Sautrela 470: Aritz Gorrotxategi, Sarako Idazleen Biltzarra eta Sisifo maite minez

Sautrela 470: Aritz Gorrotxategi, Sarako Idazleen Biltzarra eta Sisifo maite minez

Aritz Gorrotxategik idazle ibilbide oparoa osatu du azken urteotan. Hamar titulutik gora argitaratu ditu dagoeneko, eta askotariko generoetan murgildu izan da, poesia, nobela zein ipuingintzan. Horretaz gain, lan nabarmena egin du halaber itzultzaile gisa. J.M Coetzee, Philip K. Dick eta Don Delillo-ren lanak euskaratu ditu besteak beste. Hainbat ipuin lehiaketetan sariak eskuratutakoa dugu, eta horietako azkena dugu aurten plazaratu duen ipuin liburua: Zer egingo dugu orain opariekin?. Kutsu soziala duten ipuinak dira denak, gaur egungo gure gizartean kokatuak eta bikote harremanetako zein lan munduko matazak arakatzen dituztenak. Liburuaz mintzatuko gara Gorrotxategirekin, eta baita bere ibilbidearen garapen estetikoaz zein ideia literarioez.

Aritz GorrotxategiHamarkada dezente dira Sarako Idazleen Biltzarra antolatzen dela Pazko astelehenez, eta hari ipiniko diogu arreta erreportajean. Batez ere iparraldeko idazle zein literatura zaleen bilgune bada ere, azken urteotan jauzia egin eta Euskal Herri zabaleko jende ugarik hartu du estimutan. Azoka eta literatur jardunaldiak uztartzen dituen biltzarra dugu, eta literaturzaleen urteko erreferenteetako bat bilakatzen ari da ezarian. Aurten Maiatz aldizkaria omendu dutela profitatuz, biltzarraren historiari errepasoa egingo diogu, eta baita, bidenabar, azken urteotako iparraldeko literaturari ere.

Saioaren amaiera aldera Juan Luis Zabalak Laura Mintegiren liburu bat izango du mintzagai, akaso haren liburu ezagunena: Sisifo maite minez. 2001ean argitaratutako nobela, haren ezaugarriak eta harrera aletuko dizkigu besteak beste. Bukatzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak ere izango ditugu.

Hau guztia, larunbatean izango dugu ikusgai, maiatza honetako saio guztiak bezalaxe 10.30tan.

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen

Sautrela 470: Aritz Gorrotxategi, Sarako Idazleen Biltzarra eta Sisifo maite minez