Ez da mendekuzko espetxe politika

Ez da mendekuzko espetxe politika

Ez da mendekuzko espetxe politikaBehin edo behin entzun nuen munduan preso politiko gehien zeukan herrialdea zela Palestina (une honetan 1300 lagun daude gose greban), bere biztanleriarekiko proportzioan; ondoren Euskal Herria omen zetorren. Baina nola egiten da hiruko erregela hori? Hiru milioi euskal herritar kontutan hartuta? Zeren eta jakin badakigu borroka egin duen komunitatea dezente txikiagoa dela. Beraz, zifra erreala kontutan hartuta, agian Euskal Herria ez, baina geure komunitateak izan duen preso kantitate proportzionala bai izan dela lehena. A zer nolako domina…

Esan nahi dudana da oso zaila dela euskal komunitatean senide edota lagunen bat espetxean ez daukan norbait topatzea; edo alde eginda, edo torturatua, edo hilda

Pasa den asteburuan espetxe martxetarako izena eman nuen, eta Puerto Santa Mariara (Cadiz) joatea tokatu. Ostiralean 22:30etan atera eta larunbatean 12:00ak alde iritsi ginen; pare bat ordu bertan igaro eta buelta, igandeko 03:00etan etxera ailegatzeko. Erran nahi baita, 2200km eta 28 orduko txangoa bizkarrean genuela heldu ginela etxera. 

Aparteko pasartea izan zen niretzat, baina ohikoa, oso ohikoa, nire aldamenean joan ziren ama-semeentzat. Urteak azaleko zimurretan nabaritzen badira, esan dezala senide batek non uzten duten beren aztarna sakabanaketa kilometroek.

Ez da mendekuzko espetxe politika
Puerto III

Nik bi portu mota ezagutzen ditut, itsasokoak edo mendikoak, eta espetxearen inguruak ez dauka ez batetik eta ez bestetik. Gogor, oso gogor astintzen duen haizea bai; baina hauspoak hauspo eta uluak ulu, kartzela eraiki zuen zerriak adreilua erabili zuen.

Lehenik Puerto III-ra iritsi ginen, gipuzkoar batzuk eta bizkaitar asko. Bertako hormen atzean izan zen Arantza Zulueta abokatua bakartze ziegatan, denbora luzez, otsailean aske geratu zen arte. Bertan daude EPPK-ko 11 preso gaur egun; eta bertan da, baita ere, Iñaki Bilbao. Bilbao egunean hiru orduz baino ez dute ateratzen patio txiki batera, eta ez dauka aukerarik espetxeak eskaintzen duen inolako jarduerarik egiteko. Bi aldiz izan da espetxean, eta denera, oraingoz, 33 urte igaro ditu itzalean. 33.

Handik errepidea gurutzatu, eta inurri ilara Puerto I kartzelara abiatu zen. Han daude beste 11 euskal preso. Parean geneukan atetik atera zen preso bat 2014eko otsailean; ez zigorra bete zuelako, ez aldez aurretik askatasuna eman ziotelako, ezta baimen batengatik ere. Zerraldo atera zuten, hilkutxa batean. Arkaitz Bellon zuen izena, eta zendu baino hiru hilabete beranduago lortu behar zuen bere askatasuna. Donostian 2000. urtean izan ziren istilu batzuetan parte hartu omen zuelako amaitu zuen kristo etxeko kartzela hartan, eta gogor, oso gogor estutu zuten 13 urtez, euskal preso politikoei eskaintzen zaien tratu bera aplikatuz. Espetxean edo espetxealdiaren eraginez hildako 25. euskal preso politikoa izan zen.

Ez da mendekuzko espetxe politika
Puerto I

Askotan entzuten dut espetxe politika hau “erokeria bat dela, mendekuan oinarritutakoa”. Erokeria dela bai, baina mendekua ez du helburu, bitarteko baizik. Iñaki Bilbao EPPK-tik kanpo dago, eta bere egoera salatu duena Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua da; ATA, alegia.

EPPK-k honako irakurketa egin zuen pasa den urtean egindako espetxe martxetan:

“Nazioarteko norbanako eta eragileen babesa garrantzitsua eta ezinbestekoa da edozein borrokak arrakasta izango badu. Baina, herrian bertan borrokarik ez badago, zanpaketari aurre egin eta askatasuna lortzeko borrokarako konpromisorik ez badago, alferrik dira nazioarteko begirale, babes eta bultzada guztiak”.

Ez da mendekuzko espetxe politikaHori estatuak primeran daki. Mugimendu independentista zatikatu eta bere baitan arrakalak sortzea da bere asmoa, horretara bideratzen du espetxe politika. Amnistiaren inguruko irakurketa historikoa honakoa da: gatazkaren sustraiei konponbidea eman behar zaie, bestela jendea kartzelara eraman zuten arrazoi berberek iraun egingo dute, eta ondorioz, errepresaliatu gehiago izango dira etorkizunean eta berdinetan izango gara (77ko “amnistia” testigu). Amnistia, konponbide intregal gisa. Lubakiaren beste aldera jauzi egin eta etsaiaren azalean jarriko banintz berdina eta alderantzizkoa ondorioztatuko nuke: “Presoak ez dira gatazka, gatazkaren ondorio baizik. Ondorioetan enkistatu eta gatazkaren sustraietara jo ez dezaten, elikatu eta fokalizatu dezagun iskanbila ondorioetan; ahuldu dezagun sustraia, mugimendu independentista”. Mendekua irrazionala da; inperioaren estrategia ez.

Nazioarteko edozein laguntza baina beharrezkoagoa da presoak kalean ikusi nahi ditugun guztiok horretaz jabetu, eta etsaiak bagina bezala ez tratatzea elkar. Senak esaten dit estatua izorratzeko jarrera onena dela hori.

Ez da mendekuzko espetxe politika  Ez da mendekuzko espetxe politika

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.