Sautrela 433: Andoni Urzelai, Xabier Lete eta Hitz nahastuak
Sautrela 433: Andoni Urzelai, Xabier Lete eta Hitz nahastuak
Aste honetako Sautrelan Andoni Urzelai elkarrizketatuko dugu. Bere azken lana, Karanbola toxikoak izango dugu hizpide. Hamazazpi kontakizunez osatutako liburua den arren, pertsonaiak batean zein bestean errepikatzeak, nobelaren gisako batasuna ematen dio liburuari. Besteak beste, kultura ereduari egindako kritikekin eta pertsonaien barne-gatazkak agerian utzita osatu du Urzelaik liburua.
Erreportajean Xabier Leteri begira jarriko gara. Badira bost urte pasatxo gure olerkari eta kantari kuttunetakoa zendu zela. Geroztik mito bilakaturik, nola izango da oroitua haren ondare literarioa? Etorkizunera begira jarrita, Leteren lana atxikitzeko beharraz solastatuko gara Lourdes Otaegi irakaslearen eta Inazio Mujika idazlearekin.
Juan Luis Zabalak Amaia Lasaren Hitz nahastuak poema liburua ekarriko digu. 1977an argitaratutako liburu honek hainbat mugarri ezarri zituen. Batetik, Lasak berak bakarrik idatziko lehendabiziko liburua da, aurreko lanen idazketa senarrarekin partekatu baitzuen. Bestetik, Koldo Izagirrek noizbait esan duen bezala, Amaia Lasa “heldu arte, emakumeak ez zeukan leku propiorik gure literaturan […] Bera da gure literaturaren lehen emakumea, berak dakarrelako lehenengoz emakumea gure letretara”.
Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.