Sautrela 370. saioaren aurrerapena
Aste honetako Sautrela berezi xamarra izango dugu. Izan ere, monografiko bat prestatu dugu argitaletxe berrien inguruan. Alarma hotsak ari dira entzuten azken urteotan industria editorialean: geroz eta gutxiago saltzen dela, tiradak murriztu behar direla, argitaletxe handiak txikiak irensten ari direla, argitaldari independenteak desagertzen… Liburu elektronikoaren balizko goraldia eta horrek ekar lezakeen paperaren beheraldia ez aipatzearren. Panorama aski apokaliptikoa marrazten dute ez gutxik. Gurean, gainera, egoera orokor horri gure merkatuaren txikia gehitu behar zaio.
Aitzitik, sortu sortu dira azken boladan zenbait editorial txiki berri gure artean. Liburu bereziak argitaratzen dituzte zenbaitek, itzulpenak beste batzuek, baina denek ere xumeki baina hutsik gabe eskaintzen digute urtero titulu berri interesgarririk. Arestian aipatutako egoera latz horretan halako egitasmoak sortzera nola animatu diren galdegin diegu geure buruei. Nola egiten duten beren proiektu horiek ekonomikoki bideragarriak izateko. Nola zabaldu eta saltzen dituzten liburuak, ze harrera duten publikoaren aldetik. Argitaletxe horietako batzuk dira Meettok, Denonartean, Edo eta Pasazaite. Horietako batzuekin bildu gara beren inguruko xehetasunak emateko.
Monografikoaren ondoren Beñat Sarasolak euskal literaturako nobela beltz sonatuenetako bat ekarriko digu: Gotzon Garate-ren Izurri berria. 1981ean argitaratu zen liburu horrek Bilbon kokatutako polizia-istorio bat kontatzen digu Haitz Zumeta detektibe protagonistaren ahotik. Prostituzioa, drogak, ustelkeria… nobela beltzetako elementuak aurkitzen dira kontakizunean, 80. hamarkadako Bilbo grisean kokatua.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.