Sautrela: 367. saioaren aurrerapena (Mari Luz Esteban)
Aste honetako saioan Mari Luz Esteban (Pedrosa de Valdeporres, 1959) izango dugu gurekin. Badira hilabete batzuk Amaren heriotzak libreago egin ninduen poema liburua argitaratu zuela, eta liburuak merezi duelakoan, lekua egin diogu elkarrizketaren atalean. Esteban ezaguna izan da orain arte antropologian eta feminismoan egindako saiakera eta ikerketengatik baina oraingoan sormen lan batekin etorri zaigu, bere estreinakoarekin. Titulutik hasita indar handia duen liburua da, zenbaitetan deserosoa ere bai beharbada, eta lan hori egiteko motibazioak ezagutuko ditugu elkarrizketan, baita bere saiakera lanetatik-eta zerk bereizten duen ere.
Erreportajean, orain bi astekoaren ildotik, idazleak ikusiko ditugu beren irakurketei buruz mintzatzen. Kasu honetan, alde batetik klasikoei buruz jardungo zaizkigu. Merezi al du euskal klasikoak irakurtzea? Ba al dago ezer baliagarririk haietan hizkuntza kontuez landa? Hala bada, zeintzuk dira irakurri beharreko klasikoak? Beste alde batetik, oraindik itzuliak ez ditugun eta luze gabe itzuli beharko liratekeen erdal autoreez arituko zaizkigu. Ze autore edo obra itzuli beharko litzateke? Ze hutsune ditu euskaratutako literaturaren zerrendak?
BeƱat Sarasolak Joseba Sarrionandia-ren lehen lanetako bat berreskuratuko digu: Atabala eta euria. Huraxe izan zen Narrazioak sonatuaren ondorengo ipuin-liburua, ia garai berean idatzitakoa. Ipuin horiei buruz arituko da, bada, Sarasola, Narrazioakekoekin eta ondorengo Sarrionandiaren obrarekin nola erlazionatzen diren erakutsiz.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.