Formazioa, zintzotasunez

Formazioa, zintzotasunez –

Formazioa, zintzotasunezHerri bakoitzak zer ekoiztu, nola eta zer jan nahi duen erabakitzeko eskubidea izan behar du. Bide horretan, elikadura burujabetza lortu nahi duen gizarteak hainbat pausu eman behar ditu: erakunde eta gobernuek ekoizpen ereduaren aldaketa bultzatuko dituzten politiken aldeko apustua egin behar dute, gizarteak bertako produktuaren kontsumoak duen garrantziaz jabetu behar du, eta guztien oinarrian daudenek, baserritarrek, gizarteari kalitatezko elikagaiak eskaintzeko, ingurugiroaren zaintzan jarraitzeko zein landa inguruneak bizirik mantentzeko lanean hobetzen jarraitzeko formaziorako aukera izatea beharrezkoa dute. Ekoiztea ez baita, merkatuak elikagaiez betetzea bakarrik.

Etorkizunerantz abiatu nahi duen edozein gizartek ezinbestekoa du formazioa. Ikastea haztea da, aberastea. Gauzak egiteko modu berriak ikastea, edo dakizkigunak hobetzea lortu nahi dugun eredurantz pausoak emateko bidea da. Azkenaldian zoritxarrez, formazioaren izenean emandako atzerapausoak ezagutu ditugu, eta horietako batzuk gainera, Ebro ibaitik gorako eremuan. Nonbait, eta prentsan irakurri ahal izan dugunez, UPNren gobernuarekin sinatutako akordioen bitartez 2,5 milioitik gora bideratu dira, ustez bete ez diren formazio ekintzetara. Ezin dira diru-laguntzak bideratu, nahi gabe edo hala nahi izanda, batzuk saritu eta besteak kaltetzeko helburuarekin, jakinik gainera, horrela jokatuz gizarte osoa dela galtzaile.

Diru-laguntza publikoak, hitzak dioen moduan, publikoak dira. Ez dira batzuei zehazki zuzendutako diru-laguntzak. Deialdiek ez dituzte siglak itsatsita. Deialdi bakoitzean zehazten diren ezaugarriak betetzen dituzten edozein elkarteak izan behar du diru-laguntza horiek jasotzeko eskubide berdina. Ondoren, oinarrietan objetiboki zehaztutako puntuazio irizpideak izango dira onuradun zein den zehaztuko dutenak. Ezin dugu onartu, gobernu bakoitzean nork agitzen duen arabera, diru-laguntza publikoen erabilera pribatua egitea, batzuei sariak emanez eta besteak esku hutsik utziz. Gobernuan daudenek, Nafarroako bizilagun guztien dirua gestionatzeko ardura dute, eta arduraz jokatu behar dute. Larria da, gainera, karta horiek (deitu subentzio edo diru-partida publiko) alderdiko lagunen arteko karta-jokoan banatzen direla ezagutzea, jokoan tranpak eta iruzurrak egitea baimenduz.

Horrelako ekintzekin, ezikusiarena eginez, edo ekipoko kideak bere atean gola sartzeko aukera ahalbidetzen duen unean uneko kontseilariak, ez du soilik diru-publikoaren desbideratzea baimentzen soilik, hain oinarrizkoa den errekurtso batek ere, formazioak, izen ona galtzen du.

Izan gaitezen inteligenteak, joka dezagun hezitako jendearen moduan eta bideratu ditzagun formazioko diru-laguntza publikoak formaziora. Izan gaitezen zintzoak. Eman diezaiogun gizarte osoari errekurtso horiek erabiltzeko aukera, gizarte eta sektore formatu batekin guztiok irabazten baitugu. Aldaketaren oinarria, hezkuntzan dago, pedagogia da elikadura burujabetza oinarri duen gizartea lortzeko bidea.

Formazioa, zintzotasunez

EHNE-Nafarroako presidentea