programazio apetatsua eginez: gaur atal bat bakarrik, gaur bi edo , zergatik ez, hiru ere bai. Ni neu espainierara bikoiztuta edota hizkuntza horretan azpidatzita dauden serieak ikustera nago ohituta.
Hori baino lehen, gehientsuenok bezala, ohituta nengoen serieak telebista pantailetan ikustera, astea joan eta astea etorri, alegia, publizitateak behin eta berriz moztuko zuen atal berri baten zain egotera. House eta horiei guztiei buruz dihardut, jakina.
Ohitura pitzatu zidan seriea Sopranotarrak izan zen, duela laupabost urte. Harrez geroztik beste bat naiz, zinez. Neure nahieran ikusi nuen serie hori eta ezin izan zion telebista pantailatik isurtzen zen beste ezerk aurre egin, ez eta ere inguruko zine aretoetan egiten zuten eskaintzak ere. Tony Sopranoren gorabeherek eta haren munduko biztanleek irentsi eta bahitu egin ninduten 86 atal ikusi nituen bitartean. Halako sentsazioa liburu oso gutxirekin sentitu izan dut ene bizitzan, azkenetakoen artean Bolañoren 2666 datorkit gogora, esaterako. Eta zinean, ostera, Iñarrituren 21 gramo, Babel edo halakoren bat aipatuko nuke, ezer aipatze aldera.
Serieak ikusteko nire modua guztiz primarioa eta inkonszientea zen, telebistaren arboletan berez sortutako oilaskoak bailiran, literaturarekin zerikusi handiegirik ez balute bezala, baina halako batean, serie guztiz kaxkar batean, abokatu ahaltsu batek honela esan zion neska idazkari bati: “sistema honetan ni balea konkordun zimurra naiz eta zu planktona baizik ez, potxola“. Argi moduko bat piztu zitzaidan orduan, esaldi hura neure liburu batean idazteko modukoa iruditu baitzitzaidan, besteak beste. Harrez gero, goi-arnas moduko bat aurkitzen saiatzen naiz serie berri bat ikusten hasten naizen bakoitzean, eta aurkitu izan dut, bai, nahi beste.
Seguru naiz neure antzeko seriezale gehiago ere izango dela ZuZeularien artean eta akaso ez dela kalterako izango serieen inguruko informazioa eta iritzia argitaratzea hemen, tatian potian. Ostiraletan, zer moduz?
Serie txar askoak ere ikusi ditut, jakina, ez baita dena urre, baina gauza bategatik edo beste bategatik, atsegingarri izan zaizkidan serieak nahi nituzke aipatu aurrerantzean, ahal dela spoiler gehiegirik idatzi gabe.
Aipatu nahi nituzke The Sopranos, Breaking bad, The Wire, Borgen eta beste hainbat eta hainbat. Hainbeste dira!
Segur zeuk ere baduzula zer esanik honetaz guztiaz, ala oraindik ere denbora alferrik galtzen duten horietakoa zara beste batzuek zeuretzat programatzen dutenari begira?
——
* Hala ere hemen ez dago inorekin gehiegi fidatzerik, David Simonek berak oraintsu esan baitu gaur dagoen serierik onena Orange is the new black dela, eta hori gehitxo esatea dela iruditzen zait niri. Serie honetako zortzi bat atal ikusiak ditut, ez dago txarto, gauza eder askoak ere baditu, baina ez dauka hemen aipatzen ditugun gainerako serieen adinako gorputz eta arimarik, ez eta ere Simon berak egin dituen beste batzuenik ere: Treme, Generation kill, The corner… Berak aipatzen duen Orange is the new black hau, divertimento soil bat da, antzezle erramilete bikain bat dantzan jartzeko estakuru inspiratu bat, gehienez ere. Estatubatuarrei hain gogoko zaien kartzela-bizitzaren profitamendu inozo xamar bat, deus kolokan jartzen ez duen horietakoa, gaia probestearen probesteaz deus ere ez duena ekarriko, halako behelaino atsegin baten oroitzapena izan ezean… Bistan da serieei buruzko iritzietan “zenbat buru hainbat aburu” dela kontua, finean dena dela subjektiboa eta dena norberaren araberakoa, ezerk ezin duelarik sortu guztiontzat balio duen araurik. Onena, beraz, gutako bakoitza den ikusle horren apetari kasu egin eta begitantzen zaigun horixe ikustea eta hari buruzko iritzia esatea izango da. Asmo ederra, ez da?
(Akordatu, hementxe bertan, ostiraletan 😉
Edarra asmoa, Hasier.
Nik “Utopia” nabarmenduko nuke. Erritmoa, pertsonaiak, istorioa: zoragarriak.
Gaizka Izagirrek sarrera mundiala utzi zuen Argiako bere blogean, serien inguruan.
http://goo.gl/EvR6v2
Gozatu!
Nik, berriz, Aaron Sorkinen ‘The newsroom’ gomendatuko nuke, kazetaritzaren alde idealista aldarrikatzen duen seriea.
Nire gaurko gomendioa: Misfits. Zientzia fikziozko telesail oso kañeroa. Pertsonaiak, muntaia, erabiltzen den musika… Bikaina. Gainera britaniarra, Estatu Batuen monopoliotik at zerbait aipatzearren.
Topikoa bihurtu da esatea “The Wire” dela inoizko telesailik hoberena, baina uste dut Simonsek berriz goia jo zuela Tremé-rekin, zenbait gauzatan aurrekoa gaindituz. Tremek ere ustelkeria, intriga politikoak eta thriller ikutuak badauzka, baina harreman emozionalak gehiago garatuz. Gainera, musika oso ona du.
Bada ere klasiko bat, bere garaian oso berritzailea izan zena: Northern Exposure (Doctor en Alaska).
Txikitan Curro Giménez ikaragarri gustatzen zitzaidan… Igual berriz ikusi beharko nuke, mokordo bat ez zela ziurtatzeko.
Bere garaian bota zutenean horretarako arras harkor nengoelakoz edó, denporapasa pollita eman zidan ‘Yes, minister’ek.
Ederra asmoa!
Eta egia, mantangorri, bikain bikainak Treme eta Northern Exposure ere!
Zerrendarako, gehiegi aipatzen ez den bat, baina serie eta literaturzaleentzako gozatu galanta ekarriko duena: Deadwood.
Eta asteotako afalondoetarako gure etxean programatu duguna, garantiaduna, The killing.
Iñor aurreratu baino lehenago 🙂
Brideshead revisited: Cara (Stéphane Audran) zoragarria eta niretzat ezinbestekoak diren hainbat doinu.
http://www.youtube.com/watch?v=1EC_epUuBD4
Ba nire ustez azken urteetako serieirik …..ena, Homelan, dudarik gabe.
Beste askori, berriz, kroketen itxura hartzen diet: forma ezberdina, baina zapore antzekoa: krimena gertatu eta hiltzailearen bila abiatu.
Guztiz kateaturik egon naiz, nahiz luzeegia izan den. Ez dut irizpiderik ona edo txarra den baiestekoz, baina ni bestelakatu nau. Homeland, zain nago bigarren denboraldiaren.
Ni neu ez naiz zaletu, momentuz. Baina azken aste hauetan “The Bridge” seriera engantxatu naiz. Zergatik eta Juarez Hiriari lotuta dagoelako. Duela hiru bat urte irakurri nuen Bolañoren “2666”, eta oraindik ez naiz errekuperatu.
Ez dut uste serie horrekin gauza bera gertatuko zaidanik. Hasiera potentea izan du, egia esan. Baina 8. atala ikusi eta gero beldur naiz suziri festen ondoren ez ote duen kea besterik saltzen. Ea 9. atala…
Ez dut ikusi bertsio estatubatuar hau, baina ni zu banintz, Kugema, jatorrizkoa ikusiko nuke: BRON-BROEN. Bikaina iruditu zitzaidan lehen denboraldia. Bigarrenaren zain nago orain.Hori bai, Ciudad Juarezik ez dago hemen eta Bolañorekiko oihartzunik ez eta bat bera ere.
Primeran iruditzen zait Hasier egingo duzun lana. Nik uste dut azken aldian, filmak baino gehiago esaten didatela serieek. Neretzat onena Prision Break-eko lehenego tenporada. Katitulo bat ikusi, eta hurrena ikusi behar!!! ze tentsio!!! jajajaja …gauz bat aitortu behar dut…behin lanera gaupasaz etorri nintzen eta ez parrandan ibiltzeagatik! Prision Break ikusteagatik! Hurrengo denboraldiak kaxkarragoak izan ziren…
Weeds-eko lehengo tenporadak ere onak iruditu zitzaizkiten, baina uste dut gero sinisgarritasuna galdu zuela, ama etxekoandrea mafiosaefia bihurtu zuten.
True Blood-ere gogoko nuen hasieran, berritzailea iruditu zitzaidan argumentu aldetik…baino denbora aurre egin ahala asko asko galdu du (azken bi tenporadak oso oso txarrak iruditu zaizkit).
Esperoan gelditzen naiz ostirala iristeko!
Ez galdu, inola ere ez, Boardwalk Empire, Steve Buscemi apartarekin. Kapituluek eta denboraldiek aurrera egin ahala, pertsonaien psikologian sakontasun eta konplexutasunak (gehi historizismo erakargarriak) punta-puntako telesaila egiten dute.
Ni ere The Sopranosekin hasi nintzen, ia gura gabe, eta orain beti nabil telesail onak bilatzen, eta badira asko.
Niretzat onenak (gustuen arabera, noski): The Sopranos, The Wire, Mad Men, Six Feet Under eta Boardwalk Empire.
Breaking Bad, Homeland eta enparauak ez daude gaizki, entretenigarriak dira eta hausnarketa pizten dute, baina ez daude aurrekoen mailan, apartak izateko borobilak izatea falta zaie.
Good guys, duela gutxi egun batzuk aurkitu dut filmak oso orrialde hau gomendatzen dut, barietatea asko eta bereizmen handiko kalitatea dute https://homecine.net/