Sautrela 425: Harkaitz Cano, Hamalau heriotzena eta Gauaz parke batean
Aste honetako Sautrelan Harkaitz Cano izango da gurekin. Beti oporretan liburua kaleratu berri du Susa argitaletxearekin, hamalau ipuinez osatutako lana. Kontakizunek zoriontasuna eta honen iragankortasuna dute ardatz. Besteak beste, nerabezaroko gaiak, txirrindularitza giroko gertaerak, safari bat edo presondegira egindako bisita biltzen ditu Canok estilo anitzeko ipuinetan zehar.
Erreportajean gure bertsopaper eta ahozko literaturan ezagutzera emandako gaizkileak izango ditugu aipagai. Badira mordoxka bat: Goizuetako Trabuko, Aiako Jose Frantzisko Tejeria, Estudiante bizkaitarra,… Bada berebiziko arreta jarriko dugu Zarauzko Arrieta aita-semeak Hamalau heriotzena bertsopaperaren gainean egindako ikerketan. Duela bi urte hasi zuten aita-semeek jatorrizko bertsopapera lortzeko bilaketa. Ordutik hona ikertutakoak eta hemendik aurrera argitu beharrekoak zeintzuk diren kontatuko digute.
Azkenik, Jon Miranderen lan batekin etorriko zaigu Beñat Sarasola: Gauaz parke batean, ipuin bildumarekin. 1984an argitaratu zuen lana Elkar etxeak.
Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.