Hekimenek eta Udalbitzak hitzarmena sinatu dute

Hekimen euskal hedabideen elkarteak eta Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak elkarlanerako hitzarmen estrategikoa sinatu dute.

 Udalbiltza_Hekimen_content

Euskal hedabideen elkarlana bideratzeko sortu zen Hekimen, 2012an, euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzeko helburuarekin. Udalbiltza, berriz, duela urtebete berrantolatu zen, hamar urteko etenaldi behartuaren ondoren, eta hark ere euskararen Herria du ardatz. Euskal Herriaren egituratze eta eraikitze lanetan ari da, eragileekin batera.

Ondorioz, elkar hartu, eta 2014-2015 aldirako lankidetza hitzarmena sinatu dute Udalbiltzak eta Hekimenek. Euskara eta euskaldunon komunitatea indartzea helburu dutenez, uste dute akordioak Euskal Herriaren garapenean jarduteko oinarriak eskainiko dituela.

Bi erakundeetako lehendakariek izenpetu dute akordioa, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean: Hekimenetik Iban Arantzabalek eta Udalbiltzatik Mertxe Aizpuruak.

Akordioa

Hekimen elkarteak Euskal Hedabideen Behategia proiektua martxan jarriko du 2014-2015 epealdian, eta, egitasmo hori gauzatu dezan, Udalbiltzak 2014an 15.000 euroko laguntza bideratuko du, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren bitartez.

Hekimenek Udalbiltzaren Adituen Sarean parte hartuko du.

Udalbiltzaren Fondoko ‘Euskal Herria sendotzen’ programako hitzarmena da

Udalbiltzak bere Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren baitan kokatu du Hekimenekin sinatutako akordioa; hain zuzen, ‘Euskal Herria sendotzen’ programan. Nazio eragileekin hitzarmen estrategikoak egiten ditu programa horretan. Fondoa iazko ekainean jarri zuen abian Udalbiltzak, eta ‘Euskal Herria sendotzen’, iazko irailean.

Hekimenekin egindako hitzarmena, ‘Euskal Herria sendotzen’-eko laugarrena da. Beste hirurak, Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiarekin), euskara elkarteen Topagunearekin eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin sinatu ditu.

 Iban Arantzabal Hekimeneko lehendakariaren adierazpenak

 “Behategiaren proiektua Hekimen elkartearen proiektu estrategikoa da, gaur egungo errealitatea zein den ezagutzeko ez ezik, hurrengo urteetan euskal hedabideek egin behar dituzten urratsak irudikatzen lagunduko digun tresna.

Behategia martxan aurten bertan jarri dugu, EHUko eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakasleen laguntzarekin, eta elkartearen beraren barne egituraketarako baino gehiago, euskal hedabideentzat oinarrizko lanabesa izango dela iruditzen zaigu.

Alde horretatik, Udalbiltzak eskaini digun elkarlana ezinbestekoa da horrelako proiektuek aurrera egin dezaten. Espero dugu aurrerantzean erakunde gehiagoren babesa ere erakartzea. Zalantzarik ez dugu horretan”.

 Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariaren adierazpenak

“Herri baten zutabeetakoa komunikazioa da, eta gure kasuan ezinbestekoa da Euskal Herria aintzat hartzen duten hedabideen arteko lankidetza. Haietako batzuk tokiko hedabideak dira, besteak Euskal Herri mailakoak, eta guztiak dira funtsezko gure Herri hau kohesionatzen joateko.

Euskararen normalizazioan ere ezinbesteko lana betetzen dute Hekimenen baitako hedabideek, euskaldunei informazioa jasotzeko eskubidea bermatzen dietelako.

Euskarazko hedabide ez-publikoak elkar hartuta ari dira lanean duela bi urtetik, Hekimen elkartea sortuta. Euskal Hedabideen Behategia sortu nahi dute, eta Udalbiltzak diruz lagunduko du. Oso proiektu garrantzitsua da behategia.

Hitzarmen honen bidez, nazio mailako bi erakundeok elkarlanean ariko gara aurrerantzean”.

Euskal Hedabideen Behategia

Hekimen elkarteak sortze beretik duen helburu eta egitasmo garrantzitsuetako bat da Euskal Hedabideen Behategia.

Euskararen normalizaziorako erronkan sektoreak duen papera ikusita, behategi bat martxan jartzea ezinbestekoa da, eta Euskal Hedabideen Behategiaren helburua sektoreak eta administrazio publikoek euskararen normalkuntzarako ados ditzaketen zenbait urratsen bideratzea eta jarraipena egitea da:

–       Irismenaren neurketa zehatzak egitea.

–       Hartutako neurrien betetze maila neurtzea; publizitate instituzionalarena, adibidez.

–       Sektorearen egoera islatzen duten adierazleak definitu eta horien jarraipena egitea.

–       Beste hizkuntza gutxitu batzuen esperientzietatik ikastea.

–       Bestelako estrategikotasun eta funtzio sozialaren inguruan ados daitezkeen zenbait akordioren jarraipena egitea.

 

Hori guztia aurrera eramateko, EHUko Kazetaritza fakultateko eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi-ko ikerketa taldeekin elkarlanean da Hekimen.

hedabideak, hekimen, Udalbitza
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude