Sautrela 472: Martxel Mariskal, Bonbardapeko literatura eta In between days filma

Sautrela 472: Martxel Mariskal, Bonbardapeko literatura eta In between days filma

Martxel Mariskal orain arte, jende askorentzat, poema-liburu gabeko poeta izango zen ziur aski. Batez ere Lisabo taldearentzat idatzitako letrengatik ezaguna bada ere, ibilbide oparoagoa egin izan du aurretik ere. Musikari gisa lan nabarmena egin zuen 90. hamarkadan Beti Mugan taldeko kide izan zenean, eta nobela bat argitaratu zuen gazteleraz 2002. urtean: Me llamo ezequiel y asi sera siempre. Orain bere lehen poema liburuarekin etorri zaigu, Susa argitaletxeak plazaratutako Azken zakatzak-ekin. Mundu aski berezia osatzen duen liburua da, idazkera landu eta indartsuduna. Han azaltzen zaigu itsasoaren iruditegi partikular bat, egungo gizartearekiko ikuspegi kritikoa, gaixotasunarekiko harremana eta beste zenbait kontu. Aste honetako saioko elkarrizketan, beraz, Mariskal izango dugu gurekin, Azken zakatzakekin.

Ezagun denez, apirilean bete berri dira 80 urte faxistek Gernika bonbardatu zutela. Horren harira, aste honetako erreportajean bonbardapeko literatura eta, zehazki, Gernikako bonbardaketaren inguruko literatura izango dugu mintzagai. Iñigo Aranbarri eta Iratxe Retolazak aletuko dizkigute gai horri buruzko xehetasun eta jakingarriak. Nola irudikatu da Gernikako bonbardaketa euskal literaturan? Eta gainontzeko literaturetan? Nola idatzi dute poetek eztanda osteko isiltasunean?

Lur Olaizolak, saioaren bukaeran, In between Days filma izango du hizpide. Naomi Kawase eta Isaki Lacuesta zinegileek osatua, eskutitz-truke bat irudien bidez nola osa litekeen arakatu zuten. Literaturan nobela epistolarrak dauden gisara, kasu honetan korrespondentzia filmikoen generoaren baitan sar daitekeen filma egin zuten Kawase eta Lacuestak. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu halaber.

Hau guztia, larunbatean izango dugu ikusgai, 10:30tatik aurrera, ETB1en.

Sautrela 472: Martxel Mariskal

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen

Sautrela 472: Martxel Mariskal, Bonbardapeko literatura eta In between days filma