Sautrela 473: Leire Ibarguren, Sare sozialak eta literatura eta Ez da konprenitzen ahal gerra!
Sautrela 473: Leire Ibarguren –
Maiz gertatzen zaigu ez ditugula ezagutzen inguru-inguruko historia harrigarri ugari; ezustean, gure auzoa izan daiteke ustekabeko abentura eta gertakariak bizitakoa. Halako zertxobait gertatu zitzaion Leire Ibargureni Miren Odriozolarekin. Ezaguna zuen, militante kide mugimendu feministetan, baina halako batean Odriozolak duela hamarkada batzuk bizitakoen berri izan eta horrekin liburu bat osatu behar zuela pentsatu zuen. Halaxe sortu zen Laura esaten zioten, nagusiki Odriozolaren El Salvador-eko gerrillako bizipenak biltzen dituen liburua. Haren lana gerrillako zaurituak artatzen, gerraren latz eta penak, kontraesanak, bizipen eraldatzaileak… denetarik ezagutuko dugu orrialdeotan zehar. Ibargurenek osatutako narrazioa da gidari, baina horrekin batera, Odriozolaren kide izan zirenen ahots ugari ezagutuko ditugu halaber. Aste honetako saioan, bada, horiei buruzkoak izango ditugu mintzagai Ibargurenekin: nor da Odriozola? Nolatan izan da hain ezezagun? Zer irakasten ahal digute haren esperientzia eta bizipenek?
Erreportajean sare sozialak eta literaturaren arteko harremanaz hitz egingo dugu. Sare sozial eta teknologia berriek gure mundua abailan eraldatzen ari dira, baina ba al da horren guztiaren zantzurik egungo literaturan? Islatzen al du literaturak sare sozialetako mundu hori? Eta alderantziz, sare sozialek eragin ote dute literatura egiteko edo irakurtzeko gure maneran? Edonola ere, harreman gazi-gozoa dutela ematen du, ez dutela osoki eta errazki elkar hartzen. Besteak beste gai horiek aletuko dituzte Leire Palacios kultur kazetariak eta Kattalin Miner idazleak.
Saioaren bukaera aldera Asun Agiriano etorriko zaigu, kasu honetan Euskal Herriko gazte literaturako liburu bati buruz hitz egitera. Begoña Durruty idazlearen Cherch’pas à comprendre! / Ez da konprenitzen ahal gerra! nobela grafikoaz izango du hizpide. Istorio lazgarri bezain ederra, haren familian bizitako zenbait historiekin osatu duena besteak beste. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu orobat.
Hau guztia, larunbatean izango dugu ikusgai, 15:00tatik aurrera, ETB1en.
Saioa osorik ikusteko klikatu hemen