Sautrela 373 saioaren aurrerapena (Isaac Rosa)
Larunbateko saioan Espainiako literaturako izen garrantzitsu bat izango dugu gurekin: Isaac Rosa. Sevilla-n jaio zen 1974an baina aspalditik bizi da Madrilen. Belaunaldi berrietako idazle nabarmenetakoa da kritikarien arabera. Hainbat nobelen egile, artikulugintzan ezaguna da halaber Público egunkarian argitaratutakoengatik esaterako. Besteak beste El vano ayer eta El país del miedo nobelak idatzi ditu eta berriki, berriz, La habitación oscura, bere hondarrekoa. Nobela bizi bezain itogarria, neurri batean belaunaldi baten erretratu ere badena eta baita bizitzea egokitu zaigun gizarte hiperkontrolatu eta paranoikoarena ere. Nobela horren karietara gonbidatu dugu gurera eta hari eta bere ibilbideari buruz mintzatuko zaigu. Rosa gurean ikusteko parada bakana inondik ere.
Erreportajean opera primak izango ditugu hizpide. Idazleen lehenengo lanak urte luzetan gogoratzen dira zenbaitetan. Idazle berri baten plazaratzea bideratzen dutelarik, arreta berezia eskaintzen zaie sarritan. Alabaina, beste zenbaitetan zama ere izan daitezke sortzen duten ikusmin gehiegizkoa asetzeko gai ez direlako. Ze garrantzia dute opera primek idazle baten ibilbidean? Erakusten ote digute idazlearen obran ondoren etorriko denaren zantzurik? Ze opera prima gogoratzen ditugu euskal literaturan?
Saioaren amaiera aldera Beñat Sarasolak XX. mendeko euskal idazle handienetako baten lana ekarriko digu; Txillardegi-ren Peru Leartzako. Ezagun denez, Txillardegi izan zen modernitatearen zantzuak euskal nobelagintzara ekartzen lehenengo idazleetako bat Leturiaren egunkari ezkutua-rekin, eta haren ondorengoa izan zen hain justu Peru Leartzako. 1960an argitaratua, gara hartan boladan zegoen existentzialismoaren eragina duen nobela dugu.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.