Sautrela 474: Juanjo Olasagarre, Errusiar iraultza eta literatura eta Hariak antzezlana

Sautrela 474: Juanjo Olasagarre –

Nobela berriarekin etorri zaigu udaberrian Juanjo Olasagarre, bere hirugarrenarekin. Poz aldrebesa izena du eta liburu mardula dugu, apustu literario indartsua dudarik gabe. Axi eta Joseba bikotea ditu protagonista, eta borroka politikoak eguneroko bizimoduan eta bikote harremanetan nola zertzen diren erakusten digu besteak beste: gay liberazioa, kontraesanak, zaintza, bizipoza, ernegazioa… Askotariko sentimendu eta hausnarketak topatuko ditu irakurleak liburuan, eta ziur aski bera ere ez da sentituko nobelako pertsonaia ugari horien orkestratik oso aparte. Iruñea eta Bilbo artean kokatua, pertsonaia ugariz osatutako nobela bizia da, zer esana emango duena. Olasagarrerekin izango dugu hitzordua, bada, aste honetako elkarrizketan Poz aldrebesa hizpide.

Aurten beteko dira ehun urte Errusiar Iraultza jazo zena eta horren harira iraultza horrek literaturan zer eragin izan zuen aztertuko dugu aste honetako erreportajean. Ikusiko dugu zein zen iraultza piztu aurreko testuinguru sozio-kulturala Errusian eta zein obratan ikus dezakegun nabarmen iraultzaren arrastoa. Errusia eta mundu osoa hankaz gora utzi zuen iraultza horrek literatura ere irauli ote zuen? Edo alderantziz, literaturak ere iraultza bultzatu ote zuen?

Saioaren bukaeran gure antzerki kritikari Jaime Valverde etorriko zaigu Hariak antzezlanaz hitz egitera. Asier Zabaletaren zuzendaritzapean, antzerkia eta dantza nahasten dituen obra dugu, eta haren ezaugarri eta bertuteak azalduko dizkigu Valverdek. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu orobat.

Hau guztia, larunbatean izango dugu ikusgai, 15:00tatik aurrera, ETB1en.

Sautrela 474: Juanjo Olasagarre, Errusiar iraultza eta literatura eta Hariak antzezlana

Osorik ikusteko klikatu hemen

Sautrela 474: Juanjo Olasagarre, Errusiar iraultza eta literatura eta Hariak antzezlana